Errobotak: lagun ala etsai?

Zientzia-fikziozko kontua dirudi, baina dagoeneko gure inguruko lantegi askotan ere errobotek egiten dituzte eginkizunetako asko eta asko. Enpresariaren ikuspuntutik, egundoko pagotxa dira errobotak: langile nekaezinak dira; ez dute behar atsedenik, ez oporrik, ezta soldatarik ere; ez dute akatsik egiten... eta, gainera, gero eta merkeagoak dira. Gauzak horrela, ez da harritzekoa automobilgintzan edo etxetresna elektrikoen fabrikazioan gero eta ugariagoak izatea.
Gogoetarako ematen du gaiak, gero. Ados: errobotek lan mekanikoetatik askatu ahal gaituzte, horrela gizakiok lan 'gizatiarragoak' egiteko, sortzaile lanak, diseinuarekin eta pentsamenduarekin lotuak. Mundu ideal batean, lan fisiko gogor eta errepikakorrenak makinen esku utziko genituzke, gizakiok zoriontsuago bizitzeko, aisialdiaz gehiago gozatzeko eta beti ere gure adimenarekin lotutako lanetan jarduteko.
Baina gauzak nola doazen ikusita, ez dira gutxi guztiz bestelako ikuspegia dutenak. Horien arabera, lan fisikoen mekanizazioak lanpostuak suntsitzea eta langabezia areagotzea baino ez du lortu, eta gaur egun langileon eskubide sozialetan paira­tzen ari garen atzerakadaren errua errobotena da neurri handi batean. Gero eta errazagoa eta merkeagoa da haragizko langileen ordez metalezkoak jartzea, eta enpresak hori aprobetxatzen ari dira oraindik ordezkatu ezin diren langileei gero eta baldintza kaskarragoak ezartzeko.
Beste batzuen ustez, ordea, errobotek ematen duten produkzio abiadurarik gabe ezinezkoa litzateke gaurko merkatuko eskariari erantzutea, beraz, ekonomia kolapsatu egingo litzateke. Kontrakoa defendatzen dutenak ere badira: erroboten 'erruz' gehiegi produzitzen da, eta gainprodukzio horren ondorio da kapitalismoak bizi duen krisialdi latza.
Iritziak iritzi, gero eta errobot gehiago ikusten dira lantegi handi eta ez hain handietan, eta ez dirudi joera hori eten egingo denik. Pentsa: gizakien lanak antolatzen ere jarri nahi dituzte, alegia, arduradun, eta dirudienez ez dute txarto egiten. Nola sentituko zinateke zure nagusia errobota balitz?

Loturak, estekak, linkak...

http://ttiki.com/90503
Zer moduz moldatuko zinateke nagusi errobot batekin? Esperimentuak egin izan dituzte eta, harrigarria bada ere, jende asko gustura aritu da lanak banatzeko orduan makina baten agindupean.

http://ttiki.com/90504
Nola aldatzen diren gauzak. Simthsonian museoko webgune honetan, bi bideo ikus daitezke: nola ekoizten ziren Crayola margoak duela 30 urte eta nola egiten diren gaur egun. (Ingelesez).

http://www.omerh.com/#0
ERO izeneko errobot honek eraikun­tzan lan egin dezake: eraikin zaharretako porlana batu, birziklatu eta, hura erabilita, eraikin berriak egiteko gauza da. (Hau ere ingelesez, barkatu).

Joxe Rojas