Bitxikeria

txakurraHegazkinean galdutako objektuak topatzeko, txakurra onena

Gizakiaren lagunik onena omen da txakurra. Baita hegazkin bidaiariena ere, KLM hegazkin konpainiak abian jarritako ekimenari erreparatuz gero, bederen. Izan ere, Amsterdameko Schiphol aireportuan, txakur bat baliatzen hasi da konpainia hegazkinetan galdutako objektuak berreskuratzeko. Eta, antza denez, emaitzak arras onak izaten ari dira: galdutako gauzen % 80 baino gehiago denbora gutxian topatu dituzte. Lost&Found izeneko zerbitzu pilotuari dagokio arrakasta, hegazkinetan agertzen diren objektu galduak euren jabeei ahalik eta azkarren itzulĀ­tzeko asmoz sortua. Besteak beste, Sherlock izeneko txakurra baliatzen dute zerbitzu horretan. Galduriko objektua usaindu eta aireportuan bertan abiatu ohi da txakurra jabearen bila, aireportutik irten baino lehen topatzeko asmoz. Nolanahi ere, gainontzeko taldekideen lanak ere badu zerikusia: bidaiarien datuak (eserleku-zenbakia, telefono-zenbakia, sare sozialetan topa daitezkeen datuak...) kontuan hartuta, objektuen jabeak aireportuan lehenbailehen aurkitzen saiatzen dira. Hortaz, hain emaitza onen meritua ez da Sherlockena bakarrik.