Durangoko 49. Azoka: gogoetaren plaza

durango

Iazko galeren ostean aurtengo Azokaren egonkortasuna ziurtatuta, oparo dator 49. Durangoko Azoka. Abenduaren 5etik 8ra, elkarlanaren bidetik, euskal kulturaren erdigune bilakatuko da, berriro ere, Durango. Kulturaren plaza. Ekitaldiz mukuru, kulturaren askotariko zaporeak dastatzeko plaza, alegia. Eñaut Mitxelena.

245 stand, 132 erakusle, 16 autoekoizle, 8 gune, 150 kultur ekitalditik gora, 330 nobedade... Eta kultur zurrunbilo horren erdian, gogoeta. Hausnarketari berezko lekua ematea izango baita aurtengo Azokaren nobedade nagusia. Kulturaren Plazaren erdigunean paratuko ditu kulturgintzari buruzko kezka eta gogoetak Durangoko Azokak. “Euskal kulturaren plaza nagusia, euskal kulturari buruzko gogoeta gune garrantzitsua bilakatzeko erronka” hartu du Gerediaga Elkarteak, elkartearen presidente Nerea Mujikak azaldu duenez. Hala, Landako guneko Areto Nagusian, ohiko aurkezpenez gain, kultur sektorearen kezka eta erronkak izango dituzte hizpide eta aztergai esparru horretako eragileek. Mujikaren hitzetan, “sortzaileentzako, eragileentzako, industriarentzako eta, oro har, kultur sektorearentzako espazio bat eraiki dugu Areto Nagusian, Gogoetaren Plaza bilaka dadin. Azokako standetan, pasabideetan eta Landako gunearen inguruetan egiten diren solasaldi, eztabaida eta proposamen berritzaileak Azokako erdigunera ekarri nahi izan ditugu, Azokaren bihotzera”. Hartara, hiru gai nagusi izango dira hizketagai egunero egingo diren saioetan: hizkuntzaren hautua, sostengu ekonomikoa eta transmisioa.
Gogoeta pausatuari eskainitako tarteak, baina, ez du Kulturaren Plazaren borborra etengo. Azoka Landako gunetik herri osora zabaldu zenetik, kulturaren agertoki bizi bilakatu da Durango. Hots, Durango Hiria, Gerediagakoek izendatu zutenez. Horrenbestez, ildo horri jarraikiz, 700 metro eskasen ingurumarian, zortzi gunek osaturiko plaza bakarrak egitarau bete eta anitza eskainiko die Durangora bertaratzen direnei. Elkarlanean osaturiko egitaraua, Azoka “kultura bizitzeko plaza handia” bilakatuko duena.
Kulturaren plazan, urteon, Okzitaniako kulturak eta hizkuntzak ere tarte berezia izango dute. Izan ere, aurtengo herrialde gonbidatua Okzitania izango da. Euskal Herriaren auzokide eta bizikide izanagatik, eta bi herriek lotura izan arren, askorentzat ezezagunak dira okzitaniar hizkuntza eta kultura. Hori dela eta, elkarren arteko ezagutzan sakontzeko hainbat ekitaldi izango dira. Hasteko, abenduaren 5ean, Akitaniako Kontseiluko kide Sergi Javayoles idazleak eskainiko du sarrera hitzaldia. Ondorengo egunetan ere hitzorduak ez dira faltako: okzitanieraren eta euskararen arteko harremanari buruzko hitzaldia, Euskara-Okzitaniar hiztegiaren aurkezpena, Euskal kultura eta okzitaniarra sustatzeko tresna digitalak izenburudun mahai-ingurua, ipuin okzitaniarren kontaketa...
Okzitaniarekin batera, Anuntxi Arana antropologoa (Luiaondo, Araba, 1947) ere protagonista izanen da 49. Durangoko Azokan, berak jasoko baitu aurten Argizaiola saria. Besteak beste Baionan AEK-ko irakasle izandakoa, euskal mitologia izan du aztergai nagusi bere lanetan. Lan hori aitortuko diote hilaren 6an San Agustin Kultur Gunean egingo den ekitaldian.

Guneak
Azoka
Landako erakustazokan, Kulturaren Plazaren bihotza: argitaletxe, diskoetxe, erakunde, elkarte, hedabide zein eragileen ekoizpenak jasoko dituen gunea. Kabi@ eta Areto Nagusia ere bertan dira, baita Azoka Telebistaren platoa ere.

