Euskal kantu tradizionalek badute zer edo zer berezia

anneAnne Etxegoien, abeslaria
Pachamama (2008) eta Adelante (2010) kaleratu ostean, sekulako ospea lortu zuen 2013an Etxegoienek (Donapaleu, 1980) Les Voix Basques diskoarekin, nagusiki Frantzian. Baionako Aizkoa abesbatzarekin batera hainbat euskal kantu tradizional abestuz, 65.000 disko pasatxo saldu zituen. “Geu ere harritu ginen arrakastarekin”, dio Urrezko Diskoa eskuratzea ahalbidetu dion lanaz. Les Voix Basques. Ongi Etorri bilduma argitaratu du berriki Elkar argitaletxearekin. Foruko AEK barnetegian ari da euskara ikasten. Hain juxtu, AEKren aldeko kontzertua eskainiko du Gernikan urtarrilaren 31n.

Ia hiru hilabete barnetegian. Zer moduz?
Ongi. Gustatzen zait ikasteko modua, gure arteko harremana, giroa... dena! Murgilketa eredua ikasteko oso modu ona da. Gehien harritu nauena irakasleen inplikazioa izan da, oso garrantzitsuak dira. Adibidez, Karmen irakaslea ikasleokin beti euskaraz aritzea, nahiz eta batzuetan guk ez ulertu, oso zaila iruditzen zait. Artista da.
Hobekuntzarik nabaritu al duzu?
Baietz uste dut, baina ez dakit. Hitz egiten dut korukoekin eta lagunekin eta badirudi baietz, hobeto moldatzen naizela.
Zer du zure musikak frantses hiztunen artean halako arrakasta izateko?
Abestiak eta musika gustuko ditu jendeak, baita euskal kultura eta Euskal Herria ere. Beste hizkuntzetan aurki ezin daitezkeen doinu eta soinuak ditu euskal kantutegiak. Euskal kantu tradizionalek eta euskal kulturak badute zer edo zer berezia. Abestien aukeraketan eta moldaketetan ulerterraztasunaren alde egin dugu. Batzuetan, artistek gauza konplexuak egin nahi izaten dituzte, baina gero publikoak ez ditu uler­tzen. Guk naturaltasunez egin nahi izan ditugu, sentitzen ditugun moduan.
Egotzi izan dizute ez duzula benetako euskal kultura erakusten, baizik eta Euskal Herriko postala.
Zuk diozun postala egon badago. Euskal Herriko disko bat sustatzeko, nork azalduko zukeen alde txarrik? Guk gustuko duguna erakutsi nahi genuen, Euskal Herriko gauza politak. Gainera, Euskal Herria hori ere bada. Nik ez dut politikarik egiten; ni kantaria naiz, eta kito. Jendeari dakiena egiten utzi behar zaio.
Ez al dituzu estereotipo asko erabiltzen?
Korukoak txapelarekin, hondartza eta mendiak bideoklipean... Jakina estereotipoak direla, baina ez dut uste horiek erabiltzea debekatua dagoenik, eta etorkizunean gauza errealagoez hitz egiteak ez lidake axola izango. Jendea erakarri nahi izanez gero, egokiagoa da gustuko edo ezagun duena erakustea.  Agian jendeak Les Voix Basques erosi du bideoklipa ederra iruditu zaiolako, baina, beharbada, ondoren, euskararekiko interesa piztuta, euskarazko produktu gehiago... Kritikak beti izaten dira, baina hauek guztiak ez zaizkit logikoak iruditzen. Inbidia kontua iruditzen zait gehiago. Bestetik, artiston artean ez dugu kritika errazera jo behar. Oso desatsegina iruditzen zait. Hobe da kritikak egiteko denbora hori lanerako erabiltzea. Ziur gauza gehiago aldatuko direla, kritikak eginez baino.
Zerk erakartzen zaitu euskal kantutegi tradizionaletik?
Asko gustatzen zait abestea. Kantu horietan bada nolabaiteko indarra, bertoko lurraren zer edo zer. Horregatik gustatu izan zaizkit beti. Elizetan abestea ere gustatzen zait, baita ahotsak ere. Entzutea eta abestea.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Orain, euskara ikasteak.
Eta tristatu? Nire lanak ez funtzionatzeak.
Zerk eragiten dizu barrea? Gauza askok. Asko gustatzen zait barre egitea.
Eta negarra? Gauza tristeek. Lanarekin lotutakoek, asko.
Zerk haserrarazten zaitu? Ezer egiten ez duen jendearen kritikek. Ez ditut ulertzen. Horrek eta hitza jateak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Jendeak zerbaiti buruz hitz egiteak berau ongi ezagutu gabe. Eta gidatzeak.
Bizio bat: Jai egitea.
Musika talde bat: Orain, askotan entzuten dut Hiru Soinu taldea.
Musikari bat: Bi: asko gustatzen zaizkit Pier Paul Berzaitz eta Mikel Urdangarin.
Abesti bat: Txoria txori.
Eñaut Mitxelena