Frantziako eskualdeen berrantolaketak eragina izango ote du Ipar Euskal Herrian?

ikamika

Frantziaren lurralde berrantolaketa gauzatze bidean da. Behin burututa, Frantzia metropolitarrak 13 eskualde izanen ditu (Korsika barne), eta ez oraingo 22ak. Prozesuak Ipar Euskal Herria ukituko du: egun, Akitania eskualdearen barne da; baina antolaketa berriaz, eskualde handiago baten baitan izanen da, batuko baitira Akitania, Limousin eta Poitou-Charentes. Eskualdeen mapa berria 2016ko urtarrilaren 1ean jarriko dute martxan; haatik, oraindik ere hartu behar dira erabaki garrantzitsuak: esaterako, zehazteke daude eskualdeen eskumenak. Zure ustez, nola eraginen dio horrek guztiak Ipar Euskal Herriari?
Xiberoako gau-eskolako mintzataldea

1. Sandra Urruty

Herrialde handiagoak baldin badira, beharbada departamentüak eskübide edo konpetentzia gehiago ükeiten ahalko dü, eta Euskal Herriak bere nortarzüna defenditzen ahalko lüke (amesten ahal da…).
2. Maylis Monlong

Ez düt uste egitüratze berriak ezer ekarriko düanik. Ekonomikoki, diharü lagüntzak gero eta gutiago izanen dira, eta zonbait elkarte ez dira gehiago bizitzen ahalko (lagüntzei esker bizi baitira).
3. Annik Erreçarret

Euskal Herria galdüago izanen da. Euskal Herriak ez dü deüs ikusteko Poitou/Limousin esküaldeekin! Nahiago nüke ikusi Euskal Herria Tolosari (Midi-Pyrénées) lotürik!
4. Jean Louis Baffalio

Deüs onik ez egitüra honekin, bereziki mintzajeaz. Orai berean, frantsesaz gain, bi hizkuntza badira: euskara eta okzitaniera, eta ordezkari bakarra. Herriaren bozaren en­tzünarazteko, zailago eta denbora haboro behar date. Dena den, alderdi ororen politikeroek beren kargüak ­etxekiko dütüe. Anartean, bla, bla, bla ostatüetan…
5. Soizig Pineau

Euskal Herriko nortarzüna galdüko da herrialde handi horretan. Ez dügü sail ekonomiko eta kulturalik parteka­tzen Limousin herrialdearekilan.
6. Alan Bernadet

Akitaniako herrialdean, Ipar Euskal Herria ttipiegi zen, eta Bordelen Euskal Herria ezagützen düe ekoizpenen bidez (Baionako urdazpia, Ezpeletako piperra, Xiberoko gazna, Irulegiko arnoa...), eta herriko besten bidez. Herrialde handiago batean, Iparraldea ttipiago dateke. Bere üdüria baratüko da. Ez deio deüs haboro ekarriko, ezta deüs kentüko ere. Ttipia zen, eta ttipi egonen da.
7. Popol Bosq

Frantziako herrialdeen egitüratze berriak haütatü dutüan jenteak Pariseko bülegoetan dira, eta beren erabakiak ez dira logikoak. Mentüraz, Midi-Pyrénées hobeki litzateke Limousin beno, bena ez dakit Euskal Herriari ezer ekarriko deionez…