Bertsolaritza

xilabaBatek txapela kaskoan, besteek txapela zain

Txapel kontu ugari ekartzen ari da bertsolaritza azken asteotan. Hasteko eta behin, Sustrai Colinak irabazi duelako Xilaba Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa. Azaroaren 15ean jokatu zuten finala, Baionan, eta Colina gailendu zitzaien Maddalen Arzallus, Odei Barroso, Eneritz Zabaleta, Xumai Murua eta Ramun­txo Christyri. Finala irabazita, Colinak estreinakoz jantzi du Xilabako txapela. Bizkaia aldean, ostera, txapelaren bila dabiltza hainbat bertsolari: Josi lelopean, jokoan da 2014ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Aurki ezagutuko da garailearen izena, abenduaren 20an egingo baitute finala, Bilboko Bilbao Arenan. Lerrook argia ikusten dutenerako, bigarren finalaurrekoa burutua, hirugarren eta azkena faltako da. Zehazki, abenduaren 7an izango da, Amorebieta-Etxanon. Oraingoz, beraz, finalista bakarraren izena eman dezakegu: Iratxe Ibarra, lehen finalaurrekoa irabazita zuzenean sailkatu dena. Azkenik, Araban, 18 bertsolari dira txapelaren bila abiatzear. Urtarrilean hasiko da 2015eko Arabako Bertsolari Txapelketa, eta martxoaren 21ean amaitu, Gasteizko Printzipal Antzokian jokatuko den finalean. Nolanahi ere, txapelketako lehen bertso saioez gozatu ahal izan dute zaleek, iraila eta urrian aurrekanporaketak jokatu ziren-eta.