Martxan da eLiburutegia, Euskadiko Liburutegi Digitala

eliburutegia

Euskal Autonomia Erkidegoko udal liburutegien erabiltzaileek liburu digitalak maileguan har­tzeko aukera dute azaroaren amaieratik, Eusko Jaurlaritzak abian jarritako eLiburutegiari, Euskadiko Liburutegi Digitalari, esker. Berez, EAEko udal liburutegi guztien erabiltzaileek baliatu ahal izango dute, Donostiako, Bilboko eta Santurtzikoenek izan ezik. Azken horiek 2015ean batuko dira sarera. Liburutegietako bazkideek ezer gutxi egin behar dute liburuak on-line mailega­tzeko: euren liburutegietara jo eta alta eskatu. Behin erabiltzaile izena eta pasahitza eskuratuta, katalogoko liburuak leitu ahal izango dituzte hala liburua deskargatuta, nola streaming bidez. Mailegu zerbitzua 24 orduz eskainiko da, eta 21 eguneko iraupena izango du mailegu bakoitzak. Gehienez ere bi liburu hartu ahal izango ditu erabiltzaile bakoitzak. Azaroaren amaieran ipini zuten martxan eLiburutegia, 1.500 izenbururekin. Urtea amai­tzerako, 3.000tik gora ziren, eta aurten 15.000 baino gehiago ipini nahi dituzte erabil­tzaileen eskura. Titulu bakoitzaren lizentzia Eusko Jaurlaritzak ordaindu du, eta, hasiera batean, 25.000 lizentziarekin abiatu da eLiburutegia. Euskarazko eta gaztelaniazko lanak biltzen ditu katalogoak, gaztelaniazkoak ugariagoak izan arren.


aizuINTERNETEN euskararen eta euskal kulturaren bereizgarria izango den .eus domeinu-izenak urrats garrantzitsua eman zuen abenduaren 3an. Euskararen Nazioarteko Eguna ospa­tzearekin batera, 1.192 .eus domeinu-izen aktibatu zituzten, tartean AIZU! aldizkariarena: www.aizu.eus. Abiarazte aldian erregistraturiko domeinu-izen horiek guztiak aktibatzeaz gain, fase irekia ere jarri zuen martxan .eus-ek. Hau da, publiko orokorrari zabaldu zaio .eus baliatzeko aukera. Hala, edonork eskatu ahal izango du domeinu-izena, beti ere bi baldintzotako bat betez gero: webgunearen edukien zati bat gutxienez euskaraz egotea eta, hala izan ezean, webgunean euskal kulturari buruzko edukiak izatea. Erregistratzeko, edota bestelako informazioa jaso ahal izateko, www.domeinuak.eus gunera jo behar da.

 

LABURREAN

badokBADOK Berria-ren Euskal Musika Ataria (www.badok.info) segapotoetan ere balia daiteke, sakelakoetarako aplikazioa sortu baitute bai Android, bai iOs sistema eragileetan erabiltzeko. Horri esker, gunearen eduki berberak daude erabilgarri. Hots, euskal musikari eta musika taldeei buruzko informazioa eskura daiteke, eta 13.000tik gora euskal kantu entzun. Aplikazioa doan lor daiteke Google Play eta Apple Store dendetan.

 


azkueRESURRECION MARIA AZKUEREN (Lekeitio, 1864 – Bilbo, 1951) lan argitaratu guztiak bildu, katalogatu, sistematizatu eta digitalizatuko ditu Jakin taldeak, Euskaltzaindiak eta Bizkaiko Foru Aldundiak eginiko hitzarmenari esker. Azkueren lan oparoa 2016 baino lehen digitalizatuko du Jakinek, eta erabiltzaileen eskura jarri.