Odol mamituak

odolAlaine Agirre
Elkar, 2014

Neska baten joan-etorriari heldu dio Alaine Agirrek lan honetan: eromenerako joanaldia eta hortik at bizi direnen normaltasunerako etorraldia. Edozein izan liteke neska hori, edozein herri, hiri edota herrialdetakoa, izenik ere ez baitu, ezta adin jakinik ere. Halere, nabari zaio gaztea dela, erotzera eraman zutenak kontatzen dituenean, batez ere, baina baita bizitzaren aurrean erakusten duen eskarmentu ezagatik ere.
Hain zuzen, litekeena da irakurleak eromenaren beraren deskribapenaz kanpoko datu gehiagoren falta sumatzea, neskatoak bizi izandakoak sakonago ezagutzeko gogoz geratzea. Izan ere, izenburuari fidel, odolari hertsiki loturiko liburua baita hau; odolari eta haragiari, sentsazio fisikoei, nagusiki. Psikosia, buru eta gorputzean eragiten dituen sentipenak, oso modu grafikoan ematen ditu aditzera protagonistak (adibidez, sinonimoak barra-barra baliatuz), batik bat 1. pertsonan kontaturiko pasartean. Beranduago, 2. eta 3. pertsonak ere erabiliko ditu, gaixotasunetik aldendu eta bizimodu arruntagora gerturatu ahala... hizkuntz aldetik nolabaiteko aldaketa dakarrena, apur bat errazagoa, samurragoa-edo, bilakatuta.“Gorroto ditut emozio moderatuak” aipamena dago liburu hasieran, beraz, laburbilduta, horretan bat etorri eta eromenak zer dakarren jakiteko ausardia edo barrena duen irakurleari, behintzat, ez dio hutsik egingo.


Usoa Alberdi Fernandez