Ingurumena

hartzakHaragijale handien kopuruak gora egin du Europan

Gizakiaren eta eremu urbanizatuen presen­tziak gora egin ahala haragijale handien egoerak okerrera egiten duela uste bada ere, ­Science aldizkariak argitaraturiko ikerketa batek kontrakoa erakutsi du. 26 herrialdetako 76 ikerlarik egindako ikerketaren arabera, azken hamarralditan igo egin da haragijaleen kopurua Europan. Gainera, lurralde berriak bereganatu dituzte, baita giza dentsitate handiko lekuetan ere. Zehazki, Errusia, Bielorrusia eta Ukrainan salbu, Europako herrialde guztietan lau espezie aztertu dituzte: hartz arreak, otsoak, ipar-katamotzak eta jatunak. Alderatzeko datu nahikorik izan ez arren, haien egoera nabarmen hobetu dela ikusi dute. Izan ere, zenbait lekutan, espezieok desagertzeko zorian izan ziren XX. mendearen hasiera eta erdialdera bitartean. Ikerketaren arabera, egun 17.000 bat hartz arre daude Europako 22 herrialdetan; 9.000 ipar-katamotz inguru 23 herrialdetan; 12.000 otso 28 herrialdetan; eta 1.250 jatun Eskandinaviako bi herrialdetan. Nahiz eta leku gehienetan gizakiaren presentzia eta habitataren eraldaketa handia izan, espezieek jakin izan dute egokitzen. Hau da, gizakiarekin aldi berean bizitzeko gaitasuna izan dute. Gorakada hori azaltzeko, hainbat arrazoi aipatu dituzte ikerlariek; nagusia espezieok babesteko Europako Batasunak ezarritako arauak. Izan ere, horretarako neurriez gain, espezieok eragindako “kalteak” ordaintzeko bideak ere ezartzen ditu Europako Batasunak. Batzuk zein besteak batuta, gizakiek harturiko lurraldeetan ere espezieok biziraun dezaketela uste dute ikertzaileek. Nahiz eta, leku askotan ikusi izan den moduan, harremana gatazka­tsua izan daitekeen: animalion, batez ere otsoen, erasoen kexu diren abeltzainak ez dira gutxi Europako hainbat lekutan.