Haurdunaldiaren jiran

Euskal Herrian, doulak ez dira oso ezagunak. Berez, amatasunaren bidean ama izango denari laguntza emozionala emateaz arduratzen dira, dela haurdunaldian, dela erditzean, dela erditu ostean. Laguntza, babes edota sostengu emozionala, beraz, ama izateko prozesua ahalik eta onena izan dadin. Inguruotan ohikoak izan ez arren, pixkanaka ezagunagoak bilakatzen ari dira. Haatik, polemika ere sortu izan da doulen inguruan. Prestakuntza akademiko arauturik ez dute jasotzen, eta, ondorioz, osasungintzako hainbat profesionalek intrusismoa egotzi izan diete. Ika-mikak bazter utzita, baina ikuspuntu ezberdinei leku eginda, doulen zeregina ezagutu nahi izan dugu AIZU!-n, eta, horretarako, amatasunaren jiran aurkitzen diren ahotsei, protagonista nagusiei, eman diegu hitza: amei, doulei eta emaginei. Eñaut Mitxelena, M. Egimendi.

emagina

“Emaginok bete behar dugu teorian doulek egiten duten lana"

1985etik da emagin Josebe Etxeberria (Donostia, 1961). Osakide­tzan egiten du lan: 12 urte egin zituen Donostiako ospitalean, 14 Mendarokoan eta azken 3 urtean Irunen dihardu. Arlo pribatuan ere aritzen da, Donostian. “Munduko lan politena dudala iruditzen zait. Polita, baina ardura handikoa; hori ezin da ahaztu”. Hala, eskarmentuaren eta erantzukizunaren talaiatik mintzo da doulei buruz.

Osasungintza profesionalean, “emakumeen bizitza-zikloan espezialistak gara emaginok”. Jakina, “betidanik, gure lanik ezagunena erditzeena da”. Emaginek egiten baitituzte, baldin eta arazorik ez badago. Bestela, ginekologoak hartu ohi du ardura, “baina emaginok beti egoten gara emakumearekin”. Hau da, profesional ezberdinekin koordinazioan jarduten dute beti.
Emaginak emakumeari laguntza integrala ematen dioten profesionalak diren heinean, doulak ez ditu beharrezkotzat jotzen Etxeberriak: “Zein da beraien rola? Rol horiek guztiak emaginon lana dira. Guk bete behar dugu teorian doulek egiten duten lan hori ”. Une eta toki zehatzekin lotzen du doulen jatorria: “Herrialde oso konkretu batzuetan sortu izan dira doulak. Herrialde horietan, uneren batean eta arrazoi askorengatik, emaginen lana baztertu egin da. Giro horretan sortu izan dira. Emakume ba­tzuek sortua, emakumeen beharrei erantzuteko”. Alabaina, Etxeberriaren aburuz, “ez da ezer asmatu behar. Rol hori beteko dutenak badira. Profesionalen lana berreskuratu behar dugu”. Hots, “emagin gehiago izatea. Osasun publikoak bere eskaintza hobetu behar du”.
Doulak direla eta, profesionalen artean denetariko iritziak izaten direla onartu du. “Jaso ditugun berriak askotan intrusismo kontuak izan dira. Guretzat pena da, zeren emakume bati ematen zaion arreta kontu serioa da, eta gure kasuan urteetako prestakuntza eska­tzen digu. Gainera, zenbat eta gehiago jakin, orduan eta behar handiagoak ikusten ditugu. Horregatik, beti ari gara gure lana prestakun­tza gehiagorekin osatzen”.
