Etxe berri bat Gasteizko euskaldunentzat

gasteiz

Oihaneder Euskararen Etxea jarri dute martxan Arabako hiriburuan; hizkuntza eta euskarazko kultura ardatz izango dituen proiektu zabalago baten lehen harria da. Ivan Santamaria. Argazkia: Argazkipress.

Gasteizko jaietako doinu ezagunak dio Zeledonek etxe berria egin duela. Bada, ez da hura hirian tokia topatu duen bakarra. Aurrerantzean, hiriko euskaldunen biltoki bihurtuko da Oihaneder Euskararen Etxea. Gainera, Zeledonena ez bezala, irauteko asmoz abiarazitako proiektua da.
Jarduerak garatzeko leku bat, euskara izanik oinarri, ardatz eta helburu. Horixe da Gasteizen sortu berri duten Oihaneder Euskararen Etxearen egitekoa. Zahar, heldu edo gazte, Gasteizko euskaldun guztiei eskaini nahi die espazio honek hizkuntzan murgil­tzeko aukera. Alde Zaharreko muinoaren goialdean dago, XVI. mendeko jauregi historiko eta dotore batean.
"Alkatearen hitzetan, proiektu handiago baten lehen fasea da hau" azpimarratu du Iñaki Lazkano Oihanederren arduradunak. Gasteizen kafe antzoki baten sorkuntza bultzatu duen plataformaren eskutik iritsi da Euskararen Etxea. Bi proiektu osagarri izango dira, beraz. "Gasteizek behar du kafe antzokiaren moduko zerbait. Euskarazko aisialdia garatzeko gune erreferentzial bat. Baina, gure ustez, zerbait gehitu behar zi­tzaion horri, eta Euskararen Etxea bururatu zitzaigun. Euskarari lotutako jarduerak egiteko lekua, batez ere kulturari lotuak, baina baita besteri ere".
Luze hartu du egitasmoa gauzatzeak, eta hainbat fase igaro ditu. 2008. urtean eman zen lehen urratsa, Udalak euskara ardatz izango zuen kultur azpiegitura bat sortzea onartu zuenean. Behar horri eran­tzuteko sortu zen kafe antzokia bultzatzeko plataforma. 2011. urtean, Euskararen Etxearen proiektua hasi ziren garatzen. Udalak Guridi zinema-aretoan kokatzeko eskaintza egin zien, hasiera batean, baina aukera hori bidean geratu zen.
Ideia abiatu zenetik bigarren legealdia amaitzear zegoenean, udalak berriro jo zuen plataformara beste eskaintza bat egiteko. Kafe antzokia barik, Montehermoson Euskararen Etxea abiatzeko proposamena egin zien. Azken urteotan, Montehermoso arte garaikideari eskainitako zentroa izan da. "Eztabaida handiak egon ziren plataforman, zenbaitek uste zutelako plataformaren helburua antzokia sortzea zela eta hori ez zela lortuko" onartu du Lazkanok. Haatik, gehienek aurrera egitea erabaki zuten, proposamena onartuta. "Emaitza praktikoren bat egotea beharrezkotzat jo­tzen genuen".
Euskararen Etxearekin hasi izanak ez du esan nahi kafe antzokia sortzeko asmoa baztertu denik. Gasteizko Udalak proposamena egin du jauregi pareko ur-gordailuaren gainean eraikin bat egiteko. Lazkanok uste du gehiago pentsatu beharreko urra­tsa dela. "Ez dira garai onenak ostalaritza arloko beste ekintza bat hasteko. Euskararen ­Etxea abiatu dugunez, saiakera egin behar dugu antzokiari buruzko prozesu parte-har­tzaile bat irekitzeko". Gainera, ur gordailu gainekoa aukera bakarra ez delakoan dago. "Hor egitea gehiegikeria iruditzen zait. Nire ustez, merezi du beste aukera batzuk azter­tzea" azaldu du.
Montehermosotik Oihanederrera
Urriaren 15ean aurkeztu zuten jendaurrean Oihaneder Euskararen Etxea. Aurtengo udara arte, Montehermoso kulturuneak eta Oihanederrek espazioa elkarbanatuko dute. Hots, kultura zerbitzuak aldez aurretik finkatuta zeukan programazioari eutsiko diote. Uda ondoren, berriz, Oihanederrek izango du leku osoa beretzat. "Beste kontu bat da udaleko Kultura Sailarekin dagoen lankidetzak jarraituko duen ala ez" zehaztu du Lazkanok.
Proiektu partekatua izango da Oihaneder, hasieratik. Udaleko Euskara Zerbi­tzua eta bertako langile guztiak jauregira lekualdatu dituzte. Koordinazioa nola gauzatuko den ez dago erabat itxita, baina alde biek dute elkarlanean aritzeko borondatea. Abendura bitarteko programazioa Euskara Zerbitzuak prestatu zuen, baina, urtea hasi bezain pronto, Oihanederreko kudea­tzaileak beren egitasmoak antolatzen hasiko dira.
Euskararen Etxeak 250.000 euroko aurrekontua izango du. Diruaren erdia programazioa egiteko erabiliko da; 50.000 euro ekipamenduan egokitzapenak egiteko; eta 75.000 euro programazioa koordinatzeko eta lantzeko. Plataformaren sortzaile Lazarraga kultur elkartea arduratuko da koordinazio horretaz.
Aurrera begira gauzatu beharreko ekintzei dagokienez, Lazkanok argi du ildoa. Ekitaldiak eskaintzea bainoago, ekintzak sustatzea izan behar da helburu nagusia. "Gasteizko euskaldunei, zahar zein gazteei, hamaika aitzakia eman nahi diegu euskara erabiltzeko, eta horretan tematuko gara".
Gazteak erakartzen ahaleginduko dira, bereziki. "Zer egin dezakegu gazteek senti dezaten badaudela mundu bat eta kultura bat euskaraz egiten direnak, erakargarriak eta modernoak direnak?". Lehentasun horren beharra ere argudiatu du Oihanederren arduradunak. "Sekulako erronka dugu. 30 urtean, euskararen ezagutza ia hogei puntu igo da hirian. 30 urtetik beherakoen erdiek dakite euskaraz, eta 20 urtetik beherakoen artean, berriz, bi herenek". Erabilera sustatuko bada, horixe da publiko potentziala.
Kultur ekitaldiak egingo badituzte ere,  sormena bultzatzea izango da ardatz nagusia. Musika, literatura, teknologia berriak eta beste asko dituzte buruan. Euskara benetan barrutik bizitzeko aukera eman nahi dute. Gainera, Euskararen Etxea sortzeak ez du esan nahi hirian barreiaturiko ekitaldiak bertan bilduko direnik. "Oso garbi utzi nahi dugu gu ez gatozela inor ordezka­tzera. Helburua ez da euskaraz egiten diren gauza guztiak hemen egitea".