Garbiñe Ubedaren fikziozko lehen lana: Hobe isilik

garbiñe

Garbiñe Ubeda kazetariaren lehen eleberria da Hobe isilik, II. Mundu Gerraren amaieran Frantzian desagertutako aitonaren bila dabilen Bakartxo ilobak kontatutako istorioa. 1936ko gerran ere ibili zen Jose Bermejo miliziano anarkista, eta haren arrastoaren xerka hasten da Bakartxo. Inoiz ezagutu gabeko aitona hari idatziko balio bezala, bilaketaren gorabeherak, ezusteko aurkikuntzak eta horiek sorturiko zalantzak kontatzen ditu eleberriak; horiekin batera, familiaren historia berreraikiko du narratzaileak, baita hainbat gogoeta harilkatu ere: sekretuaz, isiltzeaz, bizitza berri bat hasteaz, zaharra ahazteaz… Ez da eleberria autobiografikoa, baina Garbiñe Ubeda Jose Bermejoren antzera desagertutako Jose Ubedaren iloba da. Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak elkarrekin antolatzen duten Augustin Zubikarai beka saria irabazi zuen 2012an nobela honen proiektuak. Dena den, Ubedak orain arte beste bi liburu ditu argitaratuak: Negu Gorriak. Ideia zabaldu tour 95 kronika (Susa, 1995) eta Mila ezker saiakera (Susa, 2009).