Sarea

etxarri

Urtetan herrian jasotako ahozko bizipen, kontakizun eta testigantzak bildu dituzte www.etxarrikoahotsak.com gunean, Etxarri Aranazko hizkera eta ahozko ondarea jaso eta zabaltzea xede duen egitasmoan. Euskal Herriko beste zenbait funtsetako materiala batu dute bertan, hala nola, Beleixe Irratiaren, Nafarroako mediatekaren, Nafarroako ondare ez-materialaren Artxiboaren edota Ahotsak.com proiektuarenak. Material gehiena, baina, Labrit Multimediak azken hiru urteotan herrian egindako bideo grabazioek osatzen dute. Ahozko lekukotasunez gain, Etxarri Aranazko toponimiari buruzko atala ere badu guneak, baita herriko hizkera jaso­tzen duten lanen bilduma ere.


aikoEUSKAL DANTZAK ikasi eta zabaltzeko xedez, Urraska lan pedagogiko-didaktikoa sareratu du Aiko taldeak, www.aikotaldea.com gunean. Jauziak izeneko euskal dantza motari eskainitako lana da, berez Aiko taldeak duela zenbait urte ekoitzirikoa: Urraska. Dantza jauziak Sagasetaren bidetik – A new recording of the basque jauziak dances collected by Sagaseta, Nevadako Unibertsitateko Eusko Ikaskuntzen Zentroak argitaratu zuena, Migel Angel Sagaseta Ariztegik 70eko hamarkadan eginiko ikerketak oinarri hartuta. Lana agortuta dagoenez, informazio guztia webgunean paratu dute, dantza tradizionalen zaletu ororen esku. Informazio ugari biltzen du, hainbat formatutan: partiturak, liburua, dantza jauzien grabazio zaharrak, Urrastegia izeneko poltsiko-liburua jauzien pausoekin, jauziak markatuta… Dagoeneko eduki mordoxka du, baina aurrerantzean ere osatuz joango dira.

LABURREAN

JUNES CASENAVE-HARIGELEK (Santa Grazi, 1924) euskaltzain ohorezkoak egindako Latina-euskara hiztegia gehitu diote Euskal­tzaindiaren webguneari berriki. Latin klasikoari erreparatzen dio hiztegiak, arkaikoa eta herrikoia baztertuta. Txomin Peillenek hiztegiaren sarreran dioenez, “zerbait latin dakiten edo ezagutu nahi dutenen hastapen bat da” lana. Esan bezala, Euskaltzaindiaren webgunean (www.euskaltzaindia.net) topa daiteke, Hizkuntza Baliabideak ataleko Hiztegiak eta Corpusak sailean, Bestelako hiztegiak izeneko azpisailean.


encounterABENDUAREN 6tik 8ra, ehunka informatikazale eta profesional batuko dira Gasteizko Iradier Arenan, Araba Encounter topaketaren estreinako edizioan. 2.000 metro koadrotik gorako eremuan, informatikaren alor ugari landuko dituzte: jokoak, arte digitala, software librea, hardwarea… Hitzaldi, tailer, lehiaketek eta bestelako ekintzek osatuko dute egitaraua. Arrakastak ziurra dirudi, salgai ipinitako sarrera guztiak berehala agortu zirelako.