“Dena dohainik eskatzen da, baina sortzaileak bizi egin behar du”

muguruza

Jabier Muguruza (Irun, 1960) dagoeneko buru-belarri sartua da kaleratuko duen hurrengo diskoan. Aurrekoarekin (Beste hogei, Resistencia, 2013) musikan jarraitzeko asmoa adierazi zuenez, hitza betetzera dator. Hori bai, literaturan sartu-irtena egin ondoren, berriki plazaratu baitu Hilen logika ezkutua (Erein) ipuin bilduma. Dena den, berak argi du tarteka idatzi ere egiten duen musikaria dela, eta musikarekin lotzen da eman digun berria ere: beraren omenezko kontzertua eta diskoa prestatzen ari dira Katalunian, hango musikari gazteekin. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Lotura berezia duzu Kataluniarekin, nondik datorkizu?
Oso modu xumean hasi zen harremana: Bartzelonako klubetara joaten hasi nintzen, kontzertuak hango aretoetan eskaintzen... eta hasieratik sumatu nuen zerbait hango publikoarekin. Hango prentsan ere sekulako babesa izan dut, oso kontzertu garrantzitsuetarako deitu didate... Lotura horren neurria azaltzeko, esango dizuet aurten Katalunian kontzertu bat egingo dela Jabier Muguruzaren ibilbidearen omenaldi modura-edo. Bertan, kantari katalan gazteek beraiek aukeratutako nire kantuetan parte hartuko dute, katalanez, eta nik euskaraz kantatuko ditut nire abestiak; gainera, zuzenean grabatutako diskoa aterako da. Niretzat hori oso handia da.
Maite zaituzte...
Argi dago! Ni beti ibili naiz poesiatik eta jazzetik hurbil, ez naiz jendetza biltzen duen artista. Halere, badago gutxiengo handi bat, niretzat oso garrantzitsua. Katalunian beti irudi­tzen zait zorretan nagoela. Omenaldiarena oso polita da, nahiz eta bere alde txarra eduki. Ai, ai, ai, omenaldiak... kar-kar! Gogoan dut Mikel Laboak, hirurogeitaka urte zituela egin zioten omenaldi batean, esan zidala: “Nik ez daukat erretiratzeko asmorik, e?”.
Nola ari zara ikusten Kataluniako prozesu politikoa?
Badago eztabaida ezinezko kontu bat: herriek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dute. Hori argi daukat, eta horixe aipatu diet beti katalanei azken kontzertuetan. Bestalde, nik han ezagutzen ditudan askok, tartean federalismoaren aldekoak, une jakin batean erabaki zuten “ez federalismorik, ez ezer! Independentzia behar dugu”. Horrek ez du balio estatistikorik, jakina, baina ez da kasualitatea. Federalismoa oso indartsu ikusten nuen han, baina momentu batean egoerari onartezina iritzi eta “aski da!” esan zuten. Eskubide osoa dute erabakitzeko, eta iruditzen zait lortuko dutela erabakitzea. Duela gutxi egon naiz bertan eta horrela ikusi ditut: Espainiarekin nazka-nazka eginda. Zanpatu nahi izan dituzte eta orain buelta dator. Aurrera egingo dute, geldiezina da.
Katalunian egon zara hango ikasle gazteekin euskal kulturaz aritzeko. Zer galde­tzen dizute, zer kontatzen diezu?
Nire esperientzia azaltzen saiatzen naiz. Uste dut inpaktua sortzen duela azaltzeak euskaraz jakin gabe nola interesatu nintzen hizkuntzagatik, nola hasi nintzen ikasten eta nola jarri nintzen harremanetan hizkuntzarekin berarekin, baina baita euskal kulturarekin ere. Niri kultura oso inportantea iruditzen zait, eta ikusten dut Katalunian hizkuntza eta kultura oso lotuta daudela; hemen, ez horrenbeste. Hemen, jende asko ikusten dut euskara errebindikatzen, eta ados nago, baina kultur eduki indartsuak ere behar ditugu, bestela ez dakit jendea kateatuko ote den...
Haur eta gazte literaturan hainbat liburu argitaratuta, ibiliko zinen Idazleak ikaste­txeetan programan...
Bai, urte piloa daramat horretan. Bide batez, kritikatxo bat eta mezutxoa Jaurlaritzari, hortik ere dirua kentzen eta kentzen ari baita. Oso programa interesgarria da, itzela. Horrelako bizpahiru bisita egin ohi ditut urtean, neska-mutikoak oso pozik ikusten ditut eta neu ere halaxe ibiltzen naiz. Gozamena izaten da, eta horren defendatzaile sutsua naiz. Musikarekin ere egin beharko lukete, Foru Aldundiak garai batean egiten zuena berreskuratu, hau da, musikariak eskoletara eraman formatu txikiko kontzertuak eskain­tzera-eta. Zirkuitu hura oso interesgarria zen. Beti esaten dugu transmisioak huts egiten duela... Bada, hasi eskoletatik!
