Kultura hobea

xabiOhartzerako, amaitu zait 2014. urteko asmoa. Urtarrilean azaldu nizun, irakurle estimatua, dozena hau hil kultura hobetzeko proposamenak egiten igaroko nuela. Kulturaren definizio anitzen artean, jendearen aisialdiko eskaintzaren sorkuntzaz eta kontsumoaz aritu izan naiz nagusiki; eta hobea diodanean, kulturgintza jendarte justuago eta jasangarriagorantz bideratzeaz nabil. Sortzaileak gizon eta emakumeen berdintasuna kaltetuko ez duen eredua sustatu behar du; emakumeek ahotsa behar dute, eta emetasuna ezin izan liteke haien ezaugarri bakarra. Programatzaileak tokiko sorkuntza sustatu behar du, tokikotasuna baita unibertsaltasunaren giltzarria, eta sortzaileen etengabeko prozesua elikatu behar baitu. Gidoilariak jakin behar du ikusle batetik besterako aldea gero eta handiagoa dela, ez dezan inor utz istoriotik at, gero eta kosmogonia gehiago biltzen dituen gizarte honetan. Kultura sailetako agintariek zaindu beharko lukete zein den kultur politika globalizatzaileek euren lurraldean uzten duten aztarna, Asiako liztor ikusezin ugari baitago. Kultur azpiegituren arduradunek ondo ikertu beharko lukete euren jardunaren aztarna ekologikoa, garraio publikoaren ordutegi edo eremutik kanpoko programazioetatik hasi eta gehiegizko paper xahutzera iritsita. Ekonomialariek bidea egin behar diete industria sorĀ­tzaileei, argi utzita kultur adierazpide eta jarduera orok ez duela diru-irabazi asmorik. Arteak sormena, oroimen kolektiboa eta enpatia lantzen ditu, besteak beste. Kultur kontsumitzaileek irisgarritasun unibertsala bermatuko duten eskaintzak exijitu behar dituzte, hizkuntza aniztasunaren iraunkortasuna ahaztu gabe. Kalitatearen parametroak etengabe berritu behar ditu aurrera egiten duen kultur sektoreak. Lan bikaina egiten duelakoan dagoen sortzaileak jakin beharko luke kulturgintzan beti dagoela zer hobetu: kultura hobea termino inperfektua baita, erabat sekula osatuko ez dena, baina lehen urratsetik fruituak emango dituena.

Xabi Paia