Beikozini: Oilun popa fabriki

beikozini

Kultura areto berria jarri dute martxan Ondarroan; zuzeneko lotura izango du herriarekin eta herritarrekin. Txomin L. Aramaio

Ekainaren erdialdean zabaldu zituen ateak Ondarroan Beikozini areto berriak. Kafe antzokia zegoen lokal berean, baina horren aurretik  zinema izan zen urte askoan, Cine Alameda, hain zuzen ere.
Ondarroan, sasoirik onenetan, hiru zinema areto zeuden, Bide Onera, aipatu Alameda eta Cine Pesca. Horietako bi Artabide kale aldapatsuaren muturretan zeudenez, Bide Onerari “Goiko zini” (goiko zinema) esaten zitzaion eta Alamedari, berriz, “Behiko zini” (beheko zinema).
Lokalaren arduradunek, garai honetan, izen herrikoia berreskuratu nahi izan dute: Beikozini. Lokala, herria eta herritarrak lotu nahi izan dituzte horrela. Urtebete itxita egon den lokala, beraz, zabalik da berriro. Inongo dudarik gabe, herriak, herritarrek eta ingurukoek ere eskertuko dute. Ezin esan Ondarroa geldirik egon denik lokala itxita egon den bitartean, baina halako azpiegitura batek asko errazten ditu gauzak. Batez ere, kultur mailan.“Ollun popa fabriki” (oilo-ipurdi fabrika) izango da aretoaren lema, emozioak, zirrara, irudimena… sormenerako bidea/gunea izango dela transmititzeko.
Dekorazioan bertan ere agerian geratu da herriaren eta aretoaren arteko bat egitea. Izan ere, herriarekin zuzeneko zerikusia duten elementu asko jarri baitituzte aretoan: herriko kontserba fabriketako ontziekin egindako argiak, Alameda zinema zaharreko proiektorea edota horma-irudietan erabilitako herriko lekuen argazkiak, besteak beste.
Beikoziniko guneak
Aretoaren izenari erreparatuz gero beste zerbait eman arren, Beikozini ez da soilik zinema bat izango (hori ere bai, jakina). Beste gauza batzuen artean,  musika kontzertuak, antzerkia, errezitalak, kabareta, dantza eta bertso saioak ere antolatuko dira bertan. Horiek guztiak aurrera eramateko,  aldaketa dezente egin eta aretoa egokitu behar izan dute arduradunek.
Funtzio anitzeko gunea da Beikozini. Alde batetik, taberna eta jatetxea ditu; ordutegi zabala, pintxoak, anoak, ogitartekoak, plater konbinatuak, enkarguz eginiko bazkari eta afariak… Bestetik, kultur areto ere bada. Hainbat eremuz osatutako kultur areto modernoa. Horrez gain, denda, irakurleen txokoa eta umeen esparrua ere baditu.
Irakurleen txokoan, esaterako, Kirmen Uribe idazle eta poeta ondarrutarrak aukeraturiko liburuak eta Luterl komiki taldeak emandako istorio-bilduma aurki daitezke. Umeen gunean, berriz, olgetan egiteko jolas piloa daude oholtza gainean.
Programazioa
Programazio aldetik, ahaleginak egingo dituzte lokal bizi-bizia izan dadin; orain artean, behintzat, hala erakutsi dute. Izan ere, zabaldu zutenetik ez dira gelditu ere egin, eta urtea amaitu bitartean ere antzera ibiliko dira. Martxa honetan, 50 ekitaldi baino gehiago egingo dituzte urte erdian. Bide horretan, kultur arlo ezberdinak jorratu dituzte, eta herriko eragileekin ere bertatik bertarako hartu-emana eduki dute.
Kulturarekin lotutako esparru guztiek izango dute lekua, hortaz, Beikozinin: an­tzerkia, dantza, musika, bertsolaritza... Aurretik aitatu modura, herriko talde eta eragileek ere lekua izango dute bertan, baita Euskal Herriko talde handi zein txikiek ere, eta, nola ez, kanpoko taldeak ere ekarriko dituzte biraren bat edo beste aprobetxatuta. Lokal eklektikoa izatea nahi dute, eta adin tarte guztientzako gauzak egiten saiatuko dira. Musikariei dagokienez, zabaldu zutenetik, besteak beste, Berri Txarrak, Los Chichos, New York Ska Jazz Ensemble, Petti, Mikel Urdangarin eta Zea Maysek jo dute bertan. Dantzarekin lotuta, ostegunero, Aiko taldeak ikastaroa ematen du, eta hileko azken ostiraletan erromeria eskaini. Antzerkiak ere bere lekutxoa izan du, eta, zentzu horretan, Ondarroako Traman & Brix antzerki taldeak bere azken lana aurkeztu zuen..
Horrekin batera, asmoa daukate gauza berriak edo orain artean herrian ikusi gabeak egiteko, esperientzia berriak probatzeko gogotsu dabiltza-eta. Esate baterako, aretoko goiko pisua zarratzeko, panel mugikor batzuk ipini dituzte, gauza txikiago edo intimoagoak programatzeko aukera izate aldera. Aretoko programazioaren osagarri izango dira horiek guztiak. Era berean, jendearen ideia edo proposamenak ere eskuak zabalik hartuko dituzte.
Horien guztien berri izateko, ikus-en­tzunezkoei garrantzi handia eman diete, eta, hala, hainbat komunikabide kabiarazi dituzte: webgunea (www.beikozini.com), Facebook, Twitter (@beikozini), oholtza gaineko pantaila erraldoia edota areto kanpoan paratutako pantaila txikiagoa.
“Azken batean, ondo pasatzeko leku bat izan nahi du Beikozinik, jendeak parte har­tzeko gune bat. Eta zelan ez, mundua beste era batera amesteko gunea”. Kirmen Uribek idatzi bezala: “Behekoa izateak herrikoa izatea esan nahi baitu, xumea eta duina aldi berean. Goian zerua baitago eta behean infernua. Eta guk, aukeran, nahiago bigarrena”.