Hego Uribetik dator notizia

Basaurin sortutako euskara hutsezko Geuria hilabetekari eta webgunea martxan dago. Txomin Larrinaga.

Hego Uribe eskualdeko (Bizkaia) euskaldunak pozik egoteko moduan dira. Izan ere, hemendik aurrera, Basauri, Arrigorriaga, Etxe­barri, Galdakao eta Zaratamoko euskaldunek doako paperezko hilabetekaria eta webgunea  (www.geuria.net) izango baitituzte eskuragarri euskara hutsean. Gertu-gertuko albisteen berri izango dute, eta, besteak beste, herrietako albisteak,  kolaboratzaileen iritziak, gutunak, hemeroteka  eta agenda aurkitu ahal izango dituzte. Guzti-guztiek, gainera, zuzeneko lotura izango dute eskualdearekin. Gurutzegramek ere, esate baterako, bertako herriekin zerikusia izango dute.
Basauriko Euskara Aholku batzordean sortutako proiektua da Geuria, eta Basauriko Udalaren eta aipatu batzordeko kideen babesarekin jaio da. Kideon artean, eremu ezberdinetako hainbat elkarte daude, besteak beste,  hezkuntza, kirola, kultura eta euskararen esparruetakoak. “Duela hiru urte hasi ginen proiektuari bueltak ematen. Horretarako, bilerak egin genituen herriko hainbat elkarte  eta norbanakorekin azaldu du Geuria  komunikabide taldearen zuzendari Jon Villapunek (Basauri, 1984). “Bilera askoren ostean, hutsune bat zegoela sumatu genuen, baina orain herritarrek esan beharko dute hutsune hori sentitzen duten ala ez. Badirudi hala ikusten dutela, beraz, konpromisoa hartu dute hedabide berrian parte hartu eta berau erabiltzeko” gaineratu du.
Hilabetekariak hamabi orri izango ditu, lau ataletan banatuta: Herriak, Iritzia, Agenda eta Aisia. Hasiera baten, 10.000 ale banatuko dituzte hilero, eta bost herrietako udaletxeetan ipiniko dituzte eskuragarri. Hala ere, Basaurin jaiotako proiektua denez, bertatik zabalduko da beste herrietara, eta hor banatuko dituzte ale gehien. Horren lekuko, Basauriko kultur etxean, eskoletan, euskaltegietan eta leku publikoetan ere jaso ahal izango da. Aurrerago, badute asmoa doako harpidetza bidezko banaketa ere egiteko.
Herritarren parte hartzea
Langile bik osatzen dute proiektuaren zutabe nagusia, baina kolaboratzaile eta  eskualdeko euskaldunen partaidetza eta ekarpenak ere ezinbestekoak dira Villapunentzat. “Langileen lana funtsezkoa da hedabideari jarraitutasuna eta sendotasuna emateko, baina denon arteko bileretan sortutako gai-zerrendek izan behar dute komunikabidearen arima. Langileon esku dago egunerokoan jardutea, baina, era berean, guztion laguntza behar izango da luzaroan irauteko”.  Hilean behin egingo dituzte erredakzio bilerok, eta, kolaboratzaileez gain, zerbait esateko duten herritarrek ere zabalik izango dituzte ateak proposamenak egin ahal izateko. “Iritzi eta ekarpen ezberdinak plazaratuta, hedabide aberatsagoa izango dugu eskuartean”. Aurreneko bileretara herritar dezente gerturatu da, eta kolaboratzaileen zerrenda ere finkatuta dago. Azken horiek konpromisoa hartu dute gutxienez urtebetez izateko Geuriako kolaboratzaile.  Era berean, batzarretara joan ez diren herritarren iritziak jaso ahal izateko, ohiko bideak ipini dituzte martxan: helbide elektronikoa (E-mail hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta izatea behar duzu hau ikusteko. ) eta telefono-zenbakia (94 440 66 92), baita Facebook eta Twitter kontuak ere.
Hego Uribeko euskaldunak
“Eskualde hau ez da oso euskalduna, eta ez da erraza izan euskara hutsezko komunikabide berri baten proiektua aurrera ateratzea. Euskalduntze prozesuak bere erritmoa dauka hemen, eta Geuriak, agian, lagunduko du horretan” zehaztu du zuzendariak. Euskara hutsean argitaratzea Aholku batzordeko kide guztien artean hartutako erabakia izan da, Geuriaren irakurle bihur daitezkeenen kopurua mugatu badu ere. Eskualdeko euskaldunak  proiektura erakarri nahi dituzte, eta, horretarako, kontuan edukiko dute Hego Uribeko  euskal  hiztunen profila.  Datuen arabera, horietako asko gazteak dira, hortaz,haiengana zuzendu beharko dira. “Eduki asko gazteei begirakoak dira, baina horrek ez du esan nahi eurentzako komunikabide bat denik” azpimarratu du Villapunek .
Azken batean, gertu-gertuko tresna izan behar du Geuriak euskaldunentzat. “Auzotarrek erabili behar duten heinean, gure ustez erakargarria eta kalitatezkoa izan behar du. Ideia horrekin, zuzenean jo nahi dugu Hego Uribeko euskaldunengana”. Helburu hori lortzeko, eskualdeko euskaldunen datu basea egingo dute. Interesa dutenek izen-abizenak, etxeko helbidea eta telefono-zenbakia bidali beharko dituzte; hala, horiei zuzenean bidaliko zaie aldizkaria etxera. Egindako aurrekontuarekin, hori horrela egin dezakete. Komunikabidea haziz badoa, harpidetzarena nola egin aztertu beharko dute.
Oraingoz, aldizkaria egitearekin nahikoa lan badutenez, eduki bera izango dute webguneak eta hilabetekariak. Horrela, aurrerago ikusiko dute bide beretik segi ala ez. “Oreka mantendu nahi dugu bien artean, eta biei eman garrantzia. Askok uste du paperezko euskarria9 ez dela beharrezkoa egun, baina ez gatoz bat iritzi horrekin. Gure ustetan, oraindik beharrezkoak dira paperean argitaratzen duten komunikabideak, eta Geuriak, behinik behin, horrela jarraituko du”.