Baimenduko al zenuke Bizkaiko golkoan petrolioa bilatzea?

ikamika

Petrolioa egon daitekeelakoan, Bizkaiko golkoan hidrokarburoak bilatzeko baimena eskatu diote bi enpresek Espainiako Gobernuari, berak baitu halako erabakiak hartzeko eskumena. Euskal kostaldearen parean egin nahi dituzte zundaketak, itsaso sakonean, Bermeotik 60 kilometro ingurura. Gainera, beste egitasmo bat ere martxan da, eta ikerketa zundaketak egiten hastekotan dira Bizkaiko kostaldetik are gertuago. Polemika sortzen dute zundaketek. Hainbat talde ekologistak askotan salatu dute ingurumenean kalte larria eragin dezaketela. Beste batzuek, ordea, etekin ekonomikoa argudiatzen dute. Zer iruditzen zaizkizue halako ekimenak, kaltegarriak ala mesedegarriak? Beharrezkoak al dira?
Bermeoko AEK-ko arratsaldeko 2. mailako taldea.

1. Otsanda

Ingurumen Ministerioak emandako baimenek oraindik bestelako izapideak dituzte aurretik. Kontuak luze jo dezake, eta litekeena da ezerezean gera­tzea ere.

2. David

Nire ustez, herritarrok ez dugu etekinik ikusiko, ingurumenean kalte larriak baizik. Herritarrok etekinak ikusteko, hidrokarburoen kontrola hartu beharko genuke.
3. Leire

Ez da batere justua gure herriaren ondoan egitea zundaketak, nahikoa daukagu Gaviota plataforman egindako zuloarekin. Zundaketa berriek arriskua handiagotzen dute. Urdaibaiko Biosferako Erreserban egingo dira prospekzioak eta hori oso kezkagarria da.
4. Miren

Ez dakit ingurumenarentzat kaltegarriak izango diren ala ez; dakidan bakarra da herritarrontzat ez dutela inongo mesederik ekarriko. Beti bezala, gutxi batzuk, eta gainera betikoak, izango dira aberastuko diren bakarrak.
5. Elias

Gure herria arrantzatik bizi izan da urte askotan, eta honelako gauzek ez diote batere onik ekartzen arrantza munduari. Uren kalitatea bermatu beharko dute zundaketak egin nahi dituztenek, bestela arrain barik geratuko da gure kostaldea.
6. Lukene

Ez dit inolako kezkarik sortarazten, gaur egun daukagun teknologiarekin ez du zertan ezer gertatu. Ekologistek beti ikusten dute gauza guztien alde negatiboa. Gaviotak dirua ekarri zuen moduan, hemendik ere etekina atera dezakegu ingurukook, behintzat lanpostuak sortuko dira.