Animaliak

txoriairAireportuetatik gertu bizi diren txoriak goiztiarragoak dira

Hegazkinek sortzen duten harrabotsa dela-eta, aireportuetatik gertu bizi diren txoriek euren ohiturak aldatzen dituzte. Hala, goizetan lehenago hasten dira kantuan, hegazkinen zaratak euren txorrotxioa estal ez dezan. Madrilgo (Espainia) Barajas aireportuan lehenik eta Espainiako eta Alemaniako beste zenbait aireportutan ondoren, hainbat txori espezieren portaera aztertu dute Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko (CSIC) Natur Zientzien Museoko ikerlariek. Batean zein besteetan, txoriek jokabide berbera dutela ondorioztatu dute: aireportuen inguruetan bizi diren txoriak goizago hasten dira kantuan. Horrela, hegazkinen trafikoak eragindako zarata saihesten dute. Izan ere, txorien kantuak garrantzi handia du, emeak erakartzeko eta euren lurraldea defendatzeko baliatzen baitute. Jakina, hegazkinen zarata handiegia denean, txorien kantua ezin da entzun. Ondorioz, kantuan lehenago hasten dira txoriak, hegazkinen joan-etorri handiko uneak ekidinez. Finean, ikerlarien ustez, hiri eremuetako hegaztien moldatzeko gaitasuna erakusten du ikerketak. Batetik, hirien abantailak baliatzen ikasi dute, esaterako, zabortegietan janari asko topa dezaketelako. Bestetik, desabantailen aurrean ere egokitzen jakin dute, adibidez, zarata saihesteko kantuan ozenago arituta; edota, CSICen ikerketak dioen moduan, hegazkinen burrunba ekiditeko kantuan goizago hasita.