Komikien aterpea

komikigunea

Aterpe berria dute komikiek. Berri eta bizia: komikiari loturiko orotariko funtsen gordailu eta, era berean, komikigintzaren dinamizatzaile izan nahi duen Komikigunea. Komikizale eta egileen bilgune eta ekintza-gunea. Komikietako bineten antzera, mundurat zabaldutako leiho handia. Edonork ireki eta gozatzeko leihoa. Eñaut Mitxelena. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, iragan urrian zabaldu zuten Komikigunea Donostian. Koldo Mitxelena Kulturunetik (KMK) gertu, Errege-Erregina Katolikoen kalean dago komikiaren mundu zabala kon­tsultatzeko eta ikertzeko tokia. Funts handia eta anitza jasotzen du: 30.000 agiritik gora, horietatik 13.000 pasatxo katalogatuak. Tartean dira komikitzat hartzen diren 5.700 dokumentu baino gehiago; komikiari loturiko liburu eta erreferen­tziazko lanak ; komiki aldizkariak eta komikiei buruzkoak; fanzineak; kartelak; laminak; jatorrizko marrazkiak; komikietan oinarritutako filmak; komikiekin zerikusia duten objektuak; komikiarekin eta zinemarekin erlazionaturiko txostenak; bestelako materialak (kartelak, eskuizkribuak, filmen kopiak)... Alegia, askotariko materiala, ikertzaile, zale, marrazkilari eta interesa duen ororen eskura.
Luis Gasca (Donostia, 1933) editore, komikizale eta adituak urte luzez bildutako materiala da hain bilduma oparoaren oinarria. Lanbidez zein zaletasunez, zuzeneko lotura izan du komikiarekin, zinemarekin eta herri-kulturarekin zerikusia duten bestelako adierazpenekin. Hala, bizitza osoa eman du materiala jasotzen, bilduma bitxi eta heterogeneoa osatu arte. 2004an, Gipuzkoako Foru Aldundiak bilduma erosi zion Gascari. Haatik, Komikiguneko funtsa ez du soilik Gasca Bildumak osatzen. Foru Aldundiko Kultura Zuzendari nagusi Garazi Lopez de Etxezarretak zehaztu duenez, "ondoren, dohain­tzen bidez edota Aldundiak eskuratuta, funts gehiago jaso dira. KMK-ko liburutegian lehendik egondako zenbait ere baliatu dira”. Esaterako, Pere Olivé marrazkilari katalanaren 3.070 komiki eta hainbat marrazki original; Juan Manuel Diaz de Guereñu ikerlariarenak; Felipe Maya pasaitarrarenak; 3.000 fanzinetik gora biltzen dituen Fanxinoteka; edota, Komikiguneko langile Irune Arnaezek nabarmendu bezala, “jaso dugun azkena, Rotu Astrain marrazkilariaren (Gomikia euskarazko agerkariaren egileetako bat) funtsaren zati bat. Haren senide batek ekarri zigun, eta altxorra da guretzat: 70 eta 80ko hamarkadetan komikia nola egiten zen ikus dezakegu lan horiekin”.
Halakoak eta beste topa daitezke Komikigunean, harribitxi ugariko altxorra baita gordailua. Bildumako komiki zaharrenetik (Buster Brown pertsonaiaren frantsesezko komikia, XX. mendeko 20ko hamarraldikoa) egungoetara arte, “ia-ia mundu osoko komikiak ditugu” dio Arnaezek. Hori bai, “ale solteak. Asko. Bilduma osoak gutxi dauzkagu, oraingoz”. Bilduma hazi egingo da, ordea. Azken batean, “denetarik jasotzea da helburua, baina marrazkilari batek nola marrazten duen ikusteko, ez da beharrezkoa haren funts guztia edukitzea. Askotan, nahikoa izaten da marrazkilari baten ale bat edo bi edukitzea”. Gascaren grina ere ez da ahaztu behar: “Oraindik jarraitzen du lanean, eta erosketatxoak egiten ditu”.
