Errigoraren udazkeneko kanpaina abian da

errigoraElikadura burujabetzan urratsak egin eta euskarari hauspoa ematea helburu dituen Errigora ekimenak aurrera darrai. Hala, Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka izeneko udazkeneko kanpaina abian da berriro ere. Zazpiak Bat Harreman Sareak, AEK-k, Ikastolen Elkarteak eta Sortzen-ek bultzaturiko ekimenak orain arteko ildoari eutsiko dio. Hau da, auzolana oinarri, Nafarroako hegoaldeko produktuak Euskal Herriaren luze zabalean banatuko dira, bide batez eremu hartako euskalgintzari bultzada emanda. Horretarako, saskien salmentarekin lortutako diruaren % 25 honako egitasmo hauetara bideratuko da aurten: Erriberako ikastoletara, Erriberako AEKra eta Euskaraz bizi eta ikasi herri ekimenaren Hamarratz proiektura. Saskien prezioa 50 eurokoa izango da, eta hamar ekoizleren produktuek osatuko dituzte: 2 botila olio (bata ekologikoa), 2 poto piper, potxak, kardoa, mahats zuku ekologikoa, orburuak, 2 lata zainzuri, tomate saltsa ekologikoa, barazki krema ekologikoa, pikillozko marmelada ekologikoa eta botila bat ardo beltz (ekologikoa). Eskaerak jasotzeko epea azaroaren 12an amaituko da, eta banaketa hilaren 17tik 30era egingo dute. Hala eskaerak nola saskiak hainbat lekutan egin eta jaso ahal izango dira, tartean, AEKren hainbat euskaltegitan. Eskariak egiteko epea zabalik da, beraz, ez itxaron gehiago eta segi zuen saskia eskatzera. Iaz, 8.000 saskitik gora banatu ziren, eta 112.000 euro lortu Nafarroako hegoaldeko euskalgintzarako. Ea aurten kopuru hori gainditzen den!