Unai Baztarrika

baztarrikaHas nadin poesiarekin; erraza ez den arren, euskal poesiagintzak emandako harribitxien artean bat aukeratzen. Aspaldion gehien ukitu nauen poema liburua proposatzen dizuet, Iñigo Astizen Baita hondakinak ere (Susa, 2012) poema-sorta ederra. Soiltasunetik abiatutako abentura zirraragarria da, poesiarako hurbilketa ezin hobea.
Bigarrenik, euskal literaturako klasiko bihurtu den nobela bat, Unai Elorriagaren SPrako tranbia (Elkar, 2001). Bere estiloa garatu duen euskal idazlearen lehen perla izan zenak arrastoa uzten du, irritik gazira maisutasunez jauzi eginarazten dizun bitartean.
Azkenik, itzulpen bat gomendatu nahi dizuet, AEBetako euskal jatorriko idazle baten maisulana: Robert Laxalt­en Dominique, artzain xiberotar bat Nevadan (Elkar, 1988). Aita zenaren bizi­tzan hausnartzen du liburuan, Zuberoako herrixka batetik Ipar Amerikako mendebalde basatira salto egindako artzainaren bizitzaz, hain zuzen. Gure mugetatik kanpo aski ezaguna den idazlearen harribitxia da, eta euskal emigranteen esperientziaren erakusgarri fidel bezain gordina.