Galdutzat jotzen zen euskarazko lehen filma aurkitu dute

ikusgarri

André Madré jeneral hazpandarrak 1956an egindako Gure Sor Lekua filmaren kopia mutu bat kausitu du Josu Martinez zinemagile eta EHUko ikerlariak (Bilbo, 1986). Hau da, euskarazko lehen filmaren kopia bat. Galdutzat jotzen zen Madréren lana, eta ezer gutxi ezagutzen zen filmari buruz. Esaterako, euskaraz egina zela. Berez, Martinezek etxe partikular batean topaturiko kopiak ez du soinurik, baina pelikula euskaraz zela baieztatu dute garaiko zenbait prentsa artikuluk eta hainbat lekukok. Ordu eta erdiko koloretako dokumentala da Gure Sor Lekua, eta Euskal Herriko erretratua egiten du. Izan ere, diasporako euskaldunei herrimina arintzeko asmoz egin zuen Madrék. Kopia honetan ageri ez diren hitzak Jean Elizalde Zerbitzari idazle, apaiz eta euskaltzainak egin zituen. Gure Sor Lekua lanari buruzko tesia egiten ari da Martinez eta ikerketaren baitan aurkitu du filma. Orain artean, Gotzon Elortzak (Bilbo, 1923 – Getxo, 2012) 1959tik 1962ra bitarte egindako lau dokumental uste zen zirela euskarazko lehen filmak.