Nafarroako Euskararen Legearen aldaketa proposamenak ekarriko al du aurrerapausorik?

ikamika

PSN, Geroa Bai eta Ezkerra alderdiek proposatuta eta Aralar-NaBai nahiz Bilduk babestuta, Euskararen Legea alda liteke aurki Nafarroan. Hori gertatzen bada, Nafarroako eremu ez-euskaldunetan, sare publikoan euskaraz ikasteko aukera zabalduko zaie hala nahi dutenei. Hala, orain artean egin ez duena egin beharko luke Nafarroako Gobernuak: nafar guztiei euskaraz ikasteko eskubidea bermatu. Halere, proposamena ez dago erabat zehaztuta. Esaterako, gutxieneko eskaria zenbatekoa izango den ez dute finkatu, eta badirudi Nafarroako Gobernuaren esku gera litekeela erabakia, orain arte euskararen alde deus egin ez duen Gobernuaren esku, hain zuzen. Alabaina, Nafarroan euskaraz bizi ahal izateko aukera izan liteke... Aldaketa gertatuz gero, baduzue benetako aurrerapausoa izango den itxaropenik? Zangozako AEK-ko B2 mailako ikasleak

1. Patxi

Ez da nahikoa; are gehiago, badirudi nahiko eskasa dela. Ofizialtasuna ez bada lortzen, bide luzea geratzen zaigu euskararen normalizaziorako.

2. Peio

Nire ustez, berandu dator; orain dela hogeita hamar urte, aukera handia galdu zen. Baina, nahiz eta berandu iritsi, momentu honetan oso berri ona da. Hemendik aurrera, ikusiko dugu zer gertatzen den.
3. Alfredo

Nik uste dut ongi dagoela, baina, azkenean, zerbait gertatuko da eta proposamena atzera botako da. Jende guztiak eduki behar du euskara dohainik ikasteko eskubidea.
4. Sonia

Proposamena ongi dagoela uste dut. Niretzat oso berandu dator, urte askoan egon gara euskara ikasteko mugekin. Legea badago, orain ikusiko dugu noiz betetzen duten.
5. Txino

Aldaketa onartuz gero, aurrerapauso txiki bat izango litzateke, baina egiteko askoz gehiago faltako litzateke. Adibidez, euskarari ofizialtasuna ematea zonalde guztietan. 
6. Motolo

Uste dut pauso bat dela eta herri guztientzat hobe izango litzatekeela.