Still Life

kritika

Zuzendaria: Uberto Passolini. Gidoia: Uberto Passolini. Aktoreak: Eddie Marsan, Joanne Froggatt, Karen Drury, Andrew Buchan. Erresuma Batua-Italia, 2013.

Istorioa: Londresko udalerri batean, John May udal langilearen beharra da bakardadean hil eta inork bilatzen ez dituen hildakoen senideak aurkitzea. Gizon bakartia, lanean zorrotz eta arduratsua da. Alabaina, lanetik kaleratuko dute; aurretik, ordea, bere azken kasua egokiro ixten saiatuko da.
Zuzendaria: Ekoizlea ere bada Passolini (besteak beste, Full Monty arrakastatsua ekoitzi zuen), eta honako hau da zuzendu duen bigarren film luzea. Hain juxtu, iazko Veneziako Zinemaldian Orizzonti saileko Zuzendari Onenaren saria jaso zuen, indibidualismoa sustatzen duen egungo jendartean hain hedatua dagoen bakardadeari buruzko lan honengatik.
Onena: Oroimenak (edota ahanzturak) gizakiongan eta gizatasunean duen garrantziaz jarduteko, soiltasunaren bidetik garamatza lan zintzo honek. Hitzetan eta iruditan soila da filma, baina aski zaindua, sinpletasun neurtua duena, eta horrek eder egiten du. Zoragarria, halaber, May gorpuzten duen Eddie Marsanen lana.
Txarrena: Zainduegia, neurtuegia, akaso.


EƱaut Mitxelena