Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka

 

 

 

Joan den udazkeneko Nafar Hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainaren balantzeak erraz gainditu ditu Errigoraren aurreikuspen guztiak: 12.000 saski inguruko eskaria eta 151.000 € Nafarroa hegoaldeko euskalgintzarako.
    Iaz, saskiak 500 gunetan banatu ziren; aurten, berriz, kanpaina 700 banaketa-gune eta Euskal Herri osoko ia 200 herritara heldu da. Ondorioz, bikoiztu egin da Errigora hornitzen duten ekoizleen kopurua ere. Hori bai, nekazariak hautatzeko irizpideak ez dira aldatu: enpresa txikiak, langileen lan-baldintzak zaintzen dituztenak, tokian tokikoa lehenesten dutenak eta, nola ez, kalitatezko produktuak eskaintzen dituztenak.
    Kanpainari esker jasotako diruak Erriberako euskalgintzaren egoera larria samurtzen lagunduko du. Hala, Tuterako Argia ikastolak, Erriberako AEK-k eta Euskaraz Bizi eta Ikasi ekimenak euskararentzat estrategikoak diren proiektuak indartzeko erabiliko dute eskuratutako laguntza. Bestalde, orain arteko Errigora kanpainen emaitza onak ikusirik, otsailean olioarena egingo da, eta maiatzean, aldiz, kontserbena. Bietan egin ahal izango da urte osoko beharrizanen araberako eskaria. Etxeko janaritegia kalitatezko produktuz bete, nafar ekoizleen lana bultzatu eta euskarari putz egiteko. Arkaitz Almortza, M. Egimendi.

errigora2

“Aukera paregabea  izan da gure produktuak zabaltzeko eta gure proiektua ezagutarazteko”
Tokian tokiko produktuak kontsumitzeari buruzko gogoetarako bidea zabaldu du Errigorak. Saskiak eremu ez-euskalduneko jaki eta edariz beterik daude, bertako ekoizle txikien lana aintzat hartuta. Mendiko upategiko (Oibar) Imanol Ibero Azkaratek ardogintzan dihardu, eta, bere esanetan, kanpainari esker beren produktuak Euskal Herrian izanen dira ezagun. Bultza erraldoia, beraz, enpresa txikientzat. 

Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka. Errigora proiektuak euskalgintza bultzatzea du xede, baita Nafarroako hegoaldean ekoizten diren produktuei babesa eskaintzea ere. Finean, etxeetan sartzen diren saskiak tokian tokiko jakiz eta edariz beterik daude; hau da, bertako produktuak kontsumitzearen aldeko apustua egiten du ekimenak. Haize freskoa dakarkie eremu ez-euskalduneko ekoizleei.
Globalizazioaren munstroa ernatu zenetik, dendetako apalategietako produktuen jatorria aldatu egin da. Lehen, adibidez, bertako zainzuriak saltzen ziren gehien; orain, berriz, Perutik edota Txinatik ekarritakoak erosten ditu jendeak, merkeagoak direlakoan. Horrenbestez, enpresa txikiek zailtasunak izaten dituzte erraldoiekin lehiatzeko, eta askok gorriak ikusten dituzte hilaren amaierara iristeko. 
Hori dela-eta, Errigora kanpainak kon­tsumo eredu jakin bat aldarrikatzen du: bertakoa. Iberok eta bere aitak ardogintzan dihardute, eta proiektuan parte hartu dute: “Aukera paregabea izan da gure produktuak zabaltzeko eta gure proiektua ezagutarazteko” dio gazteak. 2000. urtean sortu zuten enpresa eta, orain, belaunaldi aldaketaren atarian daude: aitak semeari utziko dio bidea. Ardo ekologikoa ekoizten dute: “Erabiltzen dugun mahats guztia geure mahastietatik jasotzen dugu”. Aipatzen duenaren arabera, hasieratik izan zuten argi beren lan egiteko moduak lurra errespetatuko zuela. “Duela 50 urtetik honako lan egiteko modua oso egozentrikoa iruditzen zait: lurrak milaka urte ditu, baina gure apeta guztiak asetzeko, bortizkeriaz lantzen dugu; horrenbestez, gero eta txori gutxiago dago, gero eta intsektu gutxiago” salatzen du. “Ardogintza tradizionalari eskainitako mahastiak uda partean ikusi besterik ez dago: zorua zuri dute, zementuaren antzera”.
Iberoren ardotegia txikia da. Aipatzen duenez, antzeko enpresa gehienei kosta egiten zaie hileko soldata irabaztea, baita bertatik bizitzeko modu duina izatea ere. Dena den, argi du Oibarren bertan bizitzen jarraitu nahi duela, eta beraien ardoa ekoizten jarraitu nahi duela. Horregatik, Errigorak bultzada garrantzitsua eman die beren produktua Euskal Herrian zehar zabal dadin
Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskaldunean kokatu du Iberoren herria. Alta, hark euskara ikasteko aukera izan zuen, Zangozako ikastolan: “Nire koadrilan, ikastolara 2 joan ginen, eta eskolara, berriz, 5; hau da, 7tik 5 elebakarrak dira eta 2 elebidunak gara” dio. “Jakin badakit nire lagun askok ez dutela euskara ikasi ez dutelako eredu publikoan eskaini” nabarmendu du.
Alabaina, joera aldatzen ari da eskualdean: “Duela urte batzuk ez zen euskararik entzuten, ezer ez, eta orain, aldiz, badoa aurrera pixkanaka-pixkanaka; inurri lana dugu aurretik”. Aipa­tzen duenez, gero eta gazte gehiagok ikasten du euskara, eta zonaldean badago euskara hutsean hitz egiten duen pare bat familia: haurrak ikastolara eramaten dituzte eta gurasoek euskaltegian ikasi dute. Hizkuntza Iberoren ­etxean sartzea ere erronka da berarentzat: “Nire gurasoek ez dakite, baina ama euskaltegian dabil;  nire arrebarekin, euskalduna izanda ere, ez dut askotan hitz egiten. Horregatik, kontraesan horrek ere hausnarketarako bidea ematen dit, hizkuntzarekin dugun eguneroko konpromisoarekin aurrera egiteko indarra”.
Zalantzarik gabe, Errigorak ilusioa sortu du Zangoza eskualdean: “Euskal Herriko hainbat txokotatik euskalgintzaren alde egin dugun lana baloratzea besarkada handi eta beroa izan da eremu ez-euskaldunean kokatu gaituztenontzat” dio harrotasunez.

errigora3

“Erriberako euskalgintzari egiten dion ekarpena ekonomikoa baino askoz ere handiagoa da”
Oso gertutik ezagutzen du Alizia Iribarrenek Erriberako euskararen egoera. Urteak daramatza AEKn euskara eskolak ematen. Hizkuntzaren alde lan egitea gogorra da, ofiziala ez den eremuan. Dena dela, egoera, emeki-emeki bada ere, aldatzen ari da. Aurten, esaterako, matrikulazioak gora egin du, eta horretan Errigora kanpainak lagundu du. Ildo horretatik, zera azpimarratzen du: “Ilusioa sortu du hizkuntzaren alde ari direnenen artean; ez dira bakarrik sentitzen”. 

 

