“Durangoko Azoka anormaltasun bat da”

nerea

Nerea Mujika (Durango, 1960) da Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga elkartearen presidentea. Horregatik agertuko da egunotan Azokari buruz argitaratuko diren hainbat eta hainbat artikulutan. Haatik, Mujikak argi utzi digu berak “aurpegia jartzen” duela, “jende bikain asko” dagoelako lanean Durangoko Azoka aurrera ateratzeko. Aurtengoan, gainera, aparteko beste ekitaldi bat ere egongo da, 19. Korrikak Durangoko Azoka omenduko uelako, hurrengo urteko 50. urtemugaren karietara. M. Egimendi. Argazkiak: Amaia Zabalo.

Zerbait berezia egingo duzue 50. urteurrenean... Pentsatu duzue zer?
Zer edo zer berezia egingo dugu, jakina, 50 urte behin bakarrik betetzen direlako. Baditugu ideia batzuk buruan, baina denbora asko behar da horiek gauzatzeko, eta momentu honetan ez daukagu ezer garbirik erabakita. Erakutsi nahiko genuke zer izan den Gerediaga Durangaldearentzat: zein asmorekin sortu zen, zelan gauden gaur egun eta nondik jo behar dugun. Hori borobildu nahiko genuke, baina hori hainbat modutan egin daitekeenez, indarrak neurtu beharko ditugu.
Urteurrena dela-eta jasoko du Azokak 19. Korrikaren omenaldia, zer esan nahi du zuentzat?
Ilusio itzela, benetan, ustekabea izan zen. Bai Gerediagari, bai Azokari, aitortu egiten die egindako lana, hala nola egin behar duguna. Gainera, Korrikarekin hainbat helburu partekatzen ditugu, Euskal Herrian zehar jende asko biltzen duen ekintza bikaina da eta guk euskal kultura zabaltzen dugu. Benetan harro gaude, eta pozik.
Azokako bisitari askok aipatzen dute, kultur ekoizpena baino lehenago, urtean behingo lagunekin elkartzea...
Bai, hala da. Eta ez da erraza azaltzea, batez ere kanpotarrei. Akademikoki ere aztertu dugu hori, Europako beste azoka ba­tzuk ikertuta, baina bereziena Durangokoa da, anormaltasun bat da. Gabonetako opariak erostea Durangora etortzeko arrazoi bat da, baina ez bakarra. Giroa ere kontuan hartu behar da, bizipen bat da: norbaitek euskal kulturaz zer edo zer gehiago jakin nahi badu, hori pil-pilean dagoen leku batera etorri beharko du, eta hori Durango da.
Zeu umea zinen lehen edizioan. Zein da Durangoko Azokaz duzun lehen oroitzapena?
Gure ama zenak ikastolaren sorreran parte hartu zuen, emakume handia zen. Ama oso pozik ikusten nuenez elizpeko azoka hartan, banekien hura gauza garran­tzitsua zela. Liburu­txoren bat erosi zidala ere gogoratzen dut, uste dut Xabiertxo zela. Ez zen tokatzen, ez baitziren ez Erregeak, ez urtebetetze eguna, baina liburuarekin itzuli nintzen etxera. Gogoratzen ditut alaitasun giroa, jendea, ho­tza, oparitxoa... Sei-zazpi urte izango nituen.
Zeri esker bihurtu da elizpean hasitako azoka hura gaur egungo Azoka?
Lanari esker, une eta modu ezberdinetan eta hainbat eta hainbat pertsonak egindako lanari esker, izerdi barik ez dagoelako miraririk. 50 urtean gauza asko aldatu dira, egoera politikotik hasita, eta kulturgintzak ere bilakaera handia izan du. Gutxi izan arren, orduko liburu haiek oso modu txukunean argitaratu ziren, hainbat stand zeuden, nafarrak ere etortzen ziren... Orduko hari balio ikaragarria ematen diot, oraingoari bezainbestekoa, nahiz eta oraingoak errespetu handia ematen duen. Jende askoren lana eta ilusioa egon dira bidean, eta helburu argiak beti. Nire ustez, hori oso garrantzitsua da, bai bizitzan, bai Azoka antolatzerakoan.
Momentu honetan, erronkarik hurbilena 49. edizioa da, baina etorkizunari begira?
