Plazera izan da, Willis

willis

Hamar urteren ostean, Willis Drummond taldeak bere bidea eten du. Itzuliko ote diren argitu gabe, taldekideek deliberatu dute proiektuak pausaldia behar duela. 2004an hasi ziren, eszenatokiz eszenatoki, zuzeneko kontzertuak egiten; eta, lanaren nahiz talentuaren indarrari esker, arrasto berezia utzi dute Euskal Herriko zein Europako musikagintzan. Egoitz Zelaia. Argazkiak: Amaia Oca.

Joan den azaroaren 28an zegoen iragarrita Willis Drummond punk-rock taldearen azkenengo kontzertua Hondarribiko Psilocybenea aretoan, eta jendetza bildu zen herriko musika-txokora. Hogei minutuan agortu ziren sarrera guztiak; tamalez, denek ez zuten sartzerik izan, eta askok kanpoan gelditu behar izan zuten. Hura izan zen A ala B Tour izeneko biraren amaiera. Horren harira, jende ugarik galdetzen zion bere buruari ea taldearen amaiera iritsi ote zen: izan ere, Willis Drummondekoen hitzek etenaldia iragartzen zuten, aipatu gabe itzulerako datarik edo aurreragoko proiekturik.
Hondarribiko emanaldiaren gozoa zein taldearen amaieraren gazia barneratzen ari ginela, egun gutxiren buruan, ustekabean, errefusatu ezinezko gozoki bat jaso zuen Baionako taldeak: azken kontzertu bat emateko aukera, azken kontzertu bat musikarien ibilbide luzeari urrezko bukaera emateko. Hil batzuk atzera, Paueko Zénith areto erraldoian jo zuten, taldearen itzuliaren baitan; oraingoan, bertan berriz jotzeko eskaintza ezin hobea egin zieten, Fran­tzian eta Alemanian izugarri famatua den SHAKAPONK kolektiboarekin batera, gainera. Baionako taldeak ezin izan zuenez ezetz erran, 2014ko abenduaren 4an eskaini zuen azken kontzertua: Euskal Herritik kanpora, baina etxean bezalaxe.
Heletan hasi eta Pauen bukatu, talde baionarrak hamar urteko zikloa bete du zuzeneko emankizunak egiten. Begirada iraganean jarriz gero, gutxi batzuek oroituko dute Heletako Garra ostatu txikian Willisek emandako lehen kontzertu hura, 2004ko abenduak 3 zituenean. Harrezkeroztik, rock, bide eta ostatu zein areto anitzetatik igaro dira; izerdia gogotik bota dute; berrehun kontzertu pasa egin dituzte: Sevillatik Berlineraino, Irungo Orkatz tabernatik Parisko Olympia aretoraino. Bide pozgarri eta aberatsa izan da, bai eta neketsua ere.
Willis Drummond laukotea da, sorreratik: Felix Buff (bateria) Donoztirikoa, Xan Bidegain baionarra (baxua eta ahotsa), Rafa Rodrigo irundarra (gitarra eta ahotsa) eta Jurgi Ekiza (gitarra eta ahotsa), baionarra berau ere. Taldekide guztiak heldu dira beste musika-esperientzia batzuetatik, baina egun batean elkar aurkituta, musika eta bizitza bera ulertzeko aski filosofia antzekoarekin ibili dira geroztik. Bere ibilbidean, Willisek bidelagun anitz ukan ditu: besteak beste, Joseba B. Lenoir beratarra. Taldearen zenbait diskotan kolaboratu ondotik, azken biran taldeko besteen moduan ibili da nafarra, hastapeneko laukotea boskote bihurturik.
Diskografiari dagokionez, lehen diskoa (Anthology, 2007) taldekideek eurek ekoitzi ostean, Bidehuts diskoetxearekin elkarlanean argitaratu dituzte gainontzeko lau lanak (Willis Drummond, 2009; Zuzenekoak #2, 2010; Istanteak, 2011; A ala B, 2012). Azkenekoa jotzen Frantzian, Belgikan eta Alemanian aritu ondoren, Euskal Herrira itzuli ziren A ala B Tour bira finitzera. Hamar urteko bidean, taldeak buru-belarri jardun du musikan; kideek erraten dutenez, erritmo jasanezin batera ere iritsi ziren une batean. Izan ere, ezohiko taldea izan da Willis Drummond: hasieratik, zale anitz bereganatu eta indar guztia zuzeneko emankizunetan jarri du. Musika-talde gutxik oinarritzen dute beren jarduna eta izaera zuzeneko emankizunetan, maila horretan, bederen. Beraiek, aldiz, behin eta berriz aipatu dute jendaurrean jotzea eta ikusleekin harremana sor­tzea dutela helburu. Agian ez du arrakasta handirik lortu jende samalda arruntaren artean, baina bai beste multzo zein pertsona mota batzuen artean. Ez da musika komertziala, edo denen gustuan oinarriturikoa. Are gehiago, hitzen bidez ezinegonak edo kezkak adierazteko musika egiten du taldeak. Beraz, hasieratik ez, baina pixkana-pixkana lortu du zale andana fidela bereganatzea. Esate baterako, joan den Durangoko Azokan fite agortu zen taldearen azken diskoa.
Musikak hizkuntzarik ez badu ere (edo, hobeki erranda, musika bera hizkuntza bat izan arren), taldekideek erabaki zuten taldearen kanten hitzak euskaraz egitea; hala, ez dute izan beste hizkuntzaren beharrik Europan zehar atzera eta aurrera ibiltzeko. Beraiekin noiz edo noiz elkartu izan diren taldeek, izan bertakoak, izan kanpokoak, oso modu errazean azaltzen dute taldearen arrakasta izugarria: “Oso onak dira”. Eskertzekoak dira lengoaiaren gaineko ardura eta konpromisoa. 2012ko Korrikaren amaiera festan, Baionan, Jurgi Ekizak aitortu zuen euskara ikasten dabiltzanen ahalegina; izan ere, kontzertua eskaini nahi izan zien AEKn irakasle eta ikaskide izan zituenei.
Beste berririk ezean, eta itzuliko diren itxa­ropenarekin, beraien hitzak abestea baino ez zaie geratzen zaleei: “Heldutasuna iri­tsiko da, nun ekintza bakoitza erabaki bat den... Ta hor hasiko gira zahartzen, erabaki bakoitza lagundua baita, damu batez batzutan, dolumin batez besteetan”.