Hain zuzen, prestakuntza behin eta berriz aipatzen du Etxeberriak. Emagin izateko, lehenik, erizaintza ikasketak bete behar dira lau urtez, eta, ondoren, hautaketa proba bat gainditu ostean, beste bi urteko prestakuntza egin. “Emakume bat errespetu handiarekin eta behar bezalako ziurtasunarekin artatzeko, lan asko egin behar da arlo guztietan, ezagu­tza zabala izateaz gain. Hori prozesu bat da, ez da bedera­tzi hilabeteko prestakuntzarekin jaso­tzen, edo mintegi batekin” dio, emaginen prestakuntza eta doulena alderatuz. Horrenbestez, eta “doulek, nola ez, nire errespetua” daukatela nabarmendu arren, “oso eremu irristakorrean sartu direla uste du.
Lanean, ez du inoiz zuzeneko harremanik izan doulekin. “Ospitalean, behin baino gehiagotan sumatu izan dut norbait bazegoela hor, atzealdean. Baina inork ez du aurpegia eman eta niregana etorri doula dela eta artatutako emakumearekin egon nahi duela esanez. Halako egoerak bizi izan ditut, alegia, norbait egotea hor sartu nahian, normalean laguna izango balitz bezala. Baina lagunak ez dira pagatzen, eta doulen lana sostengu afektiboa ematea bada...  Afektua eskuratu egiten da, ez ordaindu”.
Erditzeetan emozioak puri-purian izaten direla ondotxo daki Etxeberriak. “Erditzea da munduko gauzarik naturalena, fisiologikoena. Gure lana izaten da horretarako giro jakin bat lortzea, emakumeak benetan atera dezan ama izateko duen gaitasuna”. Hori lortzeko, “oso garrantzitsua da emakumea bere intimitatean eta behar duen ziurtasunarekin senti­tzea, eta hori jende gutxirekin lortzen da”. Hala, “babes emozionala amak aukeratzen duen pertsonarekin izango du, bikotekidearekin, edo beste emakume batekin... Baina hori beste harreman mota bat da, ez une jakin baterako egiten den kontratu gisakoa. Beste kontu bat da emakumea bakarrik egotea etxean, ez izatea inolako laguntasunik inguruan, ez eduki­tzea inoren laguntza. Dena den, kasu horretan, laguntzaile gisa jokatu beharko lukete: etxeko lanak egin; bikotea ez badago eta emakumeak zaintza berezia behar badu, hori ziurtatu... Halako kasuetan, bai. Zeren, adibidez, edoski­tzeari edo antzeko gaiei buruzko zalantzak argitzeko, badaude emaginak, edota beste bide batzuk, Esnearen Liga, esaterako”.
Doulak direla eta ez direla, polemikak sortu izan dira. Espainian, esaterako, gaia arautzeko eskatu izan dute profesionalek. Etxe­berriari ez zaio beharrezkoa iruditzen, emaginek betetzen dituztelako doulen balizko funtzioak. “Gaia garrantzitsua da gure­tzat, baina ez nuke  konfrontazio gisa agertzerik nahi, ez dudalako uste gauzak horrela egin behar direnik”. Alderantziz, gaia beste helburu baterako balia daitekeelakoan dago: “Emaginen lana eta emagin falta daukagula aldarrikatzeko”.  Era berean, doula diren “emakumeak emaginak izateko prestatzera animatuko nituzke. Horrelako sen­tsibilitatea baldin badute emakumeekiko eta gai horiekiko, emagin itzelak izango dira. Baina presta dezatela beren burua. Ongi etorriak izango dira gure arloan, emagin falta dugulako, esan bezala”.


