Euskara

gurutzegramaHitzekin lehian, Ibon Zaldua garaile

Ibon Zaldua donostiarrak irabazi du Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VIII. Txapelketa, iaz lorturiko txapela bigarrengoz eskuratuta. Luma hitz-jokoen aldizkariak antolatzen duen lehiaketa urriaren 11n burutu zen Irunen, inoizko parte-hartzaile kopuru handienarekin. Orotara, Euskal Herriko lurralde guztietako 40 lagunek hartu zuten parte. Jakina, horien guztien artean lau besterik ez ziren iragan final handira. Azken proba jendaurrean egin ostean, Ibon Zaldua izan zen garailea. Jarraian, Antton Fernandez urretxuarra sailkatu zen; hirugarren, AIZU!-ko kolaboratzaile Aitor Fernandez de Martikorena getxotarra; eta laugarren, Beñat Muguruza irundarra. Lehiaketa goizean jokatu bazen ere, eguna luze joan zen. Hala, lehiaren ostean, bazkari eta bazkalondo apartak gozatu zituzten bertaratutakoek, jai giroan eta musika lagun. Izan ere, txapelketa izan arren, “euskal hitz-jokozaleen topagune eta jai bihurtua da gaurgero hitzordua, Lumako kide Iñaki Agirresarobek nabarmendu duenez.