Gazteek ezagut dezaten

gasteiz

Martxoak 3 elkarteak 1976an hildako langileen kontakizuna eramango du Hego Euskal Herriko ikasgeletara, unitate didaktiko baten bidez. Ivan Santamaria.

 

1976ko martxoaren 3a ez zen izan beste edozein egun bezalakoa, eta data hura ez da edozein; ez, behintzat,  milaka gasteiztar eta arabarren memorian. Egun hartan, poliziak tiro egin zuen Zaramaga auzoko San Frantzisko elizan batzartuta zeuden milaka grebalariren aurka. Tiroketak bost langile hil eta dozenaka zauritu zituen. Ondorengo egunetan hilketen aurka egindako protesta ekintzetan, beste bi lagun hil zituen poliziak Basaurin eta Tarragonan. Guztira, zazpi hildako eragin zituen borroka politiko, sozial eta ekonomiko haren kontrako errepresioak. Egun beltz haiek ondo gogoan dituzte bertatik bertara bizi izan zituztenek, baina, ia 40 urte geroago, nolako per­tzepzioa dute belaunaldi gazteek gertatukoari buruz?
Bertsio ofizialak erruduntzat jo izan ditu (jotzen ditu oraindik ere, sarritan) mar­txoaren 3ko biktimak, baina, apurka-apurka, gertaera haiei buruzko bestelako kontakizuna zabaldu da. Hala izan da, neurri handi batean, martxoaren 3ko biktimen elkarteak egindako lanari esker. Orain, beste urrats bat eman dute bide horretan: gertatutakoa irakaskuntzarako material bihurtu dute.
Amanda Ruiz eta Miren Rodrigo irakasleek diseinatu dute unitatearen edukia. Hasiera batean, gaia hiru ikasturtetan  lantzeko prestatu dute. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. eta 4. mailako ikasleentzat dago egina, baina baita Batxilergokoentzat ere. Ikasleoi gertaera zehatzen berri emateko ez ezik, testuinguru zabalagoan kokatzeko ere balio beharko luke ariketak. “Harago doan Euskal Herriko trantsizio prozesuaren garrantzia aztertu nahi da, beti ere oroimen historikoaren ikuspuntutik” azaldu dute egileek.
Poliziaren oldarraldiko biktimak bil­tzen dituen elkarteak aspalditik zuen asmo bat gauzatu da. “2001. urtean Gasteizko Udalera eraman genuen mozio batek jasotzen zuen lehen aldiz unitate didaktiko baten sorrera", azaldu du Andoni Txasko elkartearen bozeramaileak. Ia hamalau urte pasa badira ere, bere ustez oraindik ere egon badago kontakizuna zabaltzen jarraitzeko premia. “Gertaeren benetako esanahiari buruzko ezagutza hedatu nahi dugu ikastetxeetara, egiazkotasunez kontatuta”, zehaztu du.
Tankera horretako material falta nabarmendu du Amanda Ruiz Historia irakasleak. “Batxilergoko bigarren mailako programan agertzen da trantsizio politikoa, aipatzen da, baina gero ez dago ezer prestatuta horri buruz benetan aritzeko”. Gabezia hori herri mugimenduetatik betetzen hasi dira. Esaterako, orain dela pare bat urte, Nafarroan German Rodriguezen hilketari buruzko unitate bat egin zuten. Horretan oinarritu dira martxoaren 3koaren gainekoa prestatzeko. “Ikasleek gertatutakoari buruz hausnartzea, jazotakoa ikertzea eta, azkenik, sormena eta izaera kritikoa sustatzea dira helburuak” zehaztu du Miren Rodrigok.
Gazteengana hurbiltzeko asmoz, irudi grafikoa zaintzeko ahalegin handia egin dute. Xabi Sagasta irudigile eta arkitektoak egindako marrazkien bidez unitateko ariketa ugari bideratzen dira. Besteak beste, Joseba B. Lenoir musikariarentzat edo Izaki Gardenak taldeentzat irudiak egindakoa da Sagasta. “Gaur egun, irudi bidezko estimulu asko jasotzen ditugu, eta, gehienetan, kontsumoari edo aisialdiari lotuta egoten dira, baina hori hezkuntzarako erabiltzea oso erakargarria egiten zitzaidan”. Garai hartan atera ziren argazkietan oinarrituta, marrazkien bidez istorioa borobildu nahi izan dute. Irudietarako zuria eta beltza lehenetsi dituzte, baita gorria ere, elkarteak erabili ohi duen kolorearekin bat eginda.
Hasteko, Arabako 47 ikastetxetara igorri dute unitate didaktikoa. Aurrera begira, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroara ere bidali nahi dute. Arabako euskaltegiek ere interesa agertu dute, irakaskuntzarako material gisa erabiltzeko. Egindako lana ahalik eta gehien ezagutaraztea da orain elkartearen xede nagusia. Horretarako, beste toki ba­tzuetatik iristen diren eskaerei ere eran­tzungo diete.
Hilketak gertatu zirenetik ia 40 urte igaro dira, baina auziak ez du gaurkotasunik galdu. Izan ere, frankismoaren krimenak ikertzeko Argentinan hasitako prozesuak aurrera jarraitzen du. Maria Servini epaileak garaiko hogei agintari atxilotzeko agindua eman du. Horien artean dago Rodolfo Martin Villa, Gasteizko hilketak gertatu zirenean harreman sindikaletarako ministroa zena. Ikasleekin egin beharreko lana horrekin lotu du Andoni Txaskok: “Biktimentzako egia, justizia eta ordainaren printzipioa urratzen ari da behin eta berriro Espainiako Gobernua. Horregatik dira funtsezkoak  honelako tresnak, giza eskubideen kultura zabaltzeko”.  Oroimena ez gal­tzeko ahalegin horren lekuko dira, besteak beste, Zaramaga auzoan egindako horma-irudi erraldoia eta Gasteizko Udalak eraikitako oroitarri berria, biak ala biak San Fran­tzisko elizaren parean.