Nafarroa

D eredua sare publiko osora zabaltzeko bidea hasi dute

Euskararen Legea aldatzeko proposamena eginda, PSN, Geroa Bai eta Ezkerra alderdiek urratsa eman dute Nafarroako eremu ez-euskaldunean euskarazko irakaskuntza ahalbidetzeko. Hiru alderdi horiek adostu dute proposamena, eta Bildu zein Aralar-NaBairen babesa izango dute, azken biek urrats gehiagoren beharra nabarmendu duten arren. Proposamenaren arabera, Euskararen Legearen 26. artikulua aldatuko dute, alegia, eremu ez-euskaldunean euskararen irakaskuntza nolakoa izango den zehazten duena. Proposamena onartuko balitz, Nafarroako Gobernuak eskariaren araberako eskaintza bermatu beharko luke eremu ez-euskaldunean. Alabaina, eskariak zenbatekoa izan behar duen ez dute zehaztu proposamenean, hortaz, proposamenak aurrera eginez gero, Nafarroako Gobernuak erabakiko du gutxieneko langa non ipini. Oraingoz, lehen urratsa besterik ez du egin proposamenak, eta, euskaraz bizi ahal izateko eskubidea bermatzeko nahikoa ez bada ere, aurrerapausoa da. Batik bat, UPNren gobernuek euskararekiko orain artean erakutsitako jarrera ikusita... Hain zuzen ere, UPN eta PP alderdiak proposamenaren aurka agertu dira.