Ez dira betiko garai onenak

ruailleRuaille Buaille
Bon temps, Ruaille?
Taldea ekoizle, 2014

Ezin da esan Ruaille Buaille (“Rula Bula” ahoskatzen da, taldekideek behin eta berriro gogorarazten dutenez) taldearen hirugarren lana disko kontzeptuala denik, baina badago hari zoli bat disko osoari batasuna eta koherentzia ematen diona: bizitzea egokitu zaigun garai malapartatu honen gaineko arrangura, zapaldu eta baztertuekiko konplizitatea, itxaropenez blaitutako kezka. Diskoaren azala eta liburuxkan ageri diren argazkiak horren erakusgarri dira. Musikalki, aurrerapauso galanta eman dute Ruaille Buaillekoek: sustrai zeltei gogor atxikirik, beste esparru batzuetara hedatzen dute euren folk proposamena, tradizioaren eta modernitatearen arteko oreka (Endika Lahaine rap kantariaren kolaborazioa da horren adibide). Gustu handiz egindako diskoa da Bon temps, Ruaille?, taldearen nortasunari uko egin barik bide berrietan barna abiatzeko ausardia duena. Folk soziala? Industrialdean sorturiko musika tradizionala? Deitu nahi bezala, baina, dudarik gabe, oparia da sustraidun musika maite dutenentzat.

Gotzon Hermosilla