19. Korrika kulturaz blai dator

kulturala

Musika, antzerkia, arte plastikoak, gastronomia, bertsolaritza... Ohi den legez, kultur eskaintza oparoa dakar 19. Korrikak. Herrietan osatuko diren Korrika batzordeek antolatutako ekitaldiak ahaztu gabe, badira zirkuitu zabalagoa egingo duten ikuskizunak ere, eta horien berri duzue orriotan. Gainera, hiru lehiaketa antolatu dira Korrika Kulturalaren barruan, nahi duen orok parte har dezan: Bertso-kopla lehiaketa, Korrika kantaren moldaketa lehiaketa eta Bideo lehiaketa. Horien oinarriak www.korrika.eus gunean aurkituko dituzue. M. Egimendi

GOSARIAK
Estreinaldia: Bilboko Guggenheim Museoan, urtarrilaren 22an

Joseba Sarrionandia idazleak, Gose musika taldeak eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek indarrak batu dituzte lan honetan. Sarrionandiak sortutako testuak kanta bilakatu dira Goseren eskutik. Aldi berean, irudi bihurtzen dira Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolearen lanari esker. Hala, edozein norabide har dezakeen sorkuntza lan bakarra borobiltzen dute emanaldi bakoitzean. Nortasun, elementu eta espazio anitzek bat egiten dute bost zentzumenak elikatzen dituen obra osatzeko.   

Bertsolaritzaren Sekretuak: Ixilduriko emakumeen historia

Estreinaldia: Hernaniko Biteri Kultur Etxean, otsailaren 22an

Historiak isilpean eduki ditu mendeetan izan diren emakume bertsolariak. Emakume horien lana gaur egunera iristeko zailtasun asko izan badira ere (beraien bertsoak erre, gorde, isildu... egin baitira), batzuk berreskuratu ahal izan dira.
Emakume bertsolarien ikurra izan zen Joxepa An­ttoni Aranberri Petrirena, Xenpelar zenaren iloba, baina Joxepa Anttoni ez zen aurrena izan, ezta azkena ere. Harena bezala, beste askoren ezagutza galdu dugu bidean; beraz, isilduriko emakumeen historia ekarri nahi du argitara ikuskizun honek: emakume haiek bizi izandako egoerak, denboran eta espazioan atzera eta aurrera, narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta.

FAUSTO
Estreinaldia: Donostiako Antzoki Zaharrean, urtarrilaren 29an

Faustoren mitoa gaur egunera ekarri du antzezlan honek. Galder Perezen zuzendaritzapean jokatzen dituzte euren pertsonaiak Mikel Losada, Miriam K. Martxante, Lander Otaola eta Diego Pérez aktoreek; eta Endika Lahainek eta Patrol Destroyersek jartzen dute musika taula gainean.
Fausto kartzelan preso dago. Indultua eskainiko diote, ordea, Madame Demokraziarekin ezkondu eta herritar zintzoa bihurtzea onartzen badu. Hala, Faustok ezkontzarekin batera hasiko du Ongizatearen bidea, Mefistofeles emazte hartuta. Aurrerantzean, izaki horrek gidatuko du Fausto herritar eredugarria bihurtzeko zeharkatu beharreko bidean. Arrakastarako bidea iluna da, haluzinagarria, elektronikoa, arriskutsua eta atzera bueltarik gabekoa. Boterearen eta gailentasunaren bila beti.
Denok bizi gara kartzela batean gatibu. Batzuetan, sistema esaten diogu, edo jendartea... baina askeak izango bagina bezala bizi­çtzera kondenatuta gaude, demokrazia faltsuan noraezean itota galtzeko. Deabrua Faustorekin bezala, gure arimaz jabetu dira, haien joko zikinean sartu gaituzte, giltzapetuta bizitzeko. Faustok bezala, geuk ere eman genien horretarako baimena, ongizatearen fabula ederra sinetsita. Batzuetan protesta egin arren, nahiago dugu babesten gaituen konfort honetan jarraitu. Batzuetan matxinatu arren, beti itzultzen gara lehengo leku berera.
Sormen diziplina ezberdinak batzen ditu lan honek: aktoreak, idazleak, musikariak, DJak, rap abeslariak, eszena zuzendariak, diseinatzaileak... Kutsu hiritarra gailentzen da antzezlanean, egunero zapaltzen ditugun eta zapaltzen gaituzten kaleetakoa, musika elektronikoa eta hip-hopa testu klasiko eta herrikoiekin nahastuz. Irudi eta akzio basatiz beteriko antzezlana, kolpe latzez, gezurrez eta ilusioz jositako bizimodua erakusteko.

TXO, MIKMAK TXIKIA

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen azken lanean Txo mikmak indioa da protagonista,  itsasoaren bestaldetik iritsia. Plana prestatu dute pailazoek berarekin eta aitona Rokerekin. Zertarako eta mundua aldatzeko batu dira! Izan ere, Roke aro­tza da eta egurrezko ametsak egiten ditu esna.
Plastikozko zabortegi bihurtzen ari da itsasoa, eta balea bat gaixorik iritsi da hondartzara. Albaola ontziolan San Juan baleontzi berria eraikiko dute eta, enbata guztien gainetik, txiribuelta emango diote munduari.

HORDAGO ARDOA
Orereta - Martxoak 5, osteguna
Zalla – Martxoak 6, ostirala
Gasteiz – Martxoak 13, ostirala
Lizarra – Martxoak 14, larunbata

Ardoaren eta dastaketaren inguruan sortutako ikuskizun berritzaile honetan, Mikel Garaizabal enologoak bost euskal ardoren dastaketa gozagarria gidatuko du, propio eratutako diziplina anitzeko sorkuntzaz inguraturik: dastaketa gauzatzen den bitartean, silueta misteriotsu batek koadro erraldoi bat margotuko du, zuzeneko musika eta bideo sorkuntzaz lagundurik. Bestetik, aktore bik zerbitzari, kantari, poeta eta zirikatzaile lanak egingo dituzte. Horrela, ikus-entzulea ardoaren mundu gozagarri eta fresko batean sartuko da.
19. Korrika dela-eta, lasterketaren ibilbidearekin bat eginik, Euskal Herriko ardo desberdinak dastatzeko aukera emango du ikuskizunak; hots, Irulegi, Nafarroa eta Arabako Errioxako ardoak eta Bizkaia eta Gipuzkoako txakolinak. Korrikaren mezua erabiliz, margoak, bertsoak eta poesiak, an­tzezlanak, Mokaua talderen kanta berriak eta umorea nahastuz, gure ardoak ezagutu eta dastatzeko jokoa gidatuko du Mikel Garaizabalek bere artista taldearekin.

BERTSO KORRIKA 2015

18. Korrikan abiatutako ekimenari jarraitzen dio 19. Korrikakoak. Bertso-eskolek, euskaltegiek eta Korrika batzordeek antolatuta, bi asteko bertso-zirkuitua antolatuko da martxoaren lehen hamabostaldirako. Euskaltegiek eta bertso-eskolek 29 herri hauetan prestatuko dituzte bertso-saioak: Kanpezu, Agurain, Laudio, Oion (Araba); Durango, Zornotza, Derio, Bilbo, Barakaldo, Algorta, Erromo, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Zalla, Galdakao, Arrigorriaga (Bizkaia); Larraul, Andoain, Lazkao, Arrasate, Lasarte (Gipuzkoa); Lekunberri, Iruñea, Lizarra, Elizondo (Nafarroa); eta Azkaine, Itsasu, Hendaia eta Urdiñarbe (Iparraldea).
Bertso Korrikak hainbat helburu ditu, besteak beste: Korrika girotzea herrian; euskara ikasten ari direnek euren neurrira egindako bertso-saio bat entzun eta bertsolaritzara hurbiltzea; herriko bertsolariei kantatzeko aukera ematea; herriko euskal hiztunak eta euskara ikasten ari direnak elkartzea, harremanak euskaraz egin ditzaten; herriko bertso-eskolaren, euskaltegiaren, mintzapraktikan dabiltzan taldeen eta euskara elkartearen artean harremanak sortzea...
2013an abiatutako Bertso Korrika ekimenaren lehen edizioan, 25 euskaltegi eta bertso-eskola, 99 bertsolari eta 20 gai-jartzaile aritu ziren saioetan.