Feminismoa

Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministak egingo dira Ondarroan

Jostorratzak dantzan ditugu! Euskal Herriaren burujabetza feministarantz! lelopean, Emakume Abertzaleen VI. Topaketa Feministak antolatu ditu Bilgune Feministak. Abenduaren 13an egingo dira, Ondarroan, eta hiru helburu nagusi izango dituzte: batetik, krisi ekonomikoaren testuingurua ain­tzat hartuta, patriarkatua hartzen ari den adierazpide eta eraginak antzematea, horiei guztiei aurre egiteko feminismoak dituen aukera eta zailtasunak elkarbanatuta; bestetik, Euskal Herriko burujabetza feminista aztertzea; eta azkenik, Euskal Herria feminista lortzea xede duten feministen sarea indartu eta kohesionatzea. Gai horiek guztiak lantzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, topaketetako gai nagusiak eztabaidatu eta landuko dituzte lantaldeetan, eta, jarraian, ondorioak josiko dituzte. Arratsaldean, aldiz, Trantsizio feminista: intzidentzia politikoa, estrategiak eta boterea(k) izenburupean, mahai-ingurua eginen dute Ainhoa Etxaide Amorrortu, Ana Murcia Guevara, Idurre Eskisabel Larrañaga, Josebe Iturrioz Lopez, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Saioa Iraola Urkiolak. Topaketei amaiera emateko, festa feminista eginen dute. Parte hartzeko, izena ematea derrigorrezkoa da. Horretarako, http://www.2014topaketafeministak.net/ gunera jo daiteke.