Bitxikeria

kaioHegaztiak uxatzeko sistemak aldatu dituzte Bartzelonako Katedralean kaio gor batengatik

Munduko beste eraikin askotan lez, hegaztien zirinak arazo dira Bartzelonako Katedralean. Antxeta nahiz usoak katedraleko bazterretan pausatu ohi dira, eta haien zirinek kalte handia eragiten diote eraikinari. Hori saihesteko, modu sinplea baliatzen zuten Bartzelonako Katedralean: kaioen eraso karrankaren grabazioa zabaltzen zuten bozgorailu bidez, eta antxeta eta usoek beldurtuta egiten zuten ihes. Haatik, antxeta gor batek hankaz gora utzi zien sistema osoa: karranka entzuten ez zuenez, lasai asko pausatzen zen katedraleko pinakuluetan. Jakina, azkenean, gainerako hegaztiek, antxeta gorra lasai ederrean ikusita, karranka entzutean ihes egiteari utzi zioten. Horiek horrela, eraikineko zenbait lekutan ezten txikiak ipini zituzten katedralaren arduradunek. Alabaina, sistema horrek ere kale egin zuen: hasiera batean balio izan bazuen ere, pixkanaka adaxkak eta bestelako zabor puskak ipintzen hasi ziren hegaztiak, habiak egiteko. Hortaz, beste irtenbide bat bilatu beharrean izan dira. Orain, deskarga elektriko txikiak ematen dituen kablea ipini dute eraikinaren kanpoaldean. Hegaztiek kablea ukituz gero, deskarga jasotzen dute. Deskargak ez dira hilgarriak, eta ez omen die minik ematen. Hori bai, oraingoz eraginkorra ei da. Oraingoz...