Euskarazko komikiak
Bestalde, euskarazko komikigintzari arreta berezia eskaintzen dio Komikiguneak. Gascaren bilduman ezer gu­txi dago euskaraz, eta, oraingoz, han-hemenka bildutakoak eta KMKn bertan jasotakoak kontuan hartuta, hainbat dokumentu batu dituzte. Ez nolanahikoak gainera. Esaterako, haurrentzako osagarri gisa Zeruko Argia aldizkariak 1927an argitaratutako Txistu (argitalpen horren 16 aleen komiki istorioak eta artikuluak sarean ikus daitezke, KMKren hemeroteka historikoan). Edota 1935ean euskaraz argitaratzen hasi zen Poxpolin agerkariaren zenbait ale (Isaac Lopez de Mendizabalek, Bartzelonako TBO argitaletxearen baimena lortuta, orduko argitalpen hartako istorioak euskaratu eta kaleratu zituen). Historiaren parte dira, halaber, Zeruko Argiak 1960tik 1969ra kaleratutako Pan-Pin haurrentzako gehigarriko istorioak. Izan ere, kanpoko zenbait pertsonaia euskaratu zituzten lan hartan eta, esaterako, Zipi y Zape ezagunak Patxi eta Peru izendatu zituzten, eta Mortadelo y Filemon, aldiz, Txorixo eta Txistorra. Gehigarri horren 45 ale inguru dituzte Komikigunean. Aldizkari berantiarragoen erakusgarri ugari ere badira, hala nola, Napartheid eta Ipurbeltz ezagunenak, baita Habekomik-en bilduma osoa ere. Jakina, egun argitaratzen den Xabiroi aldizkariak ere badu lekua.
Orain arte egindako, egiten ari diren eta aurrerantzean egingo den bilketa lanarekin, hutsune hori betetzea espero dute Komikigunearen arduradunek. Lopez de Etxezarretak euskal komikiaren aldeko apustua berretsi du, eta testuinguru zabalagoan kokatu: “Garran­tzitsua iruditzen zaigu euskal kulturaren aldeko apustua egitea. Beti defendatu izan dugu KMK-k liburutegi nazionala izan beharko lukeela, eta KMKn bertan euskaraz sortutako literaturari garrantzi handiagoa ematen hasi nahi dugun moduan, zergatik ez nolabait bigarren mailakotzat jotzen diren arte eta literatura adierazpen horiei ere lekua eman? Baina hori Euskal Herriko ikuspegitik eginda. Hortaz, esku artean genituen aktiboak aprobetxatuta, eta aparteko inbertsiorik egin gabe, aukera eduki dugu jauzi bat eman eta euskal komikigintzarentzako erreferentziazko gunea izan nahi dugula esateko. Hartara, funtsen logika ikuspegi horren arabera lantzen hasi gara, eta Euskal Herriko komikigintza ordezkatuko duten funtsak eskuratzen”. Horrenbestez, “hasi gara sistematikoki erosten euskal komikigintzari dagozkion obrak”.
Antzinakoak eta oraingoak, denak kabitzen dira Komikigunean. Bi solairu ditu eraikinak. Lehena, dokumentuak aztertzeko prestaturik dago. Hots, hiztegiak, entziklopediak eta komikiei buruzko liburuak daude bertan, erabiltzaileek zuzenean kontsulta ditzaten. Beheko solairuan, aldiz, Komikiguneko funtsak gordetzeko biltegia dute. Tenperatura, hezetasun eta argitasun baldintza egokiekin, 2000. urtea baino lehen argitaraturiko komiki eta gainontzeko dokumentuak gordetzen dituzte hor, dokumentu zahar eta baliotsuak barne.
Beheko solairua ez da gune irekia, Komikiguneko langileak bakarrik ibil baitaitezke bertan. Erabiltzaileek lehen solairua balia dezakete. Hori bai, dokumentu oro gunean bertan soilik kontsulta daiteke, hau da, ezin dira maileguan hartu. Kontsultarako gai eta dokumentuak aldez aurretik jakinarazi behar zaizkie Komikiguneko langileei, aurretik hitzordua eskatuta. Hala, materiala prest izateaz arduratuko dira Komikigunekoak, arreta pertsonalizatua ziurtatze aldera. Komikiak maileguan hartzeko, KMK-ko Komikiteka izeneko aretora jo daiteke. Bertan, hainbat komiki aurki eta eskura daitezke, "2000. urtetik aurrera argitaratutakoak, batez ere”, Arnaezek dioenez.