Szenatokia, Arte eszenikoen plaza
San Agustin Kultur Gunea, ohi lez, euskal antzerkiaren eta dan­tzaren uzta plazaratzeko lekua izango da. Halaber, sortzaile eta publikoaren arteko harremana ziurtatuko du. Orotariko ekitaldiak eskainiko dira bertan: zortzi antzezlanen laginak, Kafie eta Berbak ekimena, Kepa Junkerak eta Organik dantza taldeak sorturiko Txapeldun lanaren estreinako emanaldia...

Saguganbara, Txiki eta handien plaza
Landako plazako Elkartegian kokatua, areto handian eta areto txikian familia osoarentzako makina bat jardun bilduko du: ipuin kontaketak, tailerrak, idazle eta ilustratzaileen ekitaldiak... Aurten, gainera, ahozkotasunari eta kulturaren transmisioari arreta berezia eskainiko diete, Berbaro elkarteak eta Mintzola Fundazioak abiatutako elkarlanari esker.

Ahotsenea, Sortzaileen plaza
Orotara, 55 kontzertu eta 35 solasaldi jasoko ditu Ahotseneak, euskal sortzaileen lanen zuzeneko agertoki eta erakusleihoak. Aurten, bi karpa izango ditu, ohiko bi eremuak, zuzenekoen karpa eta solasaldiena, bitan banatu ostean. Modu horretan, Ahotsenean parte hartu nahi zuten sortzaile guztiei egin zaie tokia.

Irudienea, Ikus-entzunezkoen plaza
Zugaza zinema aretoan kokatua. Film luze zein laburren emanaldiak, dokumentalen erakustaldiak, aurkezpenak, eztabaidak... Euskarazko ikus-entzunezkoen bide ugarietan sakontzeko mota guztietako ekitaldiak, beti ere egileen eta ikusleen arteko hartu-emana sustatuz. Besteak beste, Xalbador, izana eta izena dokumentalaren Hego Euskal Herriko estreinaldia jasoko du, Loreak filma eskainiko dute eta Kameratoia Euskal Herriko Ikus-en­tzunezkoen Rallyaren 10. edizio aterpetuko du.

Kabi@, Digitalaren plaza
Kultura digitalari eskainitako gunea, Landakon. Azken hileotako teknologia egitasmoak aurkezteko gunea izango da, eta lau ardatz nagusi izango ditu: hezkuntza, sortzaileak, komunitatea eta enpresa. Egunero, arratsaldez, ekitaldi nagusia bat izanen da. Esaterako, Inguru Aldagaiak performancea aurkeztuko dute, baita Herri Liburutegi Digitalaren proiektua ere.

Plateruena, Kontzertu handien plaza
Landako gunearen alboan, jan-edanaren bueltan biltzeko lekua ez ezik, Azoka egunetan egingo diren kontzertu handiez gozatzekoa ere izango da: Gatibu, Hesian, Vendetta... Aurten, gainera, urte berezia izango du Plateruenak, hamargarren urteurrena beteko baitu. Hori dela eta, ...eta urte askotarako izeneko ikuskizuna prestatuko du, hainbat diziplina artistiko bilduta.

Areto Nagusia, Gogoetaren plaza
Landako gunean, aurtengo berritasun nagusia izango da Gogoetaren plaza. Ohiko liburu eta egitasmoen aurkezpenekin batera, euskal kulturgintzari buruzko eztabaida eta hausnarketarako esparru izango da egunero. Hizkuntzaren hautua, sostengu ekonomikoa eta transmisioa hizpide, egunero elkarrizketa pertsonal bat, bi lagunen arteko solasaldia eta mahai-inguru bat egingo dira. Parte hartzaileen artean izango dira, besteren artean, Fermin Muguruza, Bernardo Atxaga, Maialen Lujanbio, Joxean Muñoz, Laura Mintegi, Gorka Urbizu, Lorea Agirre, Niko Etxart, Bea Zabalondo edota Ander Lipus.

Azoka TB
Azoka Telebistak platoa izango du Landakon. Azokan gertatzen direnak kontatzeko zuzeneko saioak ekoiztuko ditu, eta streaming bidez edota tokiko telebisten bitartez eskaini. Hartzaileekin elkarreragina bultzatuko du, dela sare sozialak baliatuta, dela platoan publikoari leku eginda.

