Ez dira garai onak humanitateentzat, noizbait izan badira

arin-arinMikel Onandia, arte historialaria

Filosofian eta Artearen Historian lizentziatua, irakaskuntza eta ikerketa lana uztartzen ditu Onandiak (Durango, 1983), baita arte kritikak egin ere hainbat hedabidetan: Berria-n, Gararen Mugalari gehigarrian, Deiaren Ortzadar izenekoan, Anboto astekarian... Hain juxtu, 2009tik 2014ra bitartean hainbat komunikabidetan euskaraz argitaraturiko 120 arte kritika eta artikulu bilduko ditu Arte Paperak 2009-2014 liburuan. Sans Soleil argitaletxeak plazaratuko du, crowdfunding kanpaina batez lorturiko babesari esker.

 

Kanpaina amaitu baino lehen lortu duzue beharrezko dirua. Espero zenuen?
Itxaropena neukan, baina, egia esan, ez nuen espero hain azkar lortzea eta hain eran­tzun positiboa izatea. Beraz, oso pozik.
Arrakastak ez du esan nahi artearekiko interesa handitu denik, baizik eta zure ingurukoak mugitu egin direla.
Bai, hori hala da, errealista izan beharra dago. Arteari buruzko interesa murritza da jendartean, eta euskararen ikuspegitik are murritzagoa. Hortaz, pozik nago erantzunarekin, eta aurrera egiteko gogotsu.
Arteari buruzko testuetan, lastoa ez denean, mordoilo ilun gehiegi idazten da?
 Arte kritika egiterakoan, zubi lana egiten saiatzen naiz publiko orokorraren eta artelanaren edo artistaren artean. Horrela ulertzen dut arte kritika. Hots, ez da kazetaritza artikulu informatibo hutsa; iritzia dauka, balorazio bat dago. Era berean, ez da adituentzako artikulu hutsa ere, katalogoetan edo aldizkari espezializatuetan garatzen direnen modukoa. Interesa duenari eta publiko orokorrari gertutasunez egina izan behar da. Badago nolabaiteko kriptiko izateko joera edo iluntasuna artearen munduan. Eta komunikabideetan, askotan, inolako kritikarik gabeko literatura informatibo hutsa izaten da, juiziorik egiten ez duena.
Artea arrotza zaio hankabiko arruntari?
Normalean, bai. Nire ustez, oro har, arteak badauka presentzia jendartean, baina ezagutza azalekoa da, beste diziplina ba­tzuen gainekoaren antzera. Zentzu horretan, ez nuke esango berezia denik.
Ezagunagoak dira museoak artistak eta artelanak baino?
Museoak ezagunak dira, baina artistak ere bai. Kontua da zeintzuk diren ezagunak. Normalean izaten dira jada hildakoak, edo museoek jada onartutako artistak. Euskal Herrian, artista garaikide oso garrantzi­tsuak dauzkagu, nazioartean garrantzia daukatenak. Ondo ikusiak, onartuak eta aintzat hartuak dira, baina hemen, publiko orokorraren baitan, ez hainbeste. Oraindik, museoak ezagunagoak dira bizirik dauden eta lanean ari diren artistak baino. Baina, hori ez da berez negatiboa, errealitatea baizik.
Bai artea lantzeko, bai filosofia jorratzeko, garai onak al dira?
Noiz izan dira onak? Humanitateak deituriko diziplina horien barruan sar baditzakegu, ez dira garai onak humanitateentzat, noizbait izan badira. Orain ez. Oro har, jakintza positiboak balioesten dira gizartean, zerbait produzi­tzen dutenak. Hauek, baina, ez dute ezer produzitzen, ez dira baliagarriak. Baina gizakiok beharrezkoak ditugu. Ez da ezer zehatzerako, premiazkoak ditugu. Jakintza positiboak balioesten dira, oso azkar bizi gara... eta, beno, krisi ekonomikoa hor dago. Krisiaren aitzakiarekin diziplina horiek murrizten dira lehen-lehenik.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Seme-alaben barreak.
Eta tristatu? Euriak, eta eguraldi txarrak, oro har. Besteak triste ikusteak ere bai.
Zerk eragiten dizu barrea? Txiste on batek, edo lagunekin elkartzeak.
Eta negarra? Ingurukoen sufrimenduak edo heriotzak, adibidez.
Zer izan nahi zenuen txikitan? Igual zientzialaria, biologoa edo halako zer edo zer. Edo futbol jokalaria.
Orain zer ez zenuke izan nahi? Lanaren esklabo.
Arte diziplina bat? Pintura.
Artista bat? Zaila da... Francis Bacon. Baina beste momentu batean beste bat esango nuke.



Eñaut Mitxelena