Sirokaren kanta berriak, banan-banan

siroka

Malutak izeneko proiektuari ekin dio Siroka taldeak. Orain arte, hiru disko kaleratu ditu: 3.SZN (Taupaka, 2013), Karosi (MusikHerria, 2011) eta Haize berriak (MusikHerria, 2010). Lan horietan garrantzi handia eman diote sortzaileen arteko elkarlanari, eta beti inguratu dira lagunez abestien letrak, diseinua zein musika osatzeko. Hala ere, orain beste bide bat aukeratu dute hemendik aurrerako abestiak plazaratzeko. “Neguko lehen elurteetan, egun eguzkitsuetan noizbehinka erortzen diren malutak legez”, kantu berriak banaka aterako dira, single bakoitza bideoklip berri batek lagunduta. Hortaz, bideo-sortzailez inguratu da taldea sei kantu eta sei bideoklip zabalduko dituen egitasmoa burutzeko. Hala, pasa den hilean argitaratu zen lehena, Azala izenburupean. Egitasmoak ez du amaiera data zehatzik, ezin jakin noiz kaleratuko den azken bideoklipa, baina taldeak ez du behin betiko baztertu abesti hauek guztiak lan bakar batean ba­tzeko aukera, “malutak urtu eta errekan elkartzen diren bezala”.


junkeraKEPA JUNKERA trikitilariaren Trikitixaren historia txiki bat lan berriak liburua eta diskoa ba­tzen ditu. Liburuan, trikitiaren historian izan diren emakume eta gizonezko aitzindariak ageri dira, euskal kulturan erabat sustraituriko soinuaren egileak. Diskoak, berriz, 17 abesti bil­tzen ditu. Pandereta da lan honetako instrumentu protagonista, egitasmoa burutzeko Junkerak Sorginak izeneko pandereta-jotzaile taldea osatu duelako, pieza bakoitzari freskotasuna eta tradizioa eransten dizkion ahots multzo gaztea. Gainera, Galiziako Xavier Diaz eta Gaztelako Eliseo Parra pandereta-jotzaileek ere hartu dute parte egitasmoan. Lan honekin ospatu nahi ditu bizkaitarrak trikitiarekin daramatzan 35 urteak.

louLOU REED, MILA ESKER
Hainbaten artean
Auto-ekoizpena, 2014

Disko honek Lou Reeden hamar kantu biltzen ditu; euskarazko bertsioan, hi­tzak Txuma Murugarrenek itzuli ditu-eta. Horrela omendu nahi izan dute hainbat euskal musikarik New Yorkeko artista, haren heriotzaren lehen urtemugan. Jonan Ordorika soinu-teknikariak bultzatu du proiektua, Fernando Saunders baxu-jotzailearen laguntzarekin. Ordorikak egin du, halaber, kantuen aukeraketa. Anari, Gari, Evaristo, Gorka Urbizu, Maddi Oihenart, Petti, Ruper Ordorika... dira, besteak beste, abestiei ahotsa jarri dietenak.

mondoMISTERIOA
Mondocane
Auto-ekoizpena, 2014

Talde gipuzkoarrak bere ibilbideko hirugarren diskoa kaleratu du. Elektrika estudioetan grabatu du bederatzi abestiz osatutako lan hau, Ibai bideak (2007) eta UrAzala (2012) lanen ondoren. Nolabaiteko estilo propioa lortu dutelakoan daude taldekideak, nahiz eta abestiak antzekoak izan ez, partaide bakoitzak bere eraginak dituelako. Hori bai, abestien hitzek bat egiten dute naturaren gaiaren inguruan: Basoa, Sua, Animalia... Instrumentuei dagokienez, Hammond teklatua kentzea erabaki dute lan honetan, ahotsari garrantzi handiagoa eman nahian. Diskoa Internetetik dohainik deskarga­tzeko moduan paratu dute.