Sabeletik mundurakoak, sarean eta euskaraz

SABELETIK

Guraso izateak eragin ditzakeen zalantza eta galderei erantzutea du xede Sabeletik Mundura euskara hutsezko guneak (sabeletikmundura.com). Haurdunaldi aurretik hasita, haurra eduki osteko prozesuari erreparatzen dio guneak. Hau da, haurdunaldi aurrea, haurdunaldia, erditzea, erditze ostekoa, edoskitzea eta haziera jorratzen ditu. Horiei guztiei buruzko informazioa jasotzeaz gain, aholkularitza zerbitzua ere eskaintzen du guneak, dela Internet bidezkoa, dela etxez etxekoa. Era berean, prozesu horretan lagungarriak izan daitezkeen profesionalen aurkibidea ere badu. Atal horiek guztiak eguneratu egiten dituzte, eta, era berean, gunea eduki berriz hornitu. Abian jarri berria da sabeletikmundura.com, baina ez da egitasmo jaio berria. 2011n sortu zuen blog moduan Nahia Alkorta iruratarrak, guraso izatea erabakitzean amatasunari buruzko euskarazko eduki gutxi zegoela ikusi eta eskasia horri erantzun nahian. Alabaina, egitasmoa hazi ahala, webgune berrira lekualdatu eta biziberritu egin dute.