Gordailu eta topagune
Nolanahi ere, gordailu hutsa baino askoz gehiago da Komikigunea. Komikigintzan dabiltzanen gune izateko xedez jaio baita, euskal komiki egile eta zaleen topagune eta dinamizatzaile izan dadin. “Gunea programazio batera zabalik dago”, nabarmendu du Lopez de Etxe­zarretak. Hala, dagoeneko egin dira hainbat aurkezpen; euskal komikilarien bilkura bat burutu dute; webgunean (http://kmk.gipuzkoakultura.eus/eu/komikigunea) arreta berezia eskaintzen diete komikiaren inguruko berriei eta Komikigunean egiten direnei. Finean, komikigintzan dabiltzanek gunea bere egitea nahi dute Komikigunearen arduradunek. Lopez de Etxezarretaren aburuz, “beharbada hori da garrantzitsuena: gunea nolabait zabalik eta beraien esku egotea. Beraiek gauzak egin ditzatela. Izan dadila zerbait irekia, dinamikoa eta sortzaileek beraiek kudeatzeko aukera edukiko dutena”. Hots, erreferentzia-maila eman guneari eta "gai izan katalizatzeko edo gure egiteko Euskal Herri mailan komikigintzari eskaintzen zaizkion proiektu, egitasmo, erakusketa eta jarduerak”.
Gune irekia izan nahi du Komikiguneak. Jarduerak burutzeko ez ezik, bilduma oso­tzeko unean ere. Adibidez, jendearen komiki eta materialak jasotzeko prest dira. Are, gunea aurkeztu zutenetik, zenbait herritar joan zaie materiala emateko asmoz. Arnaezen hitzetan, “esate baterako, duela gutxi, hemen inguruan bizi den batek El Vibora aldizkariaren bilduma osoa ekarri zigun, eta oso ongi etorri zaigu. Oraingoz, tokia sobera dago eta esku zabalik gaude. Horixe esaten diegu bai zaletuei, bai marrazkilariei: etxean euren aldizkari eta marrazkiak gordetzeko tokirik ez badute, ekar ditzatela. Hemen ongi zainduta egongo dira eta erabilera emango zaie”.

Harrera ona

Gune ireki eta dinamikoa izateko xedez jaioa, erabiltzaileen erantzunak izaera hori berre­tsi du. Arnaezek azaldu duenez, orain artean “harrera ona izan du Komikiguneak. Jende askok sorpresaz hartu du. Egia esan, gerturaturiko jendea oso gustura egon da. Etortzen dira bai zaletuak, bai ikerlariak... denetarik”. Sortzaileekin batera egindako jarduerek ere eran­tzun ona izan dute, izan aurkezpen, hitzaldi edo bilkura. Arnaezen hitzetan, “komikizalea oso fidela da. Gutxi dira, baina oso leialak, sumatu dugunez”. Bestalde, sortzaileek zer diote? Izan ere, Komikigunearen jardunaren ardatz nagusietakoa eurek osatzen dute. Patxi Huarte Zaldi Eroak dioenez, “guretzat ona da. Dinamizatzaile bezala, oso egokia”. Dani Fano marrazkilari eta Xabiroi aldizkariaren arduraduna ere antzera mintzo da: “Horrelako ekimen guztiak beti dira berri onak”. Hori bai, asmoak gauzatu egin behar direla nabarmendu du. "Administrazioaren aldetik oso borondate ona ikusten da, gure aldetik ere oso harrera ona izan du, baina gero hori gauzatu egin behar da. Asmoak oso ongi daude, baina ekinean emango diogu egiazko forma: benetan beraiek irekitzen badute leku horren atea eta dinamizatzen badute eta guk ere parte har­tzen badugu”. Hala, zuhurtzia dago bere esanetan. “Komikilariak oso ohituta gaude zuhurtasunera. Askotan, usteak erdiak ustel izaten direlako. Baina, oraingoz, konfiantza handia daukagu”. Ekinak erakutsiko du, Fanoren aburuz, ekimenaren balioa. Horretan, hain zuzen, Komikigunean orain artean ongi ari direla uste du:  “Ireki zutenetik, gauza dezente egin dira, eta oso interesgarriak. Hortaz, hasiera oso ona izan da. Oso talde dinamikoa dago hor lanean, eta gogotsu saiatzen dira. Geuk ere, gure aldetik, gauza asko egin ditzakegu: inplikatu, hara joan eta parte hartu”.