19. Euskal Denda, artisautzaren leihoa
Azokarekin batera, beste hitzordu batek ere erakartzen ditu Durangora bertaratzen direnak: Arbaso Euskal Herriko Artisautza Tradizionala Sustatzeko Elkarteak antolaturiko Euskal Denda, Euskal Herriko artisautzaren erakusleihoa. Aurten, 19. aldiz antolatuko dute, Durangoko merkatu plazan. Abenduaren 5etik 8ra, Ametsak gauzatu! lelopean, 50 artisauren lanak izanen dira erakusgai, eta nola lan egiten duten ere bertatik bertara ikusi ahal izango da. Hots, artisauek bisitarien ametsak gauza daitezkeela erakutsiko dute euren lanarekin. Erakusle gehienak Euskal Herrikoak izan arren, Okzitaniako artisautza ezagutzeko aukera ere izango da, Okzitaniako lau artistak ere parte hartuko baitute. Zuzeneko erakustaldiez gain, ikusleek bestelako jarduerez gozatu ahal izango dute. Besteak beste, lehiaketa eta zozketak egingo dituzte bisitarien artean. Ezin ahaztu Arbasok 2005etik urtero banatzen dituen Arte­tsu sariak. Abenduaren 5ean egingo dute sari-banaketa, eta sarituen artean Korrika izango da, euskara sustatzeko lana saritzen duen Artetsu saria emango baitiote. Gainontzeko sarituak Lurbe Zeramika (Bizitza Osoa saria), Sondikako Udala (Erakundeak Lagun saria), Berria (Hedabideak saria) eta Aranzadi Zientzia Elkartea (Gure Tradizioak Hedatzea saria) izango dira. Informazio zehatzagoa http://euskaldenda.blogspot.com.es/ helbidean eskura daiteke.


apala

DISKOAK

Maialen Errotabehere: Biluzik (Agorila)
Errotabehereren hirugarren diskoa bigarrena kaleratu zenetik zazpi urtera dator. Musikari talde berri batekin aritu da Paxkal Etxepareren estudioan grabatutako lan hau osatzeko, baina berak idatzi eta konposatu ditu hitz eta doinu gehienak. Horretarako, bere bizipenak hartu ditu oinarri: iraganekoak, ingurukoak, hunkitzen dutenak... Emai­tza, abesti intimistak hitzei erreparatuta, baina oso gaurkoak musikari dagokionez. Pop-rock estiloa da Maialenena, baina baditu blues ukituak ere. Kolaborazioen artean, Itxaro Borda, Jean-Louis Errotabehere, Petti, Eñaut Elorrieta eta Bokale Brass Band taldea daude.

Juan Mari Beltran: Hots Larretan (No CD Rekords)
Beltranen azken diskoak 18 pieza eta musika-tresna kontaezinak batzen ditu. Zenbatzen zailak dira, halaber, bertan parte hartu duten musikariak: Beltranez gain (txalaparta, txirulak, txistua, gaita, alboka, dultzaina eta ahotsa), diskoaren osatze lanetan partaide izan dira Errege Belda (eskusoinua), Ander Barrenetxea (txalaparta, perkusioa, tronpa eta ahotsa), Aitor Beltran (txalaparta, harmonika, perkusioa eta ahotsa), Peio Ramirez (txeloa), Mikel Irazoki (baxua), Andoitz Antzizar (trikitia) eta Gema Ines (gitarra eta ahotsa).

Bonberenea Txaranga: Bihar ez da gaur (Bonberenea Ekintzak)
Tolosako gaztetxeko txarangaren etengabeko garapenaren azken mugarria da disko hau, taldearen hirugarrena. Zortzi abesti, guztiak txarangak berak konposatuak (DUT taldearen bertsio bat izan ezik). Ez kalejirarik, ez fandangorik, ez habanerarik... Itsaso berrietan igerian, estilo berrien beldurrik gabe dihardu Bonberenea Txarangak disko honetan. Gertuko kolaboratzaile batzuen parte hartzea tarteko (Sorkun Rubio, Juantxo Arakama, etab.), protagonismoa berrikuntzarena da, garapenarena.

