Mingainak astintzeko lotsarik ez

zarautzIkasturtea hastearekin batera, gogotsu ekin diete Euskal Herri luze-zabaleko berbalagun eta mintzapraktika egitasmoetako kideek euskara erabiltzeko xedeari. Urola Kostako 40 bat mintzalagunek, esaterako, Mikel Markezen hitzaldi-kantaldiaz gozatu zuten iragan azaroaren 6an Zarauzko Etxezabalan. Kantuak, hitzaldia, pintxo gozoak ondoren... eta, bitartean, beste mintzalagun batzuk ezagutu euskara lotsarik gabe praktikatuta. Halaxe dabiltza, halaber, Gernika-Lumoko eta Bermeoko berbalagunak. Mingainak ez ezik, jostorratzak ere mugiarazten ari dira, gainera. Euskaraz hitz egiteaz gain, Korrika 19ren aldeko ekimena abiarazi dute, auzolanean: elkarlana oinarri, eta patchtwork teknika baliatuta, 50 bat lagun inguru ari dira, piezaz pieza, ohe tapaki bat josten. Astelehen goizetan eta ostiral iluntzeetan Bermeon, eta ostegun arratsaldeetan Gernika-Lumon, eskualdeko herritar ugari bildu ohi dira ohe tapakia josi bitartean euskara praktikatzeko. Tapakia amaitutakoan, Korrika 19ren alde zozkatuko dute. Pixkanaka, elkarlanean, puntadaz puntada, hitzez hitz, auzolana josiz, euskara josiz.