Prat Urzainkiren bigarren nobela kalean da

ernesto

Orpoz orpo plazaratu du Ernesto Prat Urzainkik (Berriozar, 1978) Txalaparta argitaletxearekin, Hiru ilargi laurden (Metaziri, 2013) izenekoaren ondoren. Eleberriak Karlos du protagonista, Guardia Zibilak herrian egindako atxiloketak medio, ihes egin behar izan duen gaztea. Nafarroan hasi eta Euskal Herritik urrun amaituko den alde-egite eroan, aberriaren edo sozialismoaren militante baino sexuaren militante den Karlosek inguruko guztiak aztoratuko ditu: laguntza emango dioten kideak, poliziak, Erakundea... Liburua autobiografiaren generoan kokatu ezin bada ere, hiru garaitan idatzi zuen egileak: klandestinitatean hasi, Tolosako (Okzitania) kartzelan jarraitu eta kalean bukatu. Ihesaldia sexua eta umorearekin nahasten ditu kontakizunak; beraz, argitaletxeak, Literotura sail erotikoan kokatzeaz gain, irria sortarazten duela azpimarratu du. Asko laguntzen du horretan idazlearen konplexu ezak, hala azaldu dituelako sexu kontuak eta halaxe kokatu dituelako protagonistaren erabakiak eta hautuak euskal gatazkaren testuinguruan.


mikelGAUMIN argitaletxeak kaleratu du Mikel Rodríguez nafarraren lehen eleberria. Hainbat gai nahasten dira bertan: maitasuna, adiskidetasuna, torturatuaren eta torturatzailearen ikuspegiak, komunismoa eta anarkismoa, txirrindularitza, esperimentazio genetikoa… baita ukronia historikoa ere, naziotasuna Napoleonen gerren ondoren lortu zuen Euskal Herri independentea asmatu baitu idazleak, pertsonaientzako kokapen errealagoa bilatu nahian. Bestalde, egilea hiru narratzaileren ikuspuntutik abiatu da istorioan hainbat ahots eta hari gurutzatzeko. Luzea da Rodriguezen estreinako lana (eleberria bi liburukitan plazaratu da), baina “erraz” irakur­tzen da argitaletxearen esanetan, “bizia delako eta pertsonaiek berehala sortzen dutelako irakurlearengan haiek hobeto ezagutzeko irrika”.

 

 

kapitalKAPITAL PUBLIKOA
Jose Luis Otamendi
Susa, 2014
 
Otamendiren 8. poema liburua 3 ataletan banatuta dator: Bake hotza, Jendea oinez eta Gosaria eta legea. Gogoeta sozial eta politikoetatik abiatu eta eguneroko bizimodu intimorainoko bidaia 45 poematan. Liburuaren goiburuko kapital hitzaren esanahi bikoitzari erreparatu dio poetak. “Batetik, alde baikorretik begiratuta, ondarea esan nahi du,  gu egiten gaituen hori, maite duguna. Baina bestetik, kapitala sistema zanpatzailea da eta jende askoren bizimodua txiki­tzeko gaitasuna du”.

faltaFALTA (ez) diren gauzak
Ainara Lasa Perez
Edo!, 2014

Album ilustratu hau haurtzaroko absentzietatik presentzietarako bidaia da: “Jokoa eten zenean hasi zen FALTA, 1984ko ekainaren 15ean. Eraman zuten ama espe­txera, ihes egin zuen aitak erbestera, galdu nituen haurtzaroa, gorputza eta osabak. Agur moketa gainean oinutsik jolasten emandako garaiari. Hainbat etxetan anai-arrebak, seme-alabak, gurasoak… falta eta osaba-izebak bikoiztu ziren garaiari. Haur haiei esan nahi nieke niri kontatu zizkidatela eurentzako ziren ipuinak, dena ez zela erabat galdu”.