Ondarea

komikiguneaKomikigunea, komikiaren aterpe

Komikigile, zale eta ikertzaileen bilgune izateko asmoz, Komikigunea zabaldu berri du Gipuzkoako Foru Aldundiak Donostiako Errege-Erregina Katolikoen kalean, Koldo Mitxelena Kulturunetik gertu. Komikiak, fanzineak, ikerketak, pulp aldizkariak, jatorrizko marrazkiak, grabazioak... mota guztietako agiriak biltzen ditu. Orotara, 30.000 inguru, horietatik 13.000 pasatxo katalogatuak. Tartean, gutxi izanik ere, euskarazko 128 lan dituzte: Txistu, Poxpolin, Pan pin, Ipurbeltz, Napartheid... Horiek guztiak ikertzaile eta zaleen eskura paratu dituzte Komikigunean. Bi solairutan banatua dago gunea: batean, dokumentuen biltegia dago, agiri historikoekin zein 2000. urtea baino lehen argitaratutako komikiekin osotua; bestea,  kontsultarako gunea izango da. Beraz, komikiari loturiko dokumentuak kontsultatu ahal izango dituzte erabiltzaileek, esaterako, entziklopediak, liburuak edota hiztegiak. Komikiguneko dokumentuak ezin dira maileguan hartu (Koldo Mitxelena Kulturuneak badu komikien mailegu zerbitzua). Ikertzaileen kasuan, materiala aldez aurretik eskatu behar dute, bertaratzen direnerako dena prest izan dezaten. Luis Gasca (Donostia, 1933) editore eta komikizalearen funtsa du oinarri Komikiguneak. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2004an erosi zion, eta ordutik bestelako funts eta agiriekin osatu du. Hemendik aurrera, erabiltzaile ororen esku egonen da.