Hesian: Hegalak astinduz (Baga-Biga)
Azken urtean, kontzertuak ia erabat baztertu dituzte nafarrek beraien seigarren diskoaren lanketan buru-belarri jarduteko. Presarik gabe eta xehetasun guztiak zainduz aritu dira, eta emaitza, taldearen beraren ustez, euren lanik heldu, oso eta sakonena da. Abestietan, hitz hutsaletatik ihes egin dute, entzuleei mezuak helarazi nahian: musuak, irtenbideak, maitasun egarriak, arrazoiak, amorruak, kolpeak, ametsak, gutunak... dituzte mintzagai.

Naroa Gaintza: Hogeitabimetrokoadro (Elkar)
Amaiur taldean urtetan aritu ondoren, disko hau da Naroa Gaintzaren proiektu berria. 2014ko negu eta udaberri bitartean grabatu zen Bilbon, Asier Erzilla teknikariarekin, eta, besteak beste, David Nanclares, David Gorospe, Igon Olaguenaga eta Eunate Vilches izan ditu lagun. Hala, bakarkako diskoa izan arren, rock and roll banda baten kontzeptuari heldu dio, eta elementu gutxirekin bada ere, rock talde on batek asko eman dezakeela erakusten du diskoak. Une intimoak daude, pasarte indartsuekin kontrastatuak.

Itziarren Semeak: Revolta (Mauka)
Talde bizkaitarraren laugarren diskoa, bere ibilbidean mugarri izatea nahi duena, orain arteko landuena da: 2010ean hasi zirenetik urtero disko bat kaleratu arren, oraingoan urtebete eman dute lokalean lan hau prestatzen. Ohiko ska eta punk erritmoei Europako ekialdeko doinuak eta Mediterraneokoak gehitu dizkiete. Diskoaren izenburuak berak Kataluniari egiten dio keinu, Lluis Llachen Revolta permanent gogoan.

LIBURUAK

Mamuak (Elkar). Ana Urkiza
Kontakizun laburrak eta luzeak txandakatuz, beldurrak, damuak, ilusio zapuztuak… landu ditu Ana Urkizak ipuin bilduma honetan. Bizikide­tzaren gazi-gozoak, bikoteen bakardade konpartituak, gurasoen larritasunak, gaztaroaren ihes ekidinezina… Horra narraziootan begirada zorrotz baina amultsuz landuriko zenbait gai. Bizitzaren erdialdera iritsita, gaztetako ametsak errealitatearekin kontrastatu beharra dator, denboraren ispiluan begiratu beharra, dela seme-alaben imintzio aztoratuetan, dela gurasoen keinu nekatuetan.

Lehen Mundu Gerra “Eskualduna” astekarian (Euskaltzaindia eta Mondragon Unibertsitatea). Eneko Bidegain
Liburu hau Eneko Bidegainek 2012an aurkeztutako doktore tesiaren ber­tsio moldatua eta laburtua da. Bertan ikertzen da zer-nolako jarrera izan zuen Eskualduna astekariak Ipar Euskal Herrian ondorio latzak izan zituen Lehen Mundu Gerran (1914-1918), zehazki euskaldunen parte-hartzeari begira. Izan ere, milaka euskaldun joan ziren gerrara, eta 6.000 inguru hil ziren. Giza hondamendiaz gain, ondorio politikoak ere izan zituen, gerra hura izan baitzen Frantziako nazio eraikuntzaren funtsezko fasea.

Iazko hezurrak (Susa). Unai Elorriaga
Unai Elorriagaren bosgarren nobela honek, gertakari saminen sarea josiz, sufrikarioaren aurrean jartzen gaitu. Askoren ustez, biolentzia eta borrokazko kate luzea da gizateriaren historia, eta nobela honetako protagonista, Irene Arrias, kezkaz eta obsesioz bizi da: erasoa, tortura, hilketa, bortxa, atentatua, jazarpena, sarraskia, exekuzioa, krimena… hurbil sentitzen ditu inguruan. Joera du indarkeriari erreparatzeko, eta arakatu ere egiten du liburuetan, egunkarietan, Interneten, baladetan, sehaska kantetan.