ama

“Nolabaiteko ziurtasuna emango zidan norbait behar nuen”

Alazne Gutierrez (Santurtzi, 1982) bi mutikoren ama da. Josetek 2 urte ditu eta Unaxek 4 hilabete. Nagusia ospitalean jaio zen; bigarrena, aldiz, etxeko egongelan. Alaznek Eneka doularen lagun­tza izan zuen horretarako.

Lehenengo haurdunaldian, “senarrak ez zuen haurra etxean jaiotzea nahi, beldurra gogoa baino handiagoa izan zen” dio Gutierrezek. Bigarrena, ordea, etxean edukitzea erabaki zuen, “ez lehen erditzea txarra izan zelako, baizik eta etxean erditutako emakumeen esperientziak irakurriz jabetu egin nin­tzelako hura ez zela erditzea izan, umea ateratzea baizik”. Hori bai, haurdunaldian Osakidetzaren protokoloa jarraitu zuen, “etxe­an erditzeko ere kontrola behar delako”.
Gutierrezek, orduan, emagin talde batengana jo zuen: “Emaginak tresneria guztia ekartzen du etxera hiru aste lehenago, umea heltzerako dena prest egon dadin”. Halere, senarra ez zen etxean erditzearen oso aldekoa: “Beraz, ez nekien nola erantzungo zuen nik behar nuen babes emozionala emateko... Uste nuen emaginak laguntza teknikoa baino ez zidala emango, gero hala izan ez arren, eta ez nekien zer egin. Nolabaiteko ziurtasuna emango zidan norbait behar nuen, senarra ere lasai egon zedin”.
Horregatik jarri zen harremanetan doula batekin, eduki behar ote zuen oso argi ez bazuen ere: “Ospitalean zentzua du haren laguntzak, erditzen ari den emakumearen ahotsa izan daitekeelako, baina etxean ama bere ingurunean egonda...”. Zalantzak zalantza, azkenean ezetz erabaki zuen: "Dirua da, berez hain garestia izan ez arren, guardian ere egon behar duelako. Gainera, nik baneukan emagina hartuta, eta oso gustura geratu nintzen haiekin mintzatutakoan, konfiantza eman zidaten”.
Erditu baino bi aste lehenago, ordea, erreflexoterapia saio batera joanda, Enekak erditzen laguntzea eskaini eta onartu egin zuen, "azken momentuko beldurragatik edo”. Eskutik heldu ziezaion baino ez zuen nahi izan, ondoan egotea: “Erabakigarria izan zen haren laguntza erditzearen azken unean ere, gehiago ezin nuela uste izan nuenean. Izan ere, aurreko egunetan egoera zailak gogoratzeko eskatu zidanean, herri krosa aipatu nion, han ere une batez uste izan nuelako ezin izango nuela amaitu. Hortaz, Enekak krosa gogorarazi zidan momentu txar hartan, lortuko nuela sinetsarazteko”. Gutierrezek, batez ere, hark transmititu zizkion indarra eta konfiantza ditu gogoan.
Unax jaio ostean, baina, Gutierrezek ospitalera jo behar izan zuen, plazenta ez zelako atera: “Erditzea oso ondo joan zen, baina gero odoluste handia izan nuen”. Umea Enekak prestatu eta jantzi zuen, baina, ospitalera joan beharra gertatu ez balitz, Unax amarekin lasai utzi, guztia jaso eta garbitu, jateko zerbait prestatu, familiakoei harrera egin... horiek izango ziren haren eginkizunak.
Gutierrezek uste du doularen eta emaginaren lanak nahastu egin daitezkeela batzuetan, “baina argi dago agintzen duena emagina dela. Horrela esan zidan doulak, bera haren esanetara egongo zela. Doula ez dago erditzea gidatzeko, amari emaginaren instrukzioak jarraitzen laguntzeko baizik. Nire etxean oso ondo konpondu ziren”. Arazoa, hortaz, osasun sisteman sortzen dela dio: “Emaginak babes emozionala ere eman beharko luke, baina sistema dagoen moduan egonda hark ezin ditu aldi berean hainbat emakume artatu. Doula, aldiz, hor duzu uneoro. Oso gomendagarria izan daiteke lehen haurdunaldirako, osasun sisteman esaten dizutelako hau eta bestea egingo dizutela, baina ez zergatik eta zertarako, ez dakizu proba bat beharrezkoa den ala uko egin diezaiokezun... Horretan, doula bat oso lagungarria izan daiteke, baita erditu ondoren ere. Orduan oso sentikor zaude, eta bera profesional aditua da babes emozionalean”.
Gutierrezek ez du zalantzarik: hirugarren umea edukitzekotan, etxean jaiotzea nahiko luke. Dena den, izandako esperien­tziaren ondoren, ez du uste senarra iritzi berekoa izango denik, “eta beharrezkoa da biok ados egotea, hiru aste lehenago agiri bat sinatzeko eskatzen duelako emaginak...”.


doulak

“Doula hitza ezaguna egiten ari da, baina, beharbada, doulen rola ez hainbeste”


Doulak dira Maider Zabaleta (Irurtzun, 1975), Txispi Del Pozo (Valladolid, 1979) eta Amaia Zorokiain (Iruñea, 1979). 2009tik Zabaleta eta Del Pozo, eta 2011tik Zorokiain. Nafarroako Doulak elkarteko kide era badira.

