Kapitain gudari baten bertsoak musikatu ditu Tapiak

tapia

Joseba Tapiak Tximela kapitainaren izarrak diskoa kaleratu du, Luis Rezola Arana (1914-1993) kapitain gudari tolosarraren poema eta bertsoetan oinarrituta. Hark 1937an Duesoko presondegian idatzitakoak Antonio Zabalak argitaratu zituen Bakardadeko ametsak liburuan, eta Tapiak musika jarri die orain. Musika erantsi eta, gitarra esku artean, kantatu ere bai, Luis Fernandezen biolontxeloa eta Jexux Aranbururen organoa lagun. Lan honetarako, gitarra aukeratu du Tapiak, melodiaren sotiltasunez egoeraren mingotsa eta presoaren bakartasuna adierazteko, eta, aldi berean, euskal kantagintza modernoa abiatu zuten kantariei keinu egiteko. Luis Rezola altxamendu faxista hasi orduko sartu zen erresistentzian, eta Eusko Gudarostean ondoren. Hogeita bi urte zituela egin zuten kapitain, izardun gazteenetakoa bihurturik. Duesoko espetxean preso, bertan idatzi zituen bertsoak salaketa garratza eta sufrimenduaren lekukotza dira: gosea, gaixotasunak, herrimina, familiaren berririk eza, epaiketa militarrak, fusilatzeak...