'Goenkale' aurten amaituko da

goenkale

Azken denboraldia izango du Goenkale telesail beteranoak. Hogeita bat urtez emisioan izan eta gero 2015eko abenduan eskainiko ditu azken kapituluak. Hala adostu dute ETBren zuzendaritzak eta telesailaren ekoizle Pausoka ekoizpen-etxeak. ETBren zuzendaritzak jakinarazi duenez, “Goenkaleren grabazioak hamar astez luzatuko dira Miramongo produkzio zentroan. Oraindik goiz da 2016ko programazioaren ardatzak zehazteko, baina egia da bultzada eman nahi diegula fikziozko telesailei datorren udazkenean, proiektu berriak estreinatuz eta aztertuz”. Horrenbestez, 1994an hasitako ibiliaren azken urratsak izango dira aurtengoak. Hil honetatik aurrera, kapitulu bana eskainiko dute astero ETB1en: astelehenetan, 22:15etik aurrera.


IDAUZE-MENDIKO gazteek egingo dituzte aurtengo maskaradak, eta dagoeneko finkatu dute egutegia. Lehen emanaldia urtarrilaren 18an izango da, Idauze-Mendin bertan, eta azkena herri berean, halaber, apirilaren 19an. Tartean, honako lekuetan ikusi ahal izango da Zuberoako maskarada: urtarrilaren 25ean, Atharratzen; otsailaren 1ean, Urdiñarbe/Muskildin; 8an, Garindainen; 15ean, Gamere-Zihigan; martxoaren 1ean, Altzürükün; 8an, Ürrüstoi-Larrabilen; 14an, Maule-Lextarren; 21ean, Santa Grazin; 28an, Zalgize/Irurin; apirilaren 5ean, Barkoxen; eta 12an, Sohütako Hoki auzoan, azkeneko hori berresteke badago ere. 1999an antolatu zuten azkenekoz Idauze-Mendiko gazteek ekitaldia, eta orduan aritutakoen laguntza izanen dute aurten. Dantzan.eus webguneak jaso duenez, aurten inauteriari zen­tzua handitu nahi diotela-eta, maskaradetako sinbolo eta pertsonaiak landuko dituzte Idauze-Mendikoek. Era berean, maskaradan euskarak duen leku nagusia nabarmenduko dute. Lanketa horren guztiorren emaitza hilaren 18tik aurrera ikusi ahal izango da Zuberoako herrietan.

LABURREAN

xaloaIRUÑERRIAN euskara hutsezko telebista ikusi ahal izango da. Izan ere, crowdfunding bidez eginiko kanpainari esker, Xaloa Telebistak Iruñerrian igorri ahal izateko beharrezko inbertsiorako dirua, 50.000 euro, lortu du. Norbanako zein talde eta eragileren ekarpenen artean, AEKren diru ekarpena ere jaso du. Gainera, hitzarmena ere sinatu dute. Hala, Xaloa Telebistak 19. Korrika bultzatzen lagunduko du, jarraipen berezitua eginez.


 

 

 

 

zinegoakBERRIKUNTZA nahikotxo izango ditu Zinegoak Bilboko Gaylesbotrans 12. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak. Esaterako, euskarari leku handiagoa emango zaio programazioan eta, lehenengoz, film laburren hiru zikloetako lanak euskarazko azpitituluekin eskainiko dituzte. Off programari ere indarra emango zaio,iaz baino lan gehiago eskainiz aipaturiko programan. Gainera, Bilboko hainbat lekutara ez ezik, Euskal Herriko beste zenbait herritara ere zabalduko dituzte emanaldiak. Esaterako, Getxo, Donostia eta Sestaora. Urtarrilaren 26tik otsailaren 2ra egingo da 12. Zinegoak, eta, ohiko atalez gain, Pier Paolo Pasoliniren lanari eskainitako zikloa izango du.