Basamortu erdiko lorea da Tuterako euskaltzaleen egoera. Nafarroako hegoaldean kokaturik, mendeak dira Erriberako hiriburuan ez dela euskara entzuten. Hizkuntzaren alde lan egitea ere ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Halere, euskararen itsaso urdinean murgildutako herritarrek gogotsu egiten dute behar hori. Errigora proiektuak “ilusioa sortu du” herritar horiengan, eta pozarren ekin diote aurtengo kanpainari.
Errigorako uzta iaz bildu zuten lehen aldiz; aitzitik, aurtengoa oparoagoa izan da: 12.000 saski baino gehiago saldu dituzte. Horrenbestez, 151.000 euro bideratu dizkiote Erriberako euskalgintzari: AEK, eremu ez-euskalduneko ikastolei eta Euskaraz Bizi eta Ikasi dinamikari. “Erriberako euskalgin­tzari egiten dion ekarpena ekonomikoa baino askoz ere handiagoa da” dio Tuterako ­AEKren buru Alizia Iribarrenek.
Izan ere, saskien bitartez, erosleek aukera izan dute Nafarroako Gobernuak eremu ez-euskaldun deituriko eskualdeetako euskararen errealitatea ezagutzeko: “Hemengo egoera nahiko latza da, oso bakarrik senti­tzen dira euskararen alde lanean dabiltzan lagun asko, oso urruti gaudela iruditzen baitzaie; gainerako euskaldunekin ditugun harremanak ez dira maiz izaten”. Hori dela-eta, ekimenak basamortuko lorea ureztatu du: “Errigorarekin ikusi dute ez daudela bakarrik, Euskal Herri osoa dutela atzean babesa ematen”.
Hogeita zortzi urte joan dira Ley del Vascuence deritzona martxan ipini zutenetik, alegia, 1986ko abendutik. Erabaki horren ondorioz, Erriberako Administrazioak ez du batere laguntzen euskararen aldeko jarduerak aurrera eraman behar dituztenean; are gehiago, “oztopoak dira nagusi edozein gauza egin nahi denean. Herritar askok ere ez dute beren hizkuntzatzat hartzen, arrotz sentitzen dute, eta kontrako jarrerak ere topatzen ditugu; horrek ez du batere laguntzen”.
Dena dela, lorea, lehortu baino, indar­tsuago ari da hazten herritarren borondateari esker. Ikasturte honetan, esaterako, matrikulazioak gora egin du Erriberako AEK euskaltegian. Egun, 56 lagun inguru ari dira eskolak jasotzen, Tuteran, Alesbesen eta Cintruenigon. Iribarrenek azaldu digunez, goranzko joeraren arrazoiak hauek dira: “Batetik, pixkanaka gauzak aldatzen ari dira, eta, bestetik, Errigorak pizgarria eman die ikasleei: jasotako diruarekin, gure eguneroko jardunean laguntzeaz gain, beka sistema jarri dugu martxan; horrenbestez, gure ikasleei matrikulazioaren % 50 ordaintzen zaie. Bizi dugun egoera ekonomiko latzean, oso lagungarria da, eta jendea gehiago animatu da euskara ikastera”.
Eguzkiaren berotasuna ere behar du loreak gora egiteko, eta gero eta indartsuago jasotzen dituen izpiak ere bai. Antza, datorren ikasturtean D eredua eskainiko dute hezkuntza publikoan eremu ez-euskalduneko herrietan. Halere, norbanakoek hizkuntzaren alde hartutako jarrerak dira, agian, gehien azpimarratu beharrekoak. Egoera horren adierazle dira Erriberako hainbat ekoizle: “Beren produktuak euskaraz etiketatzea eta bertoko enpresen produktuak euskarazko etiketarekin agertzea oso jauzi handia dela iruditzen zaigu” dio Iribarrenek.  “Ekoizle horiek ikusi dute euskararekin eta euskaldunekin harremana izanez, aurrera egin dezaketela, eta hori oso garrantzitsua iruditzen zait”. 
Poliki-poliki bada ere, basamortuko lorea hazten ari da.  Errigorari eta antzeko jarduerei esker, aurki landare sendoa bilakatuko da, eta inguruan ere haziak ereingo ditu. Uste baino azkarrago, lur idorrak zelai berde eta koloretsuak bilakatuko dira euskal­tzaleen kemena tarteko. Hala bedi!

errigora1

“Nafarroako agintariak euskararen arerioak dira”
Joseba Iturrioz Peraltak (Bilbo, 1936), Bilboko Lizardi AEK euskaltegiko ikaslea bera, oso modu aktiboan hartu zuen parte pasa den udazkeneko Errigora kanpainan, hamasei saski erosita. Ez ditu guztiak berak dastatu, jakina, senideen eta lagunen artean saldu baititu.

