Musika

spiceNorena ote da abesti hori?

Gutxitan entzunagatik, hasierako doinua sumatu eta berehala ezagutzen ditugu zenbait abesti. Alderantziz ere gerta daiteke: entzunaren entzunaz, lehen lauzpabost notak adituta nahikoa dugu entzuten hasi garen abestia zein den jakiteko. Memoriaren eta musikaren arteko harreman horri erreparatu dio Manchesterreko Zientzia eta Industria Museoak (Erresuma Batua) Internet bidez egindako esperimentu baten bitartez. Zehazki, gizakiok zenbait abesti zergatik oroitzen ditugun jakin nahi izan dute, eta, horretarako, Hooked on Music izeneko webgunea sortu dute. XX. mendeko 40ko hamarralditik egundaino arrakasta izandako 1.000 abesti pasatxo paratu dituzte gunean. Erabiltzaileek ausazko ordenan entzuten dituzte kantuok, eta ahalik eta azkarren asmatu behar dituzte zeintzuk diren. Azken urtean, 12.000 erabiltzaile inguruk hartu dute parte esperimentuan, eta, horien guztien erantzunak aztertu ostean, Spice Girls taldearen Wannabe kantua ageri da azkarren ezaguturiko abestien sailkapenean: 2,29 segundo behar izan zituzten erabiltzaileek kantua ezagutzeko. Zerrendako hurrengoak honako hauek dira:  Lou Begaren Mambo No. 5 (2,48 seg), Survivorren Eye of the Tiger (2,62 seg), Lady Gagaren Just Dance (2,66 seg), ABBAren SOS (2,73 seg), Roy Orbisonen Pretty Woman (2,73 seg), Michael Jacksonen Beat It (2,80 seg), Whitney Houstonen I Will Always Love You (2,83 seg), The Human League-ren Don't You Want Me (2,83 seg) eta Aerosmithen I Don't Want to Miss a Thing (2,84 seg). Jakina, esperimentuan musika anglosaxoia hartu dute kontuan; hortaz, munduko beste bazter askotan zerrenda ez litzateke berbera izango.