Kezkatua agertu izan zara entretenimendua ez den kultura pisua galtzen ari delako...
Egungo plastiko horretatik aldenduta, gauza txukunak eta entretenituak egin daitezke,  zaborra ez diren gauzak, mezu lotsagarriak zabaltzen ez dituztenak... Kultur eskaintza eta entretenimendua, duela gutxira arte, elkarren ondoan egonda, ondo moldatzen ziren, baina orain iruditzen zait entretenimendua gainon­tzekoa jaten ari dela. Haatik, biak behar ditugu. Entretenimendu duina behar dugu, zer pen­tsatua emango duena, sakona... baina dena ari da zailtzen. Adibidez, traste teknologiko berri hauekin beste inteligentzia mota bat ari da garatzen, norabide askotakoa, aldiberekotasuna bultzatzen duena... Horrek baditu alde onak, baina alderdi txarra da kontzentrazio gaitasuna galtzen ari dela. Teknologia berriei uko egin gabe, badaude arrisku objektibo ba­tzuk; irakasleekin hitz egitea baino ez dago. Entretenimendua behar dugu, baina baita sentiberatasuna ere, eta hori transmititu egiten da. Transmisioaren ideia inportantea da; gurasoak kexu direnean seme-alabek hau edo bestea egin edo esaten dutelako, beraiek nola joka­tzen duten pentsatu beharko lukete.
Musikan zein literaturan euskaraz sortu arren, euskara ez da zure ama-hizkuntza. Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?
Ez dakit zehazki zergatik... Ingurua ahalegin edo apustu horretan sartu zen, 80ko hamarkada famatu hartan hasi ginen bikotekidea, anaiak... Gu ez ginen euskaldunak, baina etxean bazeuden erreferente euskaldun batzuk, euskal musika entzuten zen... Musika garrantzitsua izan zen, horrekin lotuko nuke halako batean konturatzea ez nekiela ezer euskarari buruz. Hasi, hutsetik hasi nintzen euskaltegian.
Behin ikasita, sormen lana euskaraz egitea ere ez zen errazena izango zuretzat.
Ez diot neure buruari meriturik kendu nahi, meritua dugu euskaldun berriok eta aldarrikatu egiten dut nire euskaldun berri izaera hori. Halere, zorte handia izan nuen, hasi nintzelako kolaboratzen Xabier Lete, Bernardo Atxaga, Imanol, Antton Valverderekin... besteak beste. Erdi kasualitatez izan zen, baina Euskal Herria ez da handia eta batekin eta bestearekin egiten duzu topo: jende euskaltzalea, kultur maila handikoa... Pixkanaka-pixkanaka, gero eta gehiago katigatu nintzen kultura eta euskararekin, euskara eta kulturarekin.
Zergatik jarri diozu liburuari lehenengo ipuinaren izena?
Zalantza handiak izan genituen: ipuin guztientzat balioko zuen izenburu generiko bat ala ipuin batena hartu. Ipuin hori berezia da, oso gustukoa dut. Gainera, umeentzat idazten jarraitzen nuen arren, Erlea aldizkaritik ipuin bat idazteko eskatu zidatenean, horixe idatzi nuen. Horrek jarri ninduen berriro mar­txan, aspaldiko partez, 15 urte zirelako helduentzako azken lana argitaratu nuenetik.
“Nire liburuetan esaten direnak garran­tzitsuak dira, baina esaten ez direnak are gehiago”. Zer isildu duzu?
Isilune eta iradokizunekin jolastea da nire hizkera, baita musikan ere. Iruditzen zait joko horrek asko ematen duela. Musikan garbi ikusten da; jende askok esan du, adibidez, baterian emandako kolpea baino garrantzitsuagoa dela, agian, eman gabeko hori. Elkarrizketa batean, isiluneak ere oso garrantzitsuak dira. Bilaketa horretan nabil beti, baita liburuan ere. Harrokeriarik gabe diot iritzi onak jasotzen ari naizela; horien artean, irakurle batek idatzi zidana asko gustatu zitzaidan: “Ipuinez ipuin irakurtzen ari naiz, eta, bat bukatutakoan, zerbait gera­tzen zait hor, buruan, eta pentsakor gelditzen naiz”. Ederra iruditu zitzaidan.
Orain zer, idazten jarraituko duzu ala musikan arituko zara?