Beltzuria (Pamiela). Ixiar Rozas
Liburu hau ahotsaren espazio politikoaren inguruko gogoeta da, eta bizitzako hainbat istoriok zeharkatzen dute hausnarketa hori. Pentsamenduari beti gailendu zaio hitza. Hitzaren eta esanahiaren erreinuak itzala egin dio ahotsari. Ahotsa baztertua izan da, hitzak ilunduta. Esanahiak ahotsa kendu dio hitzari, gorputza ezabatu dio. Esanahiaren erresuman, hitza ez da eztarritik irteten. Eta ahotsa orokortasunez izan da begiratua, ulertua, ikertua. Poesia, saiakera eta dokumentala batzen dira obra honetan.

Hemen naiz, ez geratzeko baina (Txalaparta). Markel Ormazabal
Kartzela-kronika honek Lisabören kantu bat hartu du izenburu, musika-oihartzunez zipriztinduta baitaude orriok. Hori iparrorratz, kartografo-lanetan dabil egilea, arnasbideen xerka. Bilaketa horretan, geografia du hizpide nagusi, eta lekuaren askotariko er­tzak aipatzen ditu: leihoak, ziega, galeriak, hormak... Mamutzar horren eraikuntza nondik datorren ulertu nahi du, harrapaturik duen mundu ankerraz jabetzeko.

Larremotzetik (Erein). Hasier Larretxea
Sentsibilitate mindu baten autobiografia da liburu hau. Egileari inguru ederrean jaio­tzea egokitu zitzaion, Baztan haraneko Arraioz herrian, zehazki. Begientzat paraje  ederra dena, ordea, gordina izan daiteke pertsona sentikorrentzat. Idazlearen izaerarako, la­tza zen herri giroko gordintasun hura. Distantzia behar zuen, distantzia fisikoa aurrena. Hortaz, Madrilera bizitzera joan eta literatura hartu zuen sendagai zilbor-hestea mozteko. Lan hau oroimenaren mamuak idazketaren bidez astintzearen emaitza da.


Nolako bezeroak dira kultur sortzaileak?

Idazleek liburuak idazten dituzte; eta musikariek, berriz, abestiak sortu. Jakina, pellokeria handiagorik... Dena den, batzuek eta besteek irakurri eta musika entzun ere egiten dute. Oro har, gustuko dute, Durangoko Azokara hurbiltzen den jende askok bezala, liburu eta diskoen egileekin egotea. Harreman horri buruz galdetu diegu bina musikari eta idazleri, erosiko dituzten lanen sortzaileengana nola gerturatzen diren eta etortzen zaizkien irakurle/entzuleak zelan hartzen dituzten jakiteko. M. Egimendi.

1. Pentsatu duzu aurtengo Azokan erosi beharrekoen zerrenda?  Hots, pentsatu duzu zer erosiko duzun?

2. Kultura hartzaile moduan standez stand ibilita, Aho­tseneara joanda, guneetako egitarauei
erreparatuta… zein duzu sortzaileengana gerturatzeko modurik gustukoena?

3. Sortzaile zaren heinean, zein duzu biderik kutunena publikoarekin harremanetan egoteko? Azokako standean, Ahotsenean, kale giroan…

elorriagaUnai Elorriaga

1. Zerrenda osoa ez dut osatu, jakina; beti utzi behar da atea zabalik, Durangon bertan topatu eta ezagutzen ez zenuen liburua hartzeko aukera. Dena dela, ia seguru dakit Ruper Ordorikaren azken diskoa erosiko dudala. Liburuen artean, gustatuko litzaidake Ana Urkizaren Mamuak eskuratzea, eta literatura unibertsaleko itzulpenen bat (zehazteko zein...).
2. Aipatutako modu guztiak dira egokiak (Ahotsenea, standak...). Izan ere, azokak daukan neurriak denetarako modua ematen du, leku guztietara ailega zaitezke arazorik gabe. Egun berean, ordu berean, leku guztietan egon zaitezke eta ezagutzen dituzun sortzaileekin zein ezezagunekin hitz egin. Lagun zaharrak eta proiektu berriak.
3. Sortzaile ere berdin. Leku bakoitzak dauka bere gozotasuna: standetan, bultzadarik gabe hitz egin dezakezu jendearekin, liburuei buruz bereziki, baina egia da apur bat hotza dela batzuetan, distantzia larregi egoten delako. Ahotsenean, beste hartu-eman mota bat da, sakonago aritu ahal zara liburuei buruz, eta oholtzatik jaistean, hor dauzkazu lagunak eta irakurleak hitz egiten jarraitzeko. Korridoreetan eta kalean ere gustura egoten naiz jendearekin. Izan ere, hori da azokak daukan gauzarik onena; horretara joaten naiz ni, batere presarik gabe...