Argi daukagu bide honetatik jarraitu nahi dugula, alegia, euskal liburu eta diskoen azoka   kulturaren plaza izatera igarotzea nahi dugu. Bide hori hasita dago, eta sendotuz doa. Hori garrantzitsua da, geuri ere ziurtasuna ematen digulako. Zailena, edozein lekutan, aldaketak izaten dira, beti ematen dutelako errespetua; hala ere, eutsi egiten diogu bide honi, hala nahi dugulako, pozik eta harro gaudelako. Bidelagun ditugunekin ondo gaude, nahiz eta lehen gauzak errazagoak izan, Gerediagak antolatzen eta erabaki­tzen zuelako guztia. Gaur egun, antola­tzaile nagusia Gerediaga elkartea da, baina, jakina, eta halaxe izan behar du, beste kultur eremuetatik datozen ordezkari eta elkarteei esker asko ikasten ari gara. Gauza batzuetan, behar-beharrezkoa da eurekin eztabaidatzea, horrela egiten baita aurrera.
Ia urtero dago berrikuntzaren bat Azokan. Zein iruditu zaizu garrantzitsuena karguan daramatzazun hamar urteotan?
Batetik, modu profesionalean lan egiten ahalegintzen ari gara, eta hori zaila da elkarte batean, hasieran helburu batzuk zituen lagun koadrila bat baino ez zelako. Profesionalizatzeko bide horrek, apurka-apurka, kalitate handiagoa eskatzen du. Lehen ez genion garrantzi handirik ematen egitaraua prestatu eta kaleratzeko moduari, baina gaur egun irudia eta komunikazioa garrantzitsuak dira. Beraz, ahal den neurrian eta gure baliabideekin, arlo bakoitza profesionalizatuz eta kalitatea hobetuz joan gara. Bestetik, aldaketa handiena izena izan da, Euskal Liburu eta Disko Azokatik Durangoko Azokara igarotzea, hain zuzen. Izen horrek izana ere aldatu du, Azoka handitu eta dibertsifikatu egin delako; horrela, ahalegin guztiak egingo ditugu gure helburuetako bat lortzeko, alegia, jende gaztea erakartzeko Durangoko Azokara.
Aurten autoekoizpenari ireki diozue bidea lehenengo aldiz. Eskaera zenuten?
Beharrizanetara egokitzen ahalegin­tzen gara, eta industrian gaur egun oso errealitate ezberdinak daude, autoekoizpena, besteak beste. Gerediaga elkartean pentsatu genuen horri ere lekua egin behar geniola Azokan, beraz, aurtengoa izango da estreinako esperimentua. Ondo joatea espero dut, denak egon daitezen nahi dugulako, txikiak eta handiak, nor bere tamainan eta bere ahalbideen neurrian. Horrek denoi egiten digu mesede. Denok sentituko gara harro gure industria osotasun horretan ikusita.
Azokak zortzi gune biltzen ditu gaur egun, erakarpen gaitasun ikaragarria du...
Bai, halaxe da, baina hori baino gehiago ere bada. Marketina hor dago, baina azken finean denek nahi dute urtean egindako lana erakutsi. Bada, non hobeto Durangon baino? Nik zer esango dut, ezta? Gainera, ez dira sortzaileak bakarrik. Industriak ere, txikia, ertaina edo handia izan, Durangon egon nahi du. Hala ere, ez dugu ukatuko gauzak orain ez daudela batere erraz, ez kultur munduarentzat, ezta inorentzat ere.
Durangorentzat sekulako ekarpena da Azoka, batez ere guneak herrian zehar zabaldu zirenetik. Alfonbra gorria jarri ohi dizue herriak?
Bai. Ez dugu Azokak Durangori dakarkion inpaktu ekonomikoaren azterketarik egin, une honetan ez baitugu horretarako baliabiderik, baina egin egingo dugu noizbait. Poza ematen du ikusteak norbere auzoko jendea edota gainontzeko durangarrak zein harro sentitzen diren horrenbeste jende bertaratzen delako. Hori da poztasun handiena.
Azoka Gerediagak antolatzen du, baina ez duzue sentitzen dagoeneko elkartearen mugak gainditu dituela? Neurri batean, eskuetatik ihes egin dizuela?
Horrela esanda, ahulezia dirudi, baina ez da posible ez Gerediagak, ez beste elkarte batek, Azoka osoa berak bakarrik eramatea, ezinezkoa da. Hortaz, beste arlo batzuetan egiten dugun moduan, atea zabalik daukagu eta bidelagunak bilatu ditugu Azoka honekin aurrera egiteko. Lehena Durangoko Berbaro elkartea izan zen. Kultura umeen artean ipuinen bitartez zabaltzen lagundu zigun. Ondorengoa kate bat izan da, batzuek atea jo digute eta beste batzuei geuk jo diegu. Batzuetan ez da erosoa, ez dut ukatuko. Norbere etxean norberak erabakitzen ditu gauzak, baina komunitatean lan eginda gauzak zaildu egiten dira: denei galdetu, ados jarri... Halere, ez dut inongo zalantzarik emaitza izan beharrekoa izan dela, eta halaxe egin behar dela lan.
