'Tania tank', Tania de Sousa bakarkako ibilbidean

tania

Tania de Sousak bere lehen diskoaren aurkezpen lanetan jarraitzen du. Hala, hurrengo hilaren 13, 21 eta 27an Berriz, Urretxu eta Larrabetzun izango da, hurrenez hurren, kon­tzertua eskaintzen. Hala ere, De Sousa ez da berria musikaren munduan. Aurretik hainbat talderekin aritua da, The Dispositives-ekin, esaterako, baina Muguruzaren Zuloak egitasmoak eskaini dio, batez ere, oihartzuna. Oraingoan, ordea, bere-berea den diskoa kaleratu du, hamabi abestiz osatua. Hi­tzei dagokienez denetarik aurki badaiteke ere, maitasunaren eta barne sentimenduen gainekoak dira gehienak. Musikalki, berriz, aurreko lanetan baino erritmo melodikoagoekin estreinatu da De Sousa, pop doinuak baititu bereizgarri lan honek. Lagunak aukeratu ditu De Sousak proiektu honetarako taldea sortzeko: Maitane Alonso (baxua), Fermin Bouza (gitarra, koruak eta sintetizadoreak) eta Ander del Sol (bateria); eta kolaboratzaileen artean dira, besteak beste, Maite Arroitajauregi Mursego, Koldo Soret, Xabi Solano, Muguruza bera...


markosSEINALEAK da Markos Untzetaren azken diskoa. Bere inguruneko  errealitatearen zati baten erretratua egin du musikariak, “aldamenean izanagatik, maiz ikusezina egiten zaigun edo gure bizitzetako erosotasuna ez urratzeagatik kontuan hartu nahi ez dugun errealitate horrena”, lana kaleratu duen Gaztelupeko Hotsak diskoe­txearen arabera. Blues-folk ukituak dituen rock estiloan, abestien hitzak estalkiaren gainetik nabarmendu nahian, atmosfera ilun eta itogarria sortu du lan berrian musikari dagokionez, gitarraren eta aho-soinuaren laguntza soilaz. Herrialde anglofonoetan hezitako musikaria izanik, Untzetak nabaria du hangoen eragina: Bob Dylan, Neil Young, Bruce Springsteen, Van Morrison... Euskal Herrira itzulitakoan hasi zen berriro euskaraz idazten.

 

angerANGER
Sute perfektua
Bonberenea Ekintzak, 2014

Lan berria hamar abestiz osatu du laukote arrasatearrak, horietako bat Ruper Ordorikaren Zaindu maite duzun hori kantaren moldaketa, orain arteko ibilbidean disko batean sartu duten estreinako bertsioa. Azken urteotan landutako post-hardcore estilotik urrundu barik, Karlos Osinaga Txap teknikariarekin grabatutako lana sonoritate anitzekoa da. Hamazazpi urte igaro dira Anger sortu zenetik, rock-metaletik hurbilago orduan, baina hitzetan ingurunea ikuspegi kritikoz azter­tzen jarraitzen dute, sormenak ahalmen eralda­tzailea duelakoan.

kupelaKUPELA
Eutsi goiari
Elkar, 2014

Talde honek, 2006. urtean bere ibilbidea jorratzen hasi zenetik, herrikoitasunaren eremuan asmatu du, gure auzoetako festa beroak suspertuz eta erromeriaren uniber­tsoa elikatuz. Angel Larrañaga eta Xabier Zabale Alberdi, eskuz esku, bertsoa eta soinua berezko senarekin uztartuz joan dira aurrera, euskal jendearen bihotzak pozez bete­tzen, soinu txikiaren historian arrasto garran­tzitsua utzita. Bosgarren lan honetan, bere formula amaigabea erabil­tzen du taldeak, beste behin, eurek bakarrik sortzen dakiten zapore autentikoa lortzeko.