anaurkizaAna Urkiza

1.
Normalean, beti izaten dut aldez aurretik prestatuta eskuratu nahiko nituzkeen harribitxien zerrenda­txoa. Baina asmo irekiarekin joaten naiz Durangora. Asko gustatzen zait standetan dauden editore eta saltzaileen gonbitei kasu egitea, eta zer esanik ez, inguruko lagunen iritziak jaso ondoren, espero ez duzun harribitxi hori deskubritzea… Beraz, azkenean, zerrenda beti zabaltzen da! Eta onerako!
2.
Gerturatzeko modu oso ezberdinak dira eta denak dira balekoak. Protagonisten lana zuzenean jaso nahi dutenentzat, Ahotsenea da egokiena. Protagonistak hurbilagotik ukitu edota galderaren bat egin nahi izanez gero, standez stand aritzea liteke gertukoena. Zerbait konkretua bada aurkitu nahi duzuna, guneetako egitarauetan egingo duzu parada. Nik sor­tzaileengana hurbiltzeko modurik gustukoena Ahotsenea dut.
3.
Publikoarekin harremanetan egoteko ere modu oso ezberdinak daude: standean, zure obran interesa duen publikoa aurkituko duzu. Edo justu kontrakoa: zehazki zeren bila dabilen ez dakien horrena. Kasu horretan, irakurle potentzialarengana gerturatzeko aukera duzu; Ahotsenean, ostera, oraindik ezagutzen ez zaituenarekin edota, ezagutu arren, berriro zure jardunarekin gozatu nahi duenarekin topo egingo duzu; eta kale-giroan, egindako lanaz gain, pertsona baloratzen duen jendea izango duzu lagun. Azken horrek balio handia du eta oso da betegarria; horregatik bakarrik bada ere, “merezi du Durangok”.

beltranJuan Mari Beltran

1.
Gure disko berriaren prestaketa, grabaketa eta bestelako edizio lanak direla-eta, aurten ez dut denborarik izan horretan pentsatzeko. Badakit, aurreko edizioetan bezala, aurten ere musikan eta literaturan lan berri asko eta onak aurkeztuko direla, eta, azken egun hauetan zerrenda osatzen ez badut, Durangoko Azoka bertan erabakiko dut zer erosi.
2.
Nire ustez, antolatzen diren solasaldiak dira sortzaileengana gerturatzeko modu egokienetakoa. Bertan, sortzailearen lan berria eta bere lan orokorrari buruz jakin nahi dugun horri buruzko galdera egiteko aukera izaten dugu. Musika denean, oso interesgarria izaten da antolatutako zuzeneko emanaldietara joatea.
3.
Bakoitza bere berezitasunarekin, denak izan daitezke bide egokiak publikoarekin jarduteko. Standean, gertu-gertutik eta banaka hitz egin dezakezu zure lan berria ezagutzera edo erostera inguratzen den publikoarekin; Ahotsenean, talde baten aurrean modu zabalagoan komunika dezakezu zure mezua; eta kale-giroan, edo taberna-giroan, harremanak lasaiagoak eta irekiagoak izaten dira, eta horrek asko laguntzen du komunikazio arloan. Dena dela, nire iritziz, publikoarekin harremanetan egoteko modu aberatsena kontzertu batean lortzen da.

maialenMaialen Errotabehere

1.
Durangoko Azokarako, ibilbide berezirik ez dut prestatzen antzinatik. Maite dut ezker eta eskuin denei begiratzea, entzutea, irakurtzea, kuriositatez, umorearen arabera...
2.
Maite edo ezagutzen ditudan artista anitz ibiltzen dira azokan, beraz, hor da ere niretzat elkartzeko momentu polit bat, haien berriak hartzeko, mintzatzeko, bakoitzaren proiektuak aipatzeko, etab. Nahiago dut Ahotsenean lekutik pasatzea artista baten ezagutzeko, zuzenean entzuteko.
3.
Gisa berdinez, niretzat, artista izanik, garrantzitsua da zuzenean aritzea publikoarekin harremanetan sartzeko. Alta, pentsatzen dut anitz leku desberdinetan (standetan, baso baten inguruan...) ere aukera sortzen ahal dela.