Egoera ekonomikoaren gainean kezka larria agertu zuen Azokak Eusko Legebiltzarrean aurtengo ekainean, zelan joan dira gauzak harrezkero?
Oso larrituta egon ginen eta pentsatu genuen hori kaleratu egin behar zela, batez ere erakundeak egoera horretaz jabetzeko eta haiei garbi berba egiteko. Egoera erakusteaz gain, erakunde eta alderdi politikoen iritziak jasotzea lortu dugu, eta guztiak etorri dira bat Azoka estrategikoa dela. Horrek ziurtasun handiagoa eman digu; izan ere, estrategikoa dela aitortuz gero, normala izango da laguntzea, bakoitzak ikusiko du zein neurritan. Niretzat hori izan da pozik handiena, denek egitea bat horretan, PPk zein Bilduk eta gainerako guztiek, ez baita oso normala izaten gure herri honetan. Horren ostean, iazkoa bezalako zuloa egiteko arriskurik ez dugu ikusten, diru gehiago lortu dugulako. Hala ere, lanean jarraitzen dugu, hurrengo pausoa egonkortasuna bilatzea izango baita; horretarako ere prest agertu dira gehienak.
Azokaren ereduari buruzko eztabaida mahai gainean jarri behar zela esan zuen orduan Eusko Jaurlaritzak. Ezer aldatu behar izan duzue?
Ez, harrezkero ez dugu beste batzarrik egin, baina geu gara antolatzaileak eta ez dugu zalantzan jartzen azoka eredua. Hala ere, ez dut gaizki ikusten bai Eusko Jaurlaritzak, bai beste batzuek gogoeta egin eta euren iritzia ematea, indarrak eta dirua zertan gastatu behar diren pentsatzea... Hori ez da txarra, natural ikusten dut lagundu duzun horrekin  harremana izatea. Beste gauza bat da inposatzea. Horrek guztiak lana ematen du, denbora behar da, baina nik positibotzat jotzen dut. Dena den, ez dugu inolako presiorik jaso eredua aldatzeko.
Durangoko Azokan aurkezten den ekoizpen guztia ez dago euskaraz, baina zenbat gauza galtzen dituen hemen euskaraz ez dakienak, ezta?
Bai, dudarik gabe. Oso zaila da neurketa egitea, baina euskararen presentzia guneetan oso handia da. Dena den, argitaletxe ­batzuek beste hizkuntza batzuetan ere agertzen dute euren lanaren emaitza, beti ere produkzioa euskal gaien gainekoa baldin bada. Euskaraz ez dakienak badauka aukera bere hizkuntzan gozatzeko produkzioaren zati batez, behintzat, baina asko galtzen du. Gure helburua ere bada bizilagun horiek Azokara ekartzea, hor ikusiko dutelako zer galtzen duten euskaraz ez jakiteagatik.

KOLKOTIK

Zein da gehien bisitatzen duzun gunea Azokan? Areto Nagusia, hainbat arrazoirengatik. Liburu bat? Joseba Sarrionandiaren Narrazioak. Liburua paperean ala elektronikoa? Paperean. Disko bat? Ken Zazpi eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. Azken kon­tzertua? Durangon, Doinu Zahar ganbera abesbatzarena. Euskaraz ikusi duzun azken filma? Loreak. Eta antzezlana? Arkimedesen printzipioa, Maskarada taldearena. Eneko Sagardoy aktorea semea dut... Asko erabiltzen dituzu sare sozialak? Ez, egia esan, ez. Zure umeei ipuin asko irakurri zenien txikitan? Bai, eta ez naiz batere sortzailea, baina ondo pasatzen genuen semeek ausaz botatako bost berbarekin asmatzen nituenekin. Biharko egunkarian ikusi nahiko zenukeen albistea? Azoka egunetan Durangon pauso bat eman ezinik ibili garela jendetzagatik, baina giro bikainean. Erreferentetzat duzun beste kultur azokaren bat? Ez dugu aurkitu, agian ez genuen ondo bilatuko. Halere, nire nahia da Azoka hau izatea beste batzuentzako erreferentea.