Hurrengo diskoan sartuko naiz buru-belarri, gauzak ondo egin nahi izatekotan, lan horrek denbora asko eskatzen duelako. Dagoeneko hitz egin dut Mikel Azpirozekin, testu batzuk idatzi ditut... Pozik nago liburuarekin, baina ez dakit literaturarekin jarraituko dudan; nahiko nuke, baina idazteak asko nekatzen nauen jarrera eskatzen dit: oso erne egon behar da, oharrak hartu... Musikarekin ez zait hori gertatzen: lasai egon naiteke taberna batean, etxera joan, pianoaren aurrean jarri eta lanean hasi. Arratsalde batean zerbait aterako da, beste egun batean ezer ere ez... Ruperrek esaten duen bezala, “zenbat denbora 'galdu' behar den kantu bat egiteko!”. Idazteko, aldiz, datu asko behar dira eta, nahiz eta neuri gertatutako gauza asko erabili ipuinak sortzeko, horiek ere apuntatu egin behar izaten dira. Etengabe jardun beharreko sentsazioa izaten dut. Galderara itzulita, orain diskoari helduko diot, nahiko metodikoa naizelako lanean. Nirea ez da artista madarikatuaren irudi bohemioa: bi urterik behin atera ohi dut diskoa, gero urtebete aurkezten eta kontzertuak ematen, eta berriro martxan hurrengoa prestatzeko.
Kezka soziala ageri da zure azken diskoan eta liburuan...
Bai, areagotu egin zait kezka hori. Bizi duguna ez da krisia, disparatea baizik. Gainera, ez dugu konpondu: lehengoek segitzen dute agintzen, eta, bitartean, gu hemen gabil­tza gure gauzatxoekin saiatzen, baina maila­txo batean baino ez, ezinezkoa delako. Disparate hutsa da! Kezka soziala areagotu egin zait, sufrimendua handia delako, zer esanik ez etorkizuneko munduan pentsatuz gero. Halere, ez dut honen ezkor jokatu nahi, arnasa behar baitugu, kafetxo bat hartu, barre  egin... Bestela, ito egiten gara eta ez da komeni, bizi egin behar da, topera. Topera bizitzea, ordea, ez da desfasea, baizik eta topera saiatzea gauzak behar bezala egiten, gustura eta biziki.
Musikan bakarlari 21 urte igarota, berdinak dira orduko ilusioa eta oraingoa?
Nik ilusio handia dut, baina garai konplikatuak dira. Obra krisian dago, beste molde ba­tzuk ari baitira zabaltzen. Egokitu egin beharko dugu, baina obraren galera handia da. Durangon salduko dira ale batzuk, kontzertuetan ere bai, baina oro har... Kontzertuetarako kontratazioak asko ari dira jaisten eta baldintzak askoz ere okerragoak dira... Ordaindu behar bada, jende gaztea askoz ere gutxiago joaten da kon­tzertuetara... Horretan hanka sartu dugula uste dut, eta beldur naiz ez ote den berandu samar izango. Dena dohainik eskatzen da, baina sor­tzaileak bizi egin behar du... Alderdi negatiboak dira guztiak; hori da errealitatea, ordea. Nik badakit nola dauden lankide batzuk, etxean sartuta eta depresioak jota. Martxan gaudenok, berriz, lan piloa egiten bizimodua ateratzeko. Garai zailak dira, hori ezkutatzea ez da oso zintzoa; halere, nire apustua jarraitzea da. Hurrengo diskoa ederra izatea nahi dut, badaukat ilusio hori.

KOLKOTIK

Bakarlari eskaini zenuen lehen kontzertua? Lesakan, 1994an. Zer izango litzateke Jabier Muguruza musikarik gabe? Musika asko maitatu arren, biziko nintzateke. Disko bat? Oraintxe bertan, Napoka Iriaren Arnasten ikasteko berriz. Musikari bat? Mikel Azpiroz. Musika tresna bat? Bandoneoia. Idazle bat? Natalia Ginzgburg. Liburu bat? Gizona bere bakardadean. Igande euritsu baterako planik onena? Bazkalostea familiarekin edo lagun onekin, horrek urrea balio du; gero, antzezlan bat, film on bat edo kontzertu lasai bat. Biharko egunkarian irakurri nahiko zenukeen albistea? Hezkuntza, eta horren jarraipena den kultura, baloratu egiten direla. Zer eskatu diozu urte berriari? Euskal Herrian pertsonak kon­tzienteagoak eta libreagoak izatea; kulturak eta hizkuntzak gero eta gehiago maitatzea, besteak etsaitzat hartu gabe; jendea gure kulturara hurbiltzea; Euskal Herri sentiberagoa eta kritikoagoa; iruzur, eta ez krisi, honetatik ateraz joatea... Bi arrazoi euskara ikasteko? Ikuspuntua aberastuko dizu eta galtzen ari zaren hori, kultura zoragarri hori, ezagutuko duzu.