Teknologia

patineteaPatin hegalaria gauzatze bidean?

Back to the Future Part II filmean (Robert Zemeckis, 1989) agerturiko tramankulu bitxi bat, patin hegalaria, errealitate bilaka daiteke aurki. Filmeko une jakin batean, Marty McFly protagonistak (Michael J. Fox aktoreak gorpuztua) patin hegalaria baliatzen zuen. Hots, gurpilik gabeko patina zen, lurraren edo bestelako zoruen gainean lebitatzen zuena. Bada, patin berezi hura oinazpian erabil­tzea amesten zutenek baliteke laster aukera izatea. Izan ere, AEBetako Arx Pax enpresak lebitatzen duen skate taula sortu baitu: Hendo. Jakina, ez da filmeko patin bera, baina bai bertsua: ohiko skate taulak baino zabalagoa da, eta indar magnetikoak baliatuz egiten du “hegan”. Hori bai, ezaugarri magnetiko horiek baliatzeko, zoru jakin batzuen gainean erabili behar da patina derrigor. Orain, proiektua gauzatzeko diru-laguntzen bila dabil enpresa. Zehazki, 250.000 dolar behar dituzte, eta, horretarako, kanpaina abiarazi dute KickStarter atarian (www.kickstarter.com). Lehenago ere entzun izan dira patin hegalariei buruzko albisteak, denak ere faltsuak: gehienetan, Internet bidez ziztu bizian hedaturiko adarjotzeak izan dira. Hendoren kasuan, baina, ezin hori esan. Ez, behintzat, KickStarter webgunean begiratuz gero. Dagoeneko 250.000 dolar baino gehiago bildu dituzte, kanpaina amaitzeko egun dezente falta diren arren. Proiektuak aurrera egiten badu, datorren urteko urrian merkaturatuko dituzte lehen patin hegalariak. Halere, ezingo du edozeinek eskuratu, 10.000 bat dolarrean salduko baita.