Orain ehuneko ehunean naiz ni

Libe, musikaria

Dela teklatua joz, dela koroak eginez hainbat taldetan parte hartu ostean, bere lehen bakarkako lana kaleratu du Libe Garcia de Cortazarrek: Ihesaldi handia (Bonberenea Ekintzak). 1981ean Bilbon jaioa, Gasteizen bizi da txikitatik, eta gasteiztartzat du bere burua.  Neubat taldean hasi zuen musika ibilia, eta Sorkunekin eta Ekon taldearekin ere aritu izan da. Izaki Gardenak taldeko kide ere bada. Denbora luzez landu ostean kaleratu du Ihesaldi handia, eta zuzenean aurkezten dabil egun.

Ihesaldi handia. Nondik eta nora?
Ihesaldi handia, ihes egiteko modu bat bezala. Norbere egoeraren arabera, non aurkitzen zaren, argitik iluntasunera edo iluntasunetik argira. Diskoaren izenari dagokionez, Ihesaldi handia itotzen zaituenari aurre egiteko, urpetik ateratzen saiatuz.

Zerk eragiten dizu ihes egiteko beharra?
Gauza desberdin askok estutzen naute, baina, ihes egin beharrean, aurre egiten saiatzen naiz. Diskoak berak estutasun handiak pasarazi dizkigu. Hala ere, behin eskuan edukita, konturatzen zara guztiak merezi izan duela. Lanak bere ordaina dauka beti.

Hainbat taldetan parte hartu eta gero zeure bideari ekiteko beharra al zenuen?
Bai, betidanik erraietan neukana azalarazi nahi izan dut, eta orain egiteko aukera izan dut. Bestalde, oso polita da talde batean parte hartzea, nire kasuan koroak abesten edo teklatuak joz, baina neure abestiak egiteak betetzen nau zeharo. Orain ehuneko ehunean naiz ni.
Diskoko abestiak bezain ilun eta malenkoniatsua al da Libe?
Derrigor onartu behar dut oso muturreko jarrerak ditudala. Hau da, gaizki nagoenean, oso gaizki egoten naiz, eta disko honetan oso ondo islatzen da nola senti­tzen nintzen abestiak garatzeko momentuan. Dena den, ondo egon banintz ere, ziur aski malenkonia puntu bat izango zukeen diskoak, joera hori daukat eta.

Euskaldun berria izanik, zer moduz moldatu zara diskoaren sortze prozesuan?
Apustu arriskutsua da, eta, batez ere elkarrizketak egitean, oso zaila egiten zait diskoaren prozesua edota nire sentimenduak esplikatzea. Dena den, hasieratik eduki nuen argi euskaraz egin nahi nuela. Gainera, ez nuen ikusten nire burua beste hizkuntza batean abesten, eta orain badakit asmatu dudala. Lortu dut euskaraz ulertu, hitz egin eta disko bat egitea… Oso kontent nago nire buruarekin. Bidaia honetan, Jon Basaguren oso garrantzitsua izan da, bai hitzetan laguntzen, bai bere hitzak egiten ere.

Oraindik urduri jartzen al zara oholtzara igo aurretik?
Bai, urduritasuna beti agertzen da kon­tzertuaren egunean, baina urduritasun polita da, maitemintzen hasten zarenean bezalakoa: tximeletak sabelean.

Zergatik ateratzen zara oinutsik eszenatokira?
Niregatik balitz, oinutsik ibiliko nintzateke kalean. Oso erosoa da eta aske senti­tzen naiz, baina eszenatoki batzuetan ez da oso aproposa, mikroak karranpak eman ditzakeelako.

Di-da batean
Zerk alaitzen dizu eguna? Loba ikusteak.
Eta tristatu? Euriak.
Zerk eragiten dizu barrea? Txus gure gitarristak kontatzen dituen istorioek.
Eta negarra? Ezin nauenean loak hartu.
Zerk haserrarazten zaitu? Dutxa hartzean, ur berorik gabe geratzeak.
Zerk ateratzen zaitu zeure onetik? Tabakoaren keak.
Bizio bat: Txokolatea.
Musika talde bat: The Beatles.
Musikari edo abeslari bat: Tina Turner.
Abesti bat: Nine Inch Nails-en Hurt.

Eñaut Mitxelena