Ez da Iturriozek Errigora kanpainako saskiak erosten dituen lehen aldia, 2013ko udazkenean ere hamabi erosi baitzituen. Horrenbeste zertarako behar zituen galdetu diogunean, baten bat oparitzeko hartu zuela adierazi digu, “baina etxerako pare bat ere hartu nuen; eta gainontzekoak adiskideen eta senideen artean saltzeko. Hiru seme-alaba ditut eta haiek ere erosi zituzten. Azaldu nien saski bat zegoela, aterako zen dirua zertarako zen kontatu nien eta jendea prest egon zen euskara bultzatzeko; beraz, ez nituen denak niretzat hartu, bitartekari lana egin nuen”. 2013an, hamabi saski; eta iaz, hamasei. Izan ere, Iturriozen ingurukoak oso pozik geratu ziren aurreko urtean, eta berriro jardun nahi izan dute euskarari puzka, saskia erosiz.
Dena den, bestela ere, Iturriozek oso gustukoak omen ditu Nafarroako hegoaldeko produktuak: “Bai, noski, zalantza barik. Kardoak, piperrak... oso gozoak dira eta gustura dastatzen ditut, baita potxak ere. Emazteak egiten ditu etxean sukaldari lanak, baina potxak edozeinek presta ditzake”.
Datozen hilabeteotan, Errigorak Nafar hegoaldeko uzta, eskutik eskura kanpaina abiaraziko du, bi alditan: lehenengoa, otsailean, urte osoko beharrizanaren araberako olio-eskaera egiteko; eta bigarrena, maia­tzean, kontserbena, hori ere urte osoko kontsumoari begira. Otsailekoari buruz, Joseba Iturriozek dio olioa “jaki ia guztiak prestatzeko” erabiltzen dela: “Horrenbestez, beti behar izaten da... ikusiko dugu”.
Errigorak xede zehatzak ditu: alde batetik, euskalgintzari laguntzea eta, bestetik, euskal herritarren artean bertoko, Nafarroako hegoaldeko, produktuen kontsumoa bultzatzea. Iturriozek aitortzen du etxeko erosketak emazteak egin ohi dituela, eta bera “euskarari laguntza emateko” inplikatu dela kanpaina honetan, “Nafarroako euskalgintza bultzatzeko. Izan ere, bertako agintariak euskararen arerioak dira, hori argi dago. Horiek ez dira ez euskaldunak, ez espainiarrak, ez ezer!”. Halere, garrantzitsua iruditzen zaio, halaber, tokian tokiko produktuen kontsumoa sustatzea: “Nafarroako ekoizleek lehia handia dute, adibidez, Peruko zainzuriekin, askoz merkeagoak direlako hangoak, baina gu bertoko produktuak kontsumitzen saiatzen gara: orburuak, berroak, piperrak...”.
Gerra hasi eta hilabetera jaio zen Iturrioz, “Federico García Lorca fusilatu zuten egunean”. Aita, Otxandiokoa, euskalduna zuen, baina ama, Barakaldokoa, ez; eta Francoren garaian, ezin izan zuen eskolan euskara ikasi: “Nahiz eta irakasle gehienak euskaldunak izan, eskolan ez zen euskararik batere entzuten, ezta egun onik ere, guztiz debekatuta zegoen. Ni, ordea, euskalduna naiz, eta niretzat erronka zen euskara ikastea; beraz, erretiratu nintzenean, ikasi egin behar nuela erabaki nuen eta horrexegatik nago euskaltegian”.
Iturriozen ustez, “euskara ez da zaila, baina erabili beharra dago, eta nik ez dut horretarako aukera askorik. Adiskide guztiak ditut euskaldunak, baina hiruk baino ez dute hitz egiten. Gainera, batzuk Bermeokoak dira eta horiekin berba egitea ez da erraza niretzat, nik batuaz egiten dudalako. Aitzitik, idazten eta irakurtzen ondo moldatzen naiz, ondo ulertzen dut”. Hori bai, seme-alabek eta ilobek badakite: “Ikasten hasi nintzenean, ilobek esaten zidaten indioek bezala hitz egiten nuela euskaraz, baina orain ez, esaldiak prestatzen ditudalako. Bagoaz aurrera, baina jariotasuna falta zait”. Dena den, askotan egiten omen du +++piper4, emaztea eta biak kanpora joaten direlako: “Adibidez, urtarril osoan ez naiz euskaltegira etorriko, eta asko nabaritzen da, baina beti eramaten ditut liburuak-eta euskaraz irakurtzeko. Euskara ikasten hasi nintzenetik, egunkaria baino ez dut irakurtzen gaztelaniaz. Gainontzeko guztia, euskaraz, beti. Eta irakasleak agindutako etxerako lanak beti egiten ditut, oso ikasle zintzoa naiz. Horrela ikasten da!”. Euskara ikastea, beraz, ez da denbora-pasa Iturriozentzat: “Horretarako parkera joango nintzateke!” dio, konbentzimendu osoz. Ez du arrazoirik falta...