Haurdunaldian, erditzean edo erditu ostean emakumeari konpainia emozionala ematea du zeregin doulak. Batez ere, Zabaletak dioenez, “entzuteko prest egotea, inolako juiziorik egin gabe. Aholkuak ez ditugu ematen. Emakumea nola dagoen entzun eta prozesu horretan lagundu: nola sentitzen den...”. Lagun­tza hori umea izateko prozesu osoan eskain dezakete, edota soilik sasoi jakinetan. Del Pozoren hitzetan, “kontratatuko zaituen emakumearen edo familiaren araberakoa izaten da. Zenbait emakumek beldur asko izan ditzakete haurdunaldian; beste batzuk, haurra izan ostean, gaindituak senti daitezke; lehendik haurra dutenek, erditzerakoan, baliteke norbait haurrarekin egon dadin nahi izatea...”.
Denetariko eskariak jaso ditzakete, baita doulen iritziekin bat ez datozenak ere. “Baina horiei ere gure laguntza ematen diegu” zehaztu du Zorokiainek. “Nor lagunduko dugun aukera­tzeko askatasuna badugu” gaineratu du Zabaletak. Baita alderantziz ere: zerbitzua kontratatu nahi dutenei zenbait doulekin mintzatzeko esaten diete. "Erditzea une intimo eta delikatua da, eta, beraz, feeling-a izan behar da doularen eta familiaren artean. Eta, batez ere, doularen eta emakumearen artean. Hori ere erditze aurreko saioetan lan daiteke” dio Del Pozok.
Emakumearekin ez ezik, bikotekidearekin ere landu behar izaten da harreman hori. Bikotekideak modu askotara joka baitezake doularen aurrean. Zabaletak, adibidez, denetariko kasuak bizi izan ditu: “Doula lanean izan nuen lehen elkarrizketan, emakumeak zerbitzua nahi zuen, baina bikotekideak zalantzak zituen. Azkenean, ez zen gauzatu. Baina, beste batzuetan, kontrakoa gertatzen da, eta gustura hartzen dute gure lana”. Del Pozoren ustez, “gure lanak hori ere kontuan hartu behar du: familia osoa lagundu, eta bikotekideari ere konpainia egin”. Bikotekidea aintzat hartzea ezinbestekoa da, are gehiago erditzea ailegatzen denean. Izan ere, haurra ospitalean edukiz gero, pertsona bakarrak lagun baitiezaioke ama izango denari erditzeko gelan. “Noski, askok bikotekidea aukeratzen dute. Eta doula aukeratuz gero, arazorik ez”. Dena dela, erditzean, aurretik edo ondoren, eskaria badagoela uste dute. Zabaletaren hi­tzetan, “badago eskaria, eta Gizarte Segurantzaren eskaintzarekin, adibidez, emaginekin egin beharreko hitzordu kopuruarekin, ez da nahikoa”. Del Pozo ere iritzi berekoa da: “Emakumeen eskaria baldin badago, beharra dagoelako izango da”.
Haatik, doulen rola oraindik ezezaguna delakoan daude. Zabaletak dioenez, “telebistan, irratian… erreportajeak egin dira, eta doula hi­tza ezaguna egiten ari da orain. Baina, beharbada, doulen rola ez hainbeste. Hain zuzen ere, elkartearen helburuetako bat da gure burua ezagutzera ematea”. Nafarroako Doulak elkartea 2012an sortu zuten, beste hainbat helbururekin: Nafarroako doulen arteko harremana eta elkartrukea sustatu; doulen prestakuntza bul­tzatu; osasungintzako profesionalekin harremana bultzatu; kode deontologikoa ezarri...
Hainbat helburu, beraz, doulen lana ezagutarazte aldera. Besteak beste, osasungin­tzako profesionalen artean doulekiko jarrera ezberdinak ager daitezkeelako. Elkarrizketatuek argi bereizten dituzte osasungintzako langileen eta doulen rolak, eta osasungintzako profesionalen lanean inolako eraginik ez izateko konpromisoa dute. Del Pozok dioenez, “emagina osasun langilea da. Gu ez, guk ez dugu arlo hori ukitzen; arlo emozionala besterik ez dugu lantzen.Kontuan izaten dugu erditzearen ardura emaginarena dela. Esaterako, ez dugu parte hartzen laguntzarik gabeko erditzeetan”. Baina nolakoa da batzuen eta besteen arteko harremana? Del Pozok dioenez, “denetarik izaten da. Badira emagin oso irekiak, eta beste batzuk mesfidatiak, intrusismoa egozten digutelako. Beldurragatik eta gure benetako rolaren ezagutza faltagatik izan daiteke. Nire ustez, denok gaude bando berean: haurdunaldian, erdi­tzean eta erditze ostean, emakume orok esperientzia ona izan dezan saiatu behar dugu. Horretan egin behar dugu denok lan.  Baina, azkenean, emagin bakoitzari dagokio gureganako jarrera mota. Gure kasuan, harremana dugun emaginekin ongi moldatzen gara. Baina beti informazioa ongi emanda”. Zabaletaren ustez, “elkar ezagutzeko bidea dugu egiteke. Doulen asmoak eta errealitatea ezagutarazi behar ditugu, eta ondoren helduko da hurbilketa”.
Doulen jarduna arautzeko eskariak egin izan dituzte osasun profesionalek. Esaterako, prestakuntza aipatu ohi dute, doulen formazioa ez baitago arautua. Hiru elkarrizketatuen kasuan, adibidez, bederatzi hilabeteko ikastaroa egin zuten, astebururo mintegi bana eginda. Arautzeko eskarien aurrean, hirurek azaldu dituzte zalantzak. “Arautzea nolakoa izan daitekeen jakitea da kontua” dio Zorokiainek.
Nolanahi ere, halako polemikek arreta desbideratzen dutela uste du Zabaletak, eta ez dela ahaztu behar arreta benetan non jarri behar den: “Emakumeek erabaki ahal izatea nor nahi duten alboan. Emaginak, doulak… batak ez dio besteari ezer kentzen. Gainera, azken finean, denok ari gara helburu berarekin lanean: emakumeak esperientzia hobea izan dezala”.