Iruñerrian emititu ahal izateko laguntza behar du Xaloa Telebistak

xaloa

1997tik Baztan, Bertizarana eta Malerrekan euskara hutsean emititzen duen Xaloa Telebistak 50.000 euro lortzeko kanpaina du martxan, Iruñerrian ere euskaraz emititzen hasi ahal izateko. 2013an Nafarroako Gobernuak LTD kanalen esleipena egin zuenean, Xaloak lizentzia lortu zuen. Haatik, emititzeko, inbertsio handia behar du: seinale digitala igortzeko multiplex emisorea eta errepikagailuak ipini, besteak beste. Hori dela eta, crowdfunding kanpaina abiatu dute www.karena.eu gunean. 50.000 euroak eskuratuz gero, seinale digitala igortzeko azpiegiturak ordaindu ahal izango ditu, eta jauzi kualitatiboa eman euskararen normalizazioan, Iruñerriko euskaldunek ere euskara hutsezko telebistaz gozatu ahal izango dutelako. Kopuru ezberdinetako diru ekarpenak egiteko kanpaina abenduaren erdialdean amaituko da, beraz, oraindik ere bada Karenaren gunearen bidez laguntza emateko aukera. Printzipioz, abenduan bertan hasiko dituzte emisioak, proba moduan. Ondoren, urtarrilean, pixkanaka programazioa osatzen hasiko da Xaloa Telebista.


EUSKO JAURLARITZAK eta Canal+ kateak sinaturiko akordioari esker, 2016ko abendura bitartean Canal+ek eskainiko dituen estreinaldi gehienek euskarazko azpidatziak izango dituzte. Hau da, jatorrizko bertsioan eta euskarazko azpidatziekin emango dituzte, euskaraz eta gaztelaniaz sortutako lanen kasuan izan ezik. Gutxienez 247 film eta 24 telesail izango dira: 2014an 47 film eta 2 telesail, 2015ean gutxienez 100 film eta 11 telesail, eta 2016an beste horrenbeste film eta telesail. Punta-puntako lanak izango dira, Canal+ek estreinaldi garrantzitsuak eskaini ohi baititu. Filmen artean, esaterako, Gravity, American Hustle, Interstellar, La Grande Bellezza… Telesailen artean, aldiz, The Newsroomen hirugarren denboraldia, Game of Thronesen bosgarrena, Mad menen zazpigarrena… Akordioaren aurrekontua 369.332,26 eurokoa da, eta azpidatziak urtebetez ustiatzeko eskubidea izango du Canal+ kateak, ondoren Eusko Jaurlaritzarenak izango baitira. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikaren hitzetan, “zalantzarik gabe, ona da albistea: oso ona da euskararentzat, euskara erabiltzeko eta euskaraz gozatzeko beste aukera bat eskaintzea dakarrelako”.

LABURREAN


IKUSPUNTU Nafarroako Zinema Dokumentaleko Nazioarteko Jaialdia urtero egingo da berriro ere. 2005etik 2011ra arte, urteroko maiztasuna izan zuen, baina orduan bi urtetik behin egitea erabaki zuten. 2015etik aurrera, ordea, jatorrizko aldizkakotasuna berreskuratuko du. Hurrengo ekitaldia, bederatzigarrena, otsailaren 10etik 15era egingo da Iruñeko Baluarten, Nafarroako Gobernuaren Kultura Sailak eta Baluarte Fundazioak antolatuta.

mendiBILBAO MENDI FILM FESTIVAL 7. Nazioarteko Mendiko Zinemaldia abenduaren 12tik 21era izango da. Sail ofizialean, nazioarteko 47 film izango dira lehian, baina, horrez gain, bestelako eskaintzak ere izango dira, hala nola ikastaroak eta erakusketak. Aurten, gainera, Mendi Short izeneko saila antolatu dute estreinakoz: film labur amateurren lehiaketa, hain zuzen. Jaialdiaren berri jasotzeko, www.mendifilmfestival.com gunera jo daiteke.