Optimismo apur bat

Optimista izatea ez dago oso ondo ikusia, baina zer arraio: uste dut internauta euskaldunok baditugula azken egunotan pozik egoteko arrazoiak. Internet erabiltzaile euskaldun gisa bi dira (gu­txienez) urte berriari ongi etorria pozik emateko zioak.
Lehenengoa, (pentsatuko duzuenez) puntu .eus domeinuaren irekiera publikoa da, eta, batez ere, izandako harrera beroa. Abenduaren 3an ireki zen domeinua nahi duen ororentzat. Ordurako, 1.292 domeinu zeuden aurre-erregistratuta. 24 ordu geroago, 2.000 ziren .eus domeinuak. Hasiera ederra, zalan­tzarik gabe, sarean hain aktibo dugun euskal komunitateari agerikotasun handiagoa ematen lagunduko duena.
Bigarrena hain zuzen ere, nire bloga puntu eusera aldatzeko prestatzen ari nintzela topatu dut: artxibo zaharrak arakatzen, konturatu naiz hamar urte igaro direla Firefox Internet arakatzailea euskaraz dugunetik. Librezale.org taldeko boluntarioek euskaratzen dute Firefox; duela hamar urtetik, sekula kale egin gabe, lanean dabiltza irteten den bertsio bakoitza euskaraz ere egon dadin, beste hizkuntzetan ere irteten den une beretik.
Firefoxenak poz bikoitza dakar, nire ustez: Firefox bera egotea oso albiste ona da berez. Gogoratu besterik ez dago duela hamar urte Internet Explorerrek zuen nagusitasuna, eta haren ondorioz  Microsoftek ezarritako web-funtzio ez-estandarrek egindako bidea. Gogoratzen? Webgune asko Explorerrekin soilik ikus zitezkeen, erakunde eta zerbitzu publikoenak tarteko. Firefoxek estandar irekien aldeko apustu sendoa egin zuen, eta haren arrakastak askoz ere sare irekiagoa ekarri digu.
Bestetik, Firefox euskaratzeak izena eta izana garatzen lagundu zion Librezale.orgi, eta, horren ondorioz, beste software asko ditugu euskaraz boluntarioen lanari esker: Thunderbird posta bezeroa, blogak egiteko Wordpress softwarea, foroak egiteko phpbb... Ubuntu Linux banaketaren euskara­tzea ere Librezaleren eskura igaro da duela gutxi!
Zorretan gaude PuntuEus zein Librezaleko jendearekin, nire iritziz. Bai, asko zor diegu batzuei eta besteei, zalantzarik gabe. Gainera, badugu eskerrak emateko modu sinple-sinple bat: haien lanaren emaitza erabili eta aprobetxatzea!

Loturak, estekak, linkak...

http://domeinuak.eus
Zure webgunea 'puntu eus'era aldatzeko, horra lehenengo pausoa.

http://ttiki.com/108284
Firefox 1.0 euskaraz ere bazegoela iragartzen zuen mezua, duela hamar urte, Librezale.org foroan.

http://librezale.org/wiki/Proiektuak
Librezale.org taldeak martxan dituen proiektu guztiak. Asko eta asko zor diegu, ezta?

Joxe Rojas