Hunkigarria

                                                   

katuenIstorio bat dago Apurturen azken diskoaren atzean: taldeko gitarrista eta abeslari Aitorrek Bulgarian eman behar izan zuen bolada luzea, ume jaioberria hango ospitale batean egon zelako hil ala biziko egoeran, Euskal Herrira ekarri ezin zutela. Pentsatzekoa denez, hil haietan sentimendu kontrajarri asko pilatu ziren Aitorren gogoan: esperantza eta etsipena, tristezia eta adorea... Bada, horiek guztiak islatzen dira Katuen hirian. Diskoa bikaina da, seguru asko 2014an Euskal Herrian grabatutako punk rock diskorik onena, eta zenbait pasartetan zirrara sakona eragiten du entzulearengan. Esaterako, Ozhivei / Bizi hadi sehaska kantuan (bi bertsiotan dago, bulgarieraz eta euskaraz) edo amaierako Etxera goaz izenekoan, larrialdia gainditu eta familia osoa etxera joan daitekeela ospatzeko idatzia (“Hasieratik genekien hala izango zela, baina, azkenik, esperotako eguna iritsi da. Etxera goaz elkarrekin, etxera goaz gureekin”). Hunkigarria.